Teknologia albisteak
24

Zaila egiten zaigu udako ordutegiak euskaraz zuzen idaztea

Erabiltzailearen aurpegia
Goio Arana
2010-08-12 : 12:08

Onartu beharra dugu: kosta egin zaigu oporretako ordutegien oharrak euskaraz akats barik idaztea. Akaso urteetan jarri izan dugulako "Cerrado del 1 al 31 de agosto" eta listo, baina, gaur gaurkoz, euskaraz hasten garenean, gehienetan, nahastu eta akatsak egiten ditugu.


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana

Eguneraketa, Sustatuk, 16.45: Bizkaiko Foru Aldundiak gaur iragarritako Gaztebizz webgune berrian ere ez dakite datarik jartzen:


Argazkiak.org | Datak oker Gaztebizz webgunean © cc-by-sa: sustatu

Arrasateko erdialdean zehar egindako ordu erdi eskaseko ibilaldian hurrengo argazki sorta bildu dut. Dendetako ohar gehienek akats bat edo beste zeukaten: deklinazio okerrak, behar ez diren komatxoak, marratxoak traban, zentzurik gabeko hutsuneak, puntuak gaizki jarrita... denetariko txikikeriak aurki daitezke irudiotan.


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegiak © cc-by-sa: goioarana


Argazkiak.org | Oporretako ordutegia © cc-by-sa: goioarana

Hala ere, argi dut: nahiago dut, akats eta guzti, argazkietako ohar horiek guztiak, zuzen idatzita, baina gaztelera hutsean ikusi ditudanak baino!

Erantzunak

Mikel Haranburu
2010-08-12 : 12:37

Denok egin ohi ditugu akatsak, e? ('zentsurik gabeko hutsuneak'). Inoiz ausartuko ahal gara gure analfabetismoa sendatzera?

Sustatu
2010-08-12 : 12:50

Bai, denok egiten ditugu akatsak. Eta hemen agertzen direnak ñimiñoak dira, ortotipografikoak nagusiki. Goio Arana kolaboratzaileak hau proposatu zionean Sustaturi, mezua bidali zigun zalantzarekin:



Idatzi dut post-a, baina, ez dakik nola tratatu daitekeen gai hau desmobilizatzailea ez dadin izan...

Lehenago ere azaldu da kezka hori Sustatun. Anjel Lertxundik idatzi zuen, euskaraz horrela saiatzen direnak, okerrak nabarmentzean, Akuilatu ordez ez ditugu etsiko?



Karlott
2010-08-12 : 12:56



Gara egunkariak euskaraz gauza gutxi agertzen du. Horietako bat, data: "2010ko abuztuaren 12a", urtarriletik hasita. Bi mila eta HAMARKO abuztua, beraz.

Hobe iruzkinik ez egitea.

assar
2010-08-12 : 13:01

Ondarrun ikusi nuen kartel hau polita iruditu zitzaidan.


Argazkiak.org | Bideokluba Ondarru © cc-by-sa: assar

Goio Arana
2010-08-12 : 13:27

Arrazoi duzu Mikel Haranburu (#1): denok egiten ditugu akatsak. Nik, por tzierto, handiak eta askotan! Eskatu diet Sustatuko editoreei “zentzua” zuzentzea. Mila esker!



Artikulua eta bertan ikusten diren irudiak, gurea dagoen errealitate baten konstatazioa da, besterik ez.

eneko
2010-08-12 : 13:29

Nik egia esan gauzak nahiko argi ditut eta iruditzen zait orokorrean sustatun ematen zaion trataera egokienadela hau da:
- Marka handiei atentzioa nabarmen deitu behar zaie: baliabideak dituzte akatsik ez egiteko eta egiten dituztenean atentzioa deitu behar zaie:
- Post honetako adibideekin: erakutsi behar dira jendeak ikas dezan akatsak egon badaudela. Hau ikustean euskararekiko sentsibilitatea duenak hurrengoan egoki egiten saiatuko da (gainera soilik herriaren erreferentzia egiten da, zaila da denda zehatza zein den jakitea herritik bila aritzen ez bazara behintzat) eta euskararekiko sentsibilitaterik ez duenak ez dut uste sustatu ikusteko denborarik hartuko duenik.


Beraz nahiko argi, baliabide handiak dituztenei kaña, beste hainbat gauzatan inberitzen duten bezala (koloreak, diseinua, kokapena...) euskaran ere pentsa dezaten eta txikiei erakutsi zer dagoen gaizki hurrengoan saia daitezen egokiago egiten.


tira eta laguntza pixkat ematearren bi helbide:
Euskaltzaindiaren arauak


EHUren zalantzak argitzeko zerbitzua


eta Donostiako Patronatuaren zerbitzua (itzulpen zerbitzua soilik donostiarrentzat da, baina zalantzena... horretan datu gehiegirik ez dute eskatzen ;-)


Bittor Hidalgo - Donostia
2010-08-12 : 14:13

Eta zer?



Ba, zorion ezin beroagoak (nik ere) txartel horiek guztiak euskaraz egin dituztenei, euskaldun bihotzekookin bat egiteko gogoz egin dituztenei.



Edota, txartel sinple horiek egiten ausartzeko, aldez aurretik eskatu behar al diegu dendari guztiei irakurtzeko, buruz ikasi eta gainera bere kasurako ongi interpretatzen ikasteko, Euskaltzaindiak 1995ean erabakiak (orain 15 urte eskas -zer da hori hizkuntza baten, komunitate baten bizitzan?; areago, hizkuntza minorizatu eta komunitate gutxietsi eta galtzorian dagoen batean?-), edo 2004an (orain 6 urte baino ez) Jose Ramon Zubimendi batek, delako "Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko Aholku Batzorde" baten izenean, Eusko Jaurlaritzaren delako EIMA, Euskal Materialgintza programa baten barruan argitaraturiko ORTOTIPOGRAFIA, delako "Ikasmaterialen Aholku Batzorde" baten, Estilo-liburuaren lehen atal batean proposatutakoa, Euskaltzaindiak bere oniritzia bai ematen diona ("[Euskaltzaindiko] Jagon Saileko Corpus batzordeak egoki eta taxuzkoa deritzo Ortotipografia lan horri, eta oniritzia eman dio."), baina aldi berean Euskaltzaindiak berak bere burua erabat libratuz alor honetan aurrerago erabaki ditzakeenetatik ("Oniritzi honek ez ditu ez murriztuko eta ez baldintzatuko Euskaltzaindiak gerora alor horretan erabaki ditzakeenak.").



Ba nire aldetik, zorion beroenak, hori guztia deszifratu gabe ere, txartelak euskaraz ipinten ausartzen diren guztientzat. EGA eduki gabe ere, euskaraz egiten dugun guztiontzat. Eta baita ere, EGA eduki arren, euskaraz egiten dugunontzat.



Ondo dago hizkuntza gauzak batzeko bideak jartzea, eta horietan sakontzea. Baina gure herriaren hiltzoriko egoeran maiz hori baino askoz garrantzi handiagokoa da gero eta jende gehiago bidean abiatzea, nahiz artean modu ez-batuan izan, eta batez ere, zuzentasunaren inkisizioa egun osoan buru gainean eduki gabe.



Nire ustea da gaur egun euskaldun "berri" eta "zahar" asko, beldurtuta ditugula euskaraz zernahi egiteko. Beti gaizki egingo dutelako susmopean, Damoklesen ezpata ahozorrotz lepo eta zama moztaileen pean.



Gora ausartak! Egiten dutenak. Egiten ausartzen direnak. Eginez baino ezin ikasi daiteke hobeto egiten. Ez kanpoptik denak zaunka dauzkagunean gaizki egiten dugulako, denak sagarrak bezala MATXAKATUAZ.



Barkatu gaizki esanak



Ondo izan



Bittor

Sustatu
2010-08-12 : 18:47

Goioren testuan zuzendu dugu oker zegoen zentsua. Bide batez esku sartu diogu artikuluaren sarrerari, aurkitu dugun harrabitxia komentatzeko.


Izan ere, zera agertu zaigu gaur begi aurrean, data okerren beste adibide bat. Bizkaiko Foru Aldundiak gaur jarri du martxan gazteentzako web zerbitzua omen dena, Gaztebizz delakoa, eta bistan da datekin ez direla asko aklaratzen. Halaxe ageri zaigu, Bilboko Aste Nagusiarena: 21-tik 2010-ren Abustua-ren 29-ra



Argazkiak.org | Datak oker Gaztebizz webgunean © cc-by-sa: sustatu


Hilabete batetik bestera hartzen duen gertaera akaso hobeto azaltzen zaigu? Abustua-ren 12-tik 2010-ren Iraila-ren 05-ra



Argazkiak.org | Datak Gaztebizz webgune berrian © cc-by-sa: sustatu


errepika
2010-08-12 : 22:42

Zenbakiak eta datak (eta beste gauza asko) errepikatzearen hori, ez ote da nahikoa behin eta euskaraz esanda?

sindromea
2010-08-12 : 22:47

Ohituta gaude, baina Kataluinan egun batzuk pasa ondoren, halako afitxak ikusi eta gurean "errepikatzailearen sindromea" barruraino sartuta dugula konturatzen zara. Gutxien-gutxienez edonork ulertzeko modukoak diren datak eta zenbakiak euskara hutsez esanda ez ote da nahikoa?

Sustatu
2010-08-13 : 11:41

Karlottek dioena (#3), Garak data oker ematen duela, 2010ko abuztua non eta 2010eko abuztua tokatzen den, izan daiteke programazio informatiko desegokiaren ondorioa, datak sistemaren barne-erloju propiotik eraikitzeko moduak egiten baitituzte aplikazio informatikoek gaur egunean.


Noski, ondo ere programatu daiteke data euskaraz zuzen azaltzeko. 2010ko/2010eko auzi honi buruz informatu genuen Sustatun, hain zuzen ere.


Bestalde, Gara-ren barne sistemetan euskarazko aplikazioak badarabiltzatela ematen du. Beren webguneko albiste honetan, gaztelaniaz izan arren, euskarazko terminoak sartu zitzaizkien (Tartekia / Lehenengo paragrafoa / Gainerako paragrafoak), txantiloien sistema informatikotik nahigabean itsatsita seguruenik.


Martin Rezola
2010-08-13 : 11:48

Bat nator Goiok eta gainerako iruzkingileek agertu duten iritziekin.


Hemengo hau gaur goizean topatu dut Gasteizen, Principal antzokitik ez oso urruti.



Argazkiak.org | tik hainbat euro © cc-by-sa: sustatu


Stradivarius dendaren erakusleihoa da eta besterik ez dauka, euskarazkoa soil-soilik. Akatsak akats, uste dut txalotzekoa dela, nahiz eta, euskarari mesede egiten diolakoan, “zuzentzaile” batek bere arrastoa utzi nahi izan duen.


Sustatu
2010-08-13 : 11:54

Eskerrik asko ekarpenagatik Martin (#12). Stradivariusko kartelaren antzekoari erreparatu genion Zara denda batean Masai Ikastaroan duela hilabete batzuk. Hango apal batzuetan dena an 5.99 zegoen, eta Stradivariusen soinekoak tik 5.99 nonbait.



Argazkiak.org | DENA AN © cc-by-sa: sustatu


Mikel Haranburu
2010-08-13 : 11:57

Hiru gauza; lehena: akatsak aipatzea ez da horiek nabarmentzea, baina artikulu horretan gaia horixe zen: datak agertzeko ezjakintasuna. Nire erantzunean, garrantzitsuena galdera zen: inoiz egingo al dugu aitzina eta denboratxo bat dedikatuko ikastera? Ez dut uste asko eskatzea denik, Bigarrena: desmobilizatzailea? Administrazioari 25 urtez zer egin ez duen aurpegiratzen badiogu, zergatik ez diegu auzakideei 25 urteko alferkeria aurpegiratu behar, Euskarari dagokionez?

Hirugarrena: Euskaraz, ados; zeinen gaizki ari garen. Alabaina, ez uste izan Gaztelaniaz (gure ondokoa?) hobeki egiten dugunik. Eta inork ere ez du pentsatuko gaztelaniazko akatsak agertaraztea Gaztelaniari kalte egiten dionik... Zuzen idaztea, eta, horretarako, ikastea, idazten duenaren lana da, ez bakarrik Euskaraz.

Juan Vélez
2010-08-13 : 12:44

Mesede gutxi egiten diogu hizkuntzari lehentasuna hizkuntza hautaketak izaten badu eta gainontzeko gauza guztiak bost axola bazaigu. Hau da, akatsak denok egiten ditugula argi dago, halere nire uste apalean kanpora begira idazten dugunean beti izan behar dugu begirune edo denbora hartze bat ahalik eta zuzenen egiteko.

Ni ere euskaldun berria naiz eta niretzako euskara ikastea bide neketsua izan da kanpotarra naizelako. Hori bai, kriston akatsak egiten ditut oraindik, baina zerbait idazten dudanean beste bati, nik baino gehiago dakien bati, galdetzen diot.

Bestalde, eta gai sakon bezain mingarri sartuko dut eztabaida honetan, orohar euskaldunen artean minorizatuen konplexua areagotzen den diglosia egoera horrela ez dugu inoiz gaindituko. Esan nahi dudana da ongi dagoela euskara hautatzea eta auskalo zeintzun diren erabaki hori hartzeko izandako arrazoiak, bainak horrek ez du esan nahi edozein gauzak balio duenik. Bestela ezer gutxirekin konformatzen garen susmoa dut.

Beti ere kontuan hartu behar dugu eztabaidatzen ari garena dela nola idatzi euskaraz ordutegi bat, ez tesi bat edo liburu zientifiko bat.

Nire ustez primerakoa da euskara hautatzea, baina ez legoke gaizki izanen bigarren pausu bat egitea, hots, ahalik eta hobekien idaztea. Denbora eta intentzio kontua besterik ez da. Animo dendari anonimo guztiei!!!!

Goio Arana
2010-08-13 : 13:54

Irakurtzen dute Sustatu udaletako euskara teknikariek? eta euskara taldeko eragileek? eta Jaurlaritzako eta Diputazioetako teknikariek? seguru baietz. Ba,hona hemen proposamen bat.



Nire ustetan, ordutegien eta oharren kontu honekin badago nahiko motibo kanpaina zehatz bat zuzentzeko denda eta komertzioak dutenei: txantiloiak banatu, aurrez aurreko azalpenak eman, beraiekin batera zalantzak argitu, akatsak zuzentzen lagundu, alegia, bidea erraztu.



Akaso, halako kanpainak egin izan dira aurretik ere, baina begi bistakoa da, oraindik, premia egon badagoela.



Ziur nago, dendariek eskertuko luketela laguntza, eta bezeroak ere bai.

Pedro
2010-08-13 : 14:34

Ados, mezuarekin. Hobe "Abustua 1-tik 31 era itxita" jartzea, oharra gaztelera hutsez jartzea baino. Baina, bestalde, arrazoia du Sindromeak(#10), oso nekegarria da halako mezu motzak behin eta berriro errepikatuta irakurri behar izatea!, are gehiago, gazteleraz normalean ondo idatzita egoten direnean eta, aldiz, euskaraz, gaizki jarrita daudenean.



Onena, bakarrik euskaraz jartzea! Hasteko, ahal den moduan eta poliki poliki (aurreko mezuan aipatzen den kanpainak egin, internet erabilita kontsultak egiteko..) hobetuz joan.



Enaut L
2010-08-15 : 23:42

Gorago Bittorek, Enekok eta beste hainbatek egin dituzten oharrekin bat nator. Eta ahalak dituztenei, bai sartzeko eta ahaleginak egiten dituztenak txalotzeko.



Nire txokotik ikusten dudana hau da, bizi naizen eremua ez da euskalduna, edo ez hainbeste eta euskararen erabilera hutsaren ondokoa da. Kartela bat edo beste edozein gauza, nahiago dut ikusi elebidun eta akatsekin ezinez eta osoki frantsesez idatzia (arrazoina edozein izanik ere).

Hemen aipatzen diren karteletako hutsak eta beste hainbat ere, ez genituzke ez eta ikusiko, ikusiko genukeen bakarra: euskaraz jarriak direla eta horrekin erdi pozik.

Gero beste gai bat da data eta orduena, puntu bat ala bi, komak, pluralak ala ez, bereziki hauek idaztean egiten dira hutsak komunzki eta denen partetik. Jende xumeak egiten dituenean, bai, txikikeriatzat uzten ahal direnak. Eta, sinpleki, ez bada nahi jende horiek etsitzea eta ondokoan erdara hutsez idaztea gauzarik arruntena bera, ba, segur naiz eskertuko luketela, sinpleki, oharra egitea eta zuzentzea, bekoz beko.

Adi.





Mikel Haranburu
2010-08-16 : 13:50

Eta, "Euskararen Unibertsoan", zertarako nahi ditugu akats bat egin eta egin dutela jakiten dutenean etsitzen diren "euskaldunak"? Ezagutzatik "erabilerara" egin beharreko azken modako urratsa horrela eginen al dugu? Euskara normalizatuko horrela? Ez al genuke lehendabizi geure burua normalizatu behar?

Bittor Hidalgo - Donostia
2010-08-21 : 15:33

Nik erantzungo dizut, Mikel, zertarako behar ditugun euskaldun horiek ERE. Euskara HILTZEN ari den/garen/diren hizkuntza delako, eta euskaldunak egunetik egunera DESAGERTZEN ari den/garen/diren herria, nahiz askok egiten dugun ere desagertze horren kontrako borroka. EUSKARAREN UNIBERTSOAN denak behar ditugu, eguzki izarrak, izar erraldoiak, izar nanoak, galaxiak, argizagiak eta atomo sinpleak, gas lainoak, hauts lainoak, zulo beltzak, ... Denak behar ditugu, eta gero eta gehiago, eta gero eta azkarrago.



Inondik ere behar ez duguna delako ESPAINOL edo FRANTSES hutsetara isuriko diren ia-euskaldunak, erdi-euskaldunak, edo ortografi akatsak egiten dituztenak, gatozen zulo beltzetik gatozela. Hegoaldeko lurraldeetan frankismoaren ondoren gertatu den euskararen eta euskaldunon berpizteak (askoz ere murritzagoa Nafarroa Garaian), ez liguke ahaztarazi beharko zein zaila dugun euskaldunok berpiztea, euskaldun bihotzekook, euskaraz bizi nahi dugunok, nahiz beste hizkuntzak jakin, zein zaila dugun hori egitea inguruko gizartearen %85 -eta hola da- de factoko erdal hiztunak direnean, de factoko erdaldun bihotzekoak, eta de facto erdaraz bizi nahi dutenak eta bizi direnak.



Nola lortuko dugu guk bizirautea, eta ahal den neurrian guregana erakartzea beste %85 hori? Onartzen dut puntu honen eztabaida, eta brain storming pixka bat ere, iruditzen zaidalako inflexio puntu batean gaudela EAEn ere. Eta gero eta indartsuago eta lotsagabeago ageri direlako espainolzale antieuskaldunak. Nola?



Ondo izan, eta ahal bada, umorez, nahizun arte



Bittor

Mikel Haranburu
2010-08-26 : 12:15

Kategoria asko aipatu duzu, Bittor, Unibertsokoan ageri direnak aipatzean. Eta denak ere, zein bere kastakoa izaki, halaxe mantendu beharrekoak, alafede! ez baitira berehalakoan suntsituko. Baina gurean, eta gure unibertso linguistikoa aitzina eramanen badugu, ez gabiltza ongi unibertsokideok aurreramendurik gabe geratzen bagara.

Zuk diozunarekin ez nator bat: Euskara ez da desagertzen egunetik egunera; Euskara gu gara, guregan da, geure baitan bizi da. Euskaldunak dira -gara- kontutik kendu beharko ditugunak, hil ahala, eta gutako bakoitzarekin desagertuko da geure baitaok hizkuntza hori. Komunitatea osorik desager ez dadin, hizkuntza transmititzea besterik ez dago. Bide naturaletik edo bide kulturaletik. Eta tresna den hizkuntza -baina es beste edozein tresna bezalakoa- besterenganatzekotan, ahalik eta onena, txukunena, erabilgarriena, ederrena, osoena egin behar dugu.

Ez du balio, hortaz, halako alternatiba: "Ala Euskaraz gaizki idatzi, ala Gaztelaniaz". Badugu beste aukera bat, gero eta hobe idaztea, hizkuntza gero eta hobe erabiltzea, ikastea, beraz.

Irudi-gizartean bizi gara, baina "erakarri" irudikapen horrek ez du balio aspaldi: hogeita bost urte ez da aski izan euskal hauts kosmikoa, bertan bizi dena, letreroak Euskaraz jarri nahi dituena, hizkuntzaren erabilera duin eta zuzen, txukunera, "erakartzeko". Alabaina, uste dut letreroak ongi paratzea litzatekeela hizkuntza oso eta bizia, eta bizitzeko prest daukagula erakusteko modua. Inork hori (bestalde, nork bere hizkuntza du erakargarrien) gurea, beretzat nahi badu.

Bittor Hidalgo - Donostia
2010-08-28 : 13:15

Kuriosoa egiten zait, Mikel, ni zure testua(k) irakurrita erabat ados-edo sentitzen naizelako. Eta hala ere desadostasunak-edo zeuzkaagu. Ortografia kontuaren baloirazioarekin, eta "euskara eta euskaldunok desagertzen ari ote garen" kontu horrekin. Azken mohikanoak. Lasaiago hitz egin beharko genikek alkar osoago ulertzeko. Agian tokatuko gaituk noizbait kafe baten inguruan, hemen baino lasaiago. Nik egingo diat kafeena.



Ondo izan



Bittor

Mikel Haranburu
2010-08-30 : 12:14

Bittor, kafearena eskertzen diat, eta gustu handiz hartuko nikek egunen batez. Tira, nik uste dialektika horretan ari garela aspaldiok denboretan. Urte asko iragan duk Bai Euskarari lehen kanpaina egin zenetik, eta jo eta ke ari izan gaituk asko hizkuntzaren ardatzari eragiten; hala ere, egiazki uste diat ezer gutxi aurreratu dugula, egindako ahaleginak eta emaitzak alderatuta. Urte asko Alfabetatzen eta Euskalduntzen (Koordinaturik?), urte asko Guk Euskaraz, Zuk zergatik ez (eta beste guztiak) kantatuz, urte asko Txepetxen liburua argitara eman zenetik, uste asko ikastolak martxan, urte asko Euskara teknikariak lanean, urte asko Nafarroa Oinez, urte asko Euskara taldeak, EHE, UEU, EKB, Kontseilua... urte asko. Eta harrigarri ere zaidak nolatan ez diogun oraindik bultzada handirik eman hizkuntzaren normalizazioari, herriaren normalizazioari. Eta, laburpen gisa, uste diat huts bat behointzat badugula: ez diogula heldu, gehienok bederen, hizkuntzaren mamiari. Ez diogula arrapatzen hizkuntzari duen barne-barneko garrantzia. Ez garela sentitzen geure hizkuntzaren biziraupenaz behar bezainbeste arduraturik, ez garela hizkuntz-egile sentitzen. Eta horretatik zetorkiguk, nire ustez, eta jadanik mende batzutatik hona, diskurtso okerrak erabiltzea. Etxeparek hitz egin zioan hizkuntzari, "Jalgi hadi, Euskara", eta geure baitatik ez ote zian atera, pertsonaia bihurtuz. Euskara normalizatu nahi diagu, gu geu, herri, komunitate gisa, normalizatu gabe. Hizkuntza normalizatu nahi, herritarrak normalizatu gabe. Oraindik ez gaituk anormal sentitzen, normaltasuneranzko urrats hori ematen has gaitezen. Bestela, ados egonen gaituk, ziur.

Bittor Hidalgo - Donostia
2010-08-31 : 12:54

Orain, dirudienez paperak aldatu dizkiagu. Hik orain diok uste deala "ezer gutxi aurreratu dugula, egindako ahaleginak eta emaitzak alderatuta", eta nik esango diat ezetz. Oso zaila dek hizkuntza gutxietsi baten egoerari guk eman diogun iraulia ematea (batez ere EAEn azken 30 urte hauetan; baina are Nafarroa Garaian ere desagertzea paralizatuz behintzat; eta are Euskal Herri osoan azken mendean ere azken karlistaldien ondorengo eta abertzaletasunaren piztualdiekin izaniko berpizkundearen ondotik). Hori guztia gabe, eta hik azken 50 urteotako zehatz aipatu ditukan hainbeste ahaleginik gabe, euskara eta euskaldunok Humboldtek 1800ean esan bezela, ez genian batere iraungo 1900ean. Eta iraun diagu. Hilzorian bada ere. Eta iraungo diagu, hi eta ni bezelakoak bizirik gauden artean behintzat (izango ahal dek besterik ere, eta badek).



Nolanahi gustatuko litzaidakek hirekin (ere) lasaiago aipatzea azken boladan (uda honetan) esku artean darabildan azken "harrikada", euskaldun bihotzekoon konpromiso pertsonala bultzatu beharraz euskalduntasuna indartu ahal izateko modu (bakar) bezala-edo.



Emago nikek horren berri emailez edo, hirea ematen badidak. Hemen nirea ("harrikadaren" berri nahi duen guztiarentzako ere):



bittorhidalgo@euskalnet.net



Ondo izan (euskaldun bihotzekoak!)

Erantzun

Sartu