Teknologia albisteak
1

Euskovision 2010, sarean eta fisikoki ere bai, Elgetako Espaloia Kafe Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu + La Personnalite
2010-05-18 : 10:05

Iaz esperimentu bitxi bat egin genuen, Eurovision jaialdiko emanaldiaren web bidezko zuzeneko jarraipena egin genuen euskaraz: Euskovision deitu genion. Aurten, errepikatu egingo dugu, Sustatu eta La Personnalite-ren eskutik. Eta ez bakarrik web bidez, fisikoki ere bai. Elgetako Espaloia Kafe Antzokian elkartuko gara parranda maite duzuen sustatuzale guztiak, ustezko gustu on edo txarraren artean, aurriritzi handirik ez dugunak behintzat. Maiatzaren 29an da hitzordua, larunbat batez. Gonbidatuta zaudete.

Eurovisioneko finala Norvegian da aurten, Oslon. Maiatzaren 29an, larunbatearekin, 21.00etatik aurrera. Aste horretan bertan, sailkapen txandak egingo dira, finalerako herrialde batzuk bakarrik baitaude oraingoz sailkatuta. Vikingoen ideia hortik atera dugu, kartelerako.

Euskovision, berriz, izango da jai zoro bat finala elkarrekin euskaraz partekatzeko. Kultur ekitaldi gisa, Eurovisionek ez du asko balioko, baina ondo pasatzeko aitzakia askoz gehiago ez da behar. Iaz lagun edo/eta ezazagunen artean elkarrekin egin genituen barre algarak hemen irakur ditzakezue. Aurten ere ez da aspertzeko aukerarik izango.

Iaz bezala, bi proiektu txikiren eskutik dator zoramen hau: Sustatu.com, euskarazko bloga, eta La Personnalite, web komunikazioko Donostiako enpresa ausarta. Sustatu.com-eko editore eta kolaboratzaile zenbait mugituko gara Elgetara, eta baita La Personnaliteko Ana Malagon eta Goio Telletxea.

Hortaz, Euskovision 2010 eklitaldian parte hartzeko hiru modu daude:

  • Oslon, Norvegian, sailkatu bazara herrialderen baten ordezkari gisa, irten kantatzera eta txalotuko zaitugu.
  • Elgetan, finalaren gauean, Espaloia Kafe Antzokian, 20.00etatik edo 21.00etatik aurrera.
  • Etxetik, ezin baduzu Elgetara etorri, konektatu Sustatu.com-era eta bertan komentatu ahal izango duzu. Coveritlive eta Twitter erabiliko ditugu, baina bien emaitza konbinatua ikusteko, Sustatu.com-en bertan ikusiko da.

Jaia Espaloian, Sustatuzaleen artean

Elgetako jaiari dagokionez... Bi pantaila izango dira Espaloian. Batean Eurovision emango dugu, bestean zuzeneko iruzkinak erakutsiko ditugu. Jaia izango da? Tira, ea nor elkartzen garen. Ordenagailua ekartzen baduzu, zuzenean konektatu eta komentatu ahal izango duzu bertan, wifi konexioa baitago Espaloian.

Saiatuko gara zizka-mizka eta edari batzuk banatzen... baina ea zenbat jende lagun agertzen den: ez espero barra librerik. Facebook-en sortu dugu hitzordua, eta bertan izena ematen baduzue, lagunduko diguzue aurreikusten zenbat etorriko zareten.

Ondorenerako, kontuan izan Elgetatik jaisteko bihurgune asko daudela, gaua izango dela... Gidari izango bada inor, hobeto ez badu edaten, eta horrez gain, ostatu hartzeko aukerak badaude Elgetan. Hauek:

  • Eguzkitza. Eibarko errepidea, z/g. 943 78 90 84
  • Elgeta hoteltxoa. San Roke kalea, 26. 943 78 91 07
  • Barrenengua landetxea. Barrenengua Baserria. 943 76 82 21

Biharamunean igande eder bat igaro dezakezu Euskal Herriko bazter polit batean.

Animatu eta etorri.


Argazkiak.org | Euskovision 2010, osoa © cc-by-sa: sustatu

Erantzunak

Maite Goñi
2010-05-18 : 13:20

Iazkoarekin akordatu eta oraindik barrez hasten naiz!! Ze ondo!! Ea bertaratuta, iaz bezain ondo (edo hobeto) pasatzeko aukera dugun! Sustatu twelve points!! ;-)

Erantzun

Sartu