Teknologia albisteak

Coveritlive tresnaren gorakada etengabea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-05-18 : 12:05

Zuzeneko liveblogging emanaldiak egiteko Coveritlive tresna erabili dugu hemen, azkenengoa Eurovision-en jarraipena egiteko joan den larunbatean. Azken hilabeteotan asko hasi den gailua da.

Joan den astean Coveritlive-ko kudeatzaileetako batek, Keith McSpurren-ek, kazetarientzako mintegi bat eman zuen Ingalaterran, eta han esandakoaren laburpena aurkitu dugu sarean.

Txat hutsa da?

Zuzeneko emanaldi bat ez dela txat bat izan behar dio McSpurren-ek, baina batzuetan irtendakoak horren antza duela ere nabaritu izan da. Adibidez, asteazkenean Kopako partiduan ibili zen internuta euskaldun batek.

Coveritlive-k berak jarraibide batzuk gomendatzen ditu, eta 30 lagunetik gora komentatzen ari direnean lartxo ote den hori, horixe diote. Irakurleen artean iruzkin guztiak libre uzteak karga handia izan daitekeela. Berria.info-rekin batera egindako Kopako partiduan zuzenean sartzen ari zirenen parte-hartzaileen kopurua horren bueltan egon zen, hain zuzen ere. Euskovision emanaldian, berriz, jende gutxiago zebilen. Dozena bat iruzkingile, eta txat itxura izan bazezakeen ere, zuzeneko telebista emanaldiarekin oso lotuta zihoan, eta jarraipen interesgarria suertatu zen.

Dozena iruzkingile horien artean (eta tartekatzen zihoazten beste batzuk) 1.950 mezu argitaratu ziren. Kopako partiduan bi halako, ia-ia.

Horra pasarte bat, pantaila-irudi batean:


Argazkiak.org | Euskovision zuzeneko liveblogging emanaldikoa © cc-by-sa: sustatu

Erabilpen desberdinak ditu Coveritlive-k, eta batzuetan beste batzuetan baino hobeto egokitzen da. Pertsonaia bati txat-galdetegia egiteko erabiltzen ikusi dugu, adibidez, eta ondo geratzen da.

TB emanaldi batzuetan, oso egokia

Telebistako emanaldietarako ere ez da txarra, eta horrelakoak egin ditugu Sustatun (martxoaren 1eko hauteskunde emaitzen jarraipena, neurri handi batean, telebista pantailaren aurrean egiten baita gaur egunean). Emanaldi batzuk besteak baino egokiago dira, era berean, eta Eurovision bereziki egokia dirudi kontu honetarako. Ez bakarrik euskaraz Euskovision-en, beste batzuk ere egin ziren beste hizkuntza batzuetan:

Bideoak eta argazkiak gehitzeko aukera eskertzen da Coveritlive-n, baina zuzenekoan, segun nola doan martxa, ez da hain erraza materialak aurkitu eta kargatzea. Erabiltzaileen kudeaketarako ere aukera majoak ditu, kudeaketa partekatzeko ere, eta Twitterrekin duen loturak oso ona dirudi, baina gure adibideetan arazoak aurkitu izan ditugu praktikan jartzean: mezuak berandu zetozela Twitterretik, edo ez zirela iristen. Coveritlive-k berak eskaintzen duen lehiatilatik parte hartzera animatzea praktikoagoa da, Twitter bidez egitea baino.

Negozio gisa

Coveritlive Kanadan kokatutako enpresa da. Beren negozio modeloa administrazio aukera aurreratuak nahi dituzten erakundeentzako kontu berezituak eskaintzean datza. Goian aipaturiko mintegian, Kevin McSpurrenek bi adibide eman zituen:

  • Erabiltzaile bakar batek, 5.000 lagunentzako gai jakin baten gaineko zurrumurru-txat bat dauka. 25 dolar kobratu dakioke.
  • Hedabide batek, edo kudeatzaile anitzeko erakunde batek, beste behar batzuk izan ditzake. Horiei, 100 dolarreko tarifa.

Erantzun

Sartu