|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet Kaiku (esne berbak)© cc-by-sa Anjel Lertxundi ¦ 2010-01-16 ¦ 12:38 ¦ marketinaGaurko Berriarako behar zuen zutabea (Kaiku) idatzi eta gero, eta ikusita kontuak zer nolako airea hartu zuen sarelarien artean, zalantza izan nuen artikulutxoa argitaratu ala ez. Egia esan, halako kontu batekin sartzen naizen aldiro kezka bera izaten dut: egokia da euskaraz aritzeko borondatea dutenak gisa honetan zirikatzea? Akuilatu ordez ez ditugu etsiko? Pruden Gartziak auziaren koska batzuk agertzen zituen Sustatun: Kontua da batzuetan (...) purrustadaka tratatzen ditugula ondo edo gaizki euskaraz zerbait egiten saiatzen direnak, eta isil-isil onartzen ditugula ezer ere ez egiten ez dutenak. Horrela, euskararen aldeko giroa sortu beharrean, kontrakoa sortzen dugula iruditzen zait. Ni ere bekatari naiz horretan, nahi nukeena baino sarriago. Horraino Pruden Gartziarena. Zer egin, non daude oreka eta neurria, nola saihestu hainbat jenderen burutik pasatuko dena: “Te esfuerzas en hacerlo en euskara, y mira… ¡Que les den!”? Baina, bestalde, sentiberatasun pixka bat exijitzen ez badugu… Gaztelaniarekin egingo ez luketena euskararekin ez dezatela egin eskatzeko eskubiderik ez badugu… Zeren, borondate kontua izateaz gainera, sentiberatasun kontua da nagusiki. Eta arazoa ez dago, sarritan behintzat, enpresaburuetan —borondatea erakusten dute kanpaina bat euskaraz egiteko agintzen dutenean— sentiberatasuna erakutsi beharko lukeen gunean baizik: publizitate etxeetan. Harrotzen dira gaztelaniaz bururatu zaien jenialtasunen batekin, eta iruditzen zaie horrek berdin funtziona lezakeela beste hizkuntzetan ere. Eta euskaraz funtzionatzen ez badu, harritu egiten dira, eta beren baitan pentsatzen dute euskarak ez duela balio, ez dagoela gaztelaniaren pare, bigarren mailako hizkuntza dela… Hizkuntzak elkarren ondoan bizi diren tokietan, ez da erraza leial izatea hizkuntzekiko. Pruden Garziak dioen moduan, ez, ez da erraza euskalduna izatea. Baina ez da erraza erdalduna izatea ere (erdaldun justua, erdaldun zuzena, esan nahi dut). Kontua da, bigarren kasuan ez direla konturatzen, ez dutela arazorik ikusten, ez behintzat lehen mailako hizkuntzen ligan daudela eta “ontasun linguistiko guztien paradisuan” bizi direla uste dutenek. Eta gehienak dira. Sarelarien artean jende dezente mintzatu da esanez “Ni Kaiku naiz” ez dagoela hain gaizki ere. Hori uste dutenentzat: arazoa espresio hori baino lehenagotik dator, enpresari Kaiku izena jarri zitzaionetik. Eta momentu hartan izenak erreparorik eragin ez bazigun, arazoa bada euskaldunon sentiberatasun linguistikoarena ere. Majaderoak ere saltzen dituen sukalde-tresnen denda bati Majadero deitzeak harritu egingo gintuzke erdaldunak eta baita euskaldunak ere. Ala ez? Baina enpresa bati Kaiku deitzeak ez gaitu, kanpaina hau sortu den arte, harritu? Horrek harritzen nau ni... Esne berbakAurreko guztia sarean pausatu eta gero, Amatiñoren azkeneko artikulu interesgarria irakurtzen ari nintzela, esne-berbak espresioa irakurri diot. Ez nuen ezagutzen. Ez da Orotarikoan ageri (nik ez dut, behintzat, topatu). Jo dut Eibarko lexikora, eta han bai, hain aurkitu dut: Dicho sin sentido, necedad, tontería, parida. Hori ikusirik, izenburua aldatu diot neureari, eta lehen Kaiku zena (Berrian halaxe gelditu da), Kaiku (Esne berbak) bihurtu dut hemen eta neure blogean. Batzuetan, txiripak halako pitxi bitxien pagotxa ematen du. Erantzunak#1. Re: Kaiku (esne berbak)joseba ¦ 2010-01-16 ¦ 16:25Leche Pascual edo CLESAren euskarazko kanpaina okerrik inork ba al du gogoan? Kaikukoek akatsak egin ditzakete euskaraz, ikasten ari den euskaldunberriak euskarari ostikoak eman diezazkioken bergisan. baina saiatzen ez denak nekez egingo du akatsik ! hala ere, akatsen berri ematea ontzat jo behar dugu. ikasteko prozesuan, ezinbesteko dira, gainera. bestela, nolanahi hitzegiten hasiko ginateke eta hori ere kaikukeria litzateke... #2. Re: Kaiku (esne berbak)Ana Morales ¦ 2010-01-16 ¦ 21:13Ba ni neu, Pruden Gartzia ez bezala dirudienez, mindu egin ninduen kanpainak, eta asko. Autobus geltoki baten ondotik pasatzen naiz egunero eta "Zu Kaiku zara?" handi-handi ikusten nuen bakoitzean gero eta garbiago neukan supermerkatuko hurrengo txangoan esne hori behintzat ez nuela erosiko. #3. Re: Kaiku (esne berbak)Txinbilo ¦ 2010-01-16 ¦ 21:44Zenbat euskaldunek kontsumitzen dute Pascual edo Clesa? Kaiku baino gutxiagok. Zergatik? Kalitate eskasoagoa dutelako?Badakigu hori ez dela egia. Kaikuk gertutasuna saltzen du balio erantsi gisa. Beren mezuak euskaraz aurkeztea ez da guri egiten diguten mesedea, bere estrategia komertzialaren parte bat da (baserrien irudiak, zelai berde berdeak erakusten dituzten iragarkien neurri berean) eta horri esker oso merkatu lehiakor batean mantendu ahal izan dira . Ematen du euskaldun kaikuok esker onez erantzun behar diegula. Azken finean, besteek hartzen ez duten "molestia" hartu baitute eta beraz ezin gara zorrotzegiak izan. Hain barneratua dugu bigarren mailakoak garela ezen kontsumitzaile erdaldun batek sekulan onartuko ez lukeena guretzat eskergarri bihurtzen da. #4. Re: Kaiku (esne berbak)Neu ¦ 2010-01-16 ¦ 22:29Kaiku bat ez al da ere bai esnea batzeko erabiltzen zen egurrezko ontzi bat ala? #5. Re: Kaiku (esne berbak)Karloto ¦ 2010-01-17 ¦ 11:09Euskaldunok erabili egiten gaituzte hemengo marka horiek: gure diziplina ideologikoaz baliatzen dira beren klientela zabaltzeko. Euskara darabilte (hori eskertzekoa da, Rumasak espainiera erabiltzea espainoldunek txalogarria duten hein berean, hankak lurrean), baina era maltzurrean, beren fakturazioa handitzeko ezinbestekoa dutena baizik ez. Hortxe muga. Eta hori oso-oso gutxi izaten da: dozena bat hitz, gehienez. #6. Re: Kaiku (esne berbak)Luistxo Fernandez ¦ 2010-01-17 ¦ 16:35Beste kontu baten harira pentsatu nuen: itsuen erresuman, begibakarra errege; baina hemen, elebakarren erresuman, elebidunak tontotzat gauzkate. Eta protesta baten aurrean minduta sentitzen badira, bati jakinarazi dioten bezala, irents dezatela isilik, mesedez. Aste honetan beste episodio polit bat ikusi dugu: Gasteizko tuiterlari batek kargu hartu zion herri horretako EAJren Twitter kontukoari, beti erdaraz jarduten dutelako. Erantzun zioten errespetuagatik zela, eta iritzi pribatu bat ere eskapatu zitzaien, *¿quien es este hijoputa?* Hemen dago kontatua. Ikurrinak eta zelai berdeak erakutsita espedientea bete dutela sinesten duten horiek dira batzuetan okerrenak, intoleranteenak. Horien eta besteen elebakartasun funtzionalaren aurrean, intrantsigentzia erradikala beste biderik ez dut ikusten. #7. Re: Kaiku (esne berbak)Lox ¦ 2010-01-18 ¦ 00:16Uste dut euskaldunok badugula gure burua zigortzen ibiltzeko joera. Kaiku hitzak dituen bi adieretatik, iraina ulertu beharra ere!!! Denok baldin badakigu marka komertzialaren izena zergatik jarri zuten, orduan zergatik pentsatu behar dugu iragarkiak iraindu egiten gaituela? Beste adibide batera salto eginez, haurrari Adur izena jartzen diotenek, Lerde deitzen al diote beren umeari? Eta Zigor izena jartzen diotenek? Kaikuren adibidera itzulita, hitzaren beste adierarena (kokoloa) anekdota barregarria iruditzen zait. A! eta norbait iraintzekotan, zu kaikuA zara? galdetu behar da. #8. Re: Kaiku (esne berbak)unai ¦ 2010-01-18 ¦ 07:33"Kaiku" berbak izan ditzakeen adierez harago, argi dagoena da marketing estrategia bezala ez dela zuzena izan eta marketing arduradunak hori baloratu behar du eta ez esne-zopak eskatu euskaraz egiten ahalegindu direlako. Ondorioa: kanpaina txarra (euskaraz). Zergatik? Euskal hiztun askok ez dutelako kanpaina ondo hartu. Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Albiste gehiagomarketina gaia duten albiste gehiago Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|