|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoa© cc-by-sa Luistxo Fernandez ¦ 2010-05-07 ¦ 08:14 ¦ erlijioa
Duela gutxi Bibliako pasarte absurdoez jardun nuen hemen, eta baten batzuek kritikatu zuten neure ikuspegi katxondoa, bereziki aipatuz Itun Zaharra eta Berria desberdinak direla, eta interpretazio literaletan inor ez dabilela jada gure artean, agian bai protestantismoan. Tira, heldu diezaiogun gaiari, Itun Berriari, eta interpretazio modernoenei: Jose Antonio Pagola Donostiako apaiz eta bikarioak idatzitako Jesus, Hurbilketa historikoa best-seller horri. Irakurri dut. Eta zer, esango dizuet bada, barregura edo tristura, horra nire zalantza orain. Lehenengo eta behin, Pagolaren ustezko asmoaren eta emaitzaren arteko eten ebidenteegia aipatu behar da. Sarreratik datorkigu esaten bikario jauna, Jesus inguruko bi erako ikerketak daudela, kristologikoak (zeinak Jainkotasunean eta beste kontu teologiko batzuetan sakontzen duten) eta historikoak, eta berak bigarrengoen haritik joan nahi duela. Kontua da, ordea, Jesus historikoaz, Flavio Josefo historialariaren aipuren bat edo beste salbu (horiek ere eztabaidatuak), zer dagoen esateko... ba bueno, horietaz eztabaidatu zitekeen akaso. Baina Pagolaren liburuan ez dago holakorik: Flavio aipatu bai, baina beste barik; Pagolarentzat ebanjelioak dira historia, historia literala gainera. Historia metodo zientifikoz egiten duela esan arren, ebanjelioan duen fede itsua beste metodo agerikorik ez dago hemen. Jesus politikoki zuzen eta guay batHalako ikuspegi hertsi batetik abiatu arren, egokitzapen moderno bat igartzen da Pagolaren idazkeran. Zuzentasun politikorako joera igartzen zaio, eta ebanjelioetan horrelako Jesus guay bat aurkitu nahi du, feminista eta ekologista. Kapitulu osoa dago, (Jesus) Emakumea maite duena. Zelibatotik, noski, baina nonbait halako jarrera antipatriarkal batekin. Era berean, oso ekologikoa omen zen Jesus: Izadian hazi da Jesus, inguratzen duen munduari begi zabalez begira (...). Pikondoen ederrei erne begiratzen die; uda badatorrela iragartzen duten hosto berriak egunetik egunera ateratzen zaizkie. Gozatu egiten du eguzkiaz eta euriaz. BioJesus naturzale honek pikondo triste hura nola kondenatu zuen, petralkeria eta maltzurkeria hutsagatik, hori ez digu kontatzen, ez, Pagolak. Liburua halako ikuspegi ustez zientifikoz zipriztintzen du Pagolak. Ez zaio baliabiderik eta abileziarik falta horretarako. Teologian aditua izango da, noski, eta behintzat erretorikarako eta berba eta kontzeptu potoloen konkatenaziorako prestatuko da bat teologo bihurtuz gero. Funtsean, ordea, ez dezagun ahantzi, teologia da zientzia bat ufologiaren parekoa, oinarririk gabeko sinesmen batzuen inguruko bla-bla-bla ustez konplikatu bat: teologia liburu batek balio du orekaren power-eskumuturreko batek bezainbeste.
Zientifikotasunaren berniza, disimulatzekoErretorika zientifiko ustez dotore horren erakusgarri bat eranskinetan dugu. Interpretaziorako irizpide orokor batzuk proposatzen dizkigu egileak han. Bertan demostratzen digu Pagolak zein sakona den azterketa, gai hauek jorratu dituela aipatuz:
Hau bueno, halako ekarpenekin aztertu badu Jesus, serioa eta sakona behar du liburuak. Bai ezta? Ba ez. Biluzik dagoen tximinoa jantzi nahi du Pagolak, baina ez du balio. Zientziara joz gero, diot nik, zergatik ez bibliografia apur bat gai hauen inguruan?
Lehen alorrarentzat, proposatzen dut, adibidez, Journal of Forensic and Legal Medicine. Uste dut nahiko ondo finkatua dagoela hor norbait hiltzen bada, ondorengo bere egoera estazionarioa dela. Ez dela bat berriro jaiki eta musean jokatzen hasiko. Pikondoei buruz, ba ez dakit, baina uste dut froga argiak bil daitezkeela esateko pertsona baten aginduetara pikondo bat ipso facto ihartzerik ez dagoela, ezta John Turturrok bi hatzamar zuzenduta mehatxu eginez gero ere. Nolanahi ere, pikondoak tarteko Richard Dawkins aipatu nahi nuke; bai, Dawkins hori, ateismoaren aldeko polemista gisa ezaguna egin den zientzialaria, baina ez bere liburu anti-erlijiosoaren harira (The God Delusion), baizik eta Climbing Mount Improbable, genetikari eta eboluzioa azaltzen duen liburua. Zein ederra eta zoragarria, pikuaren erreprodukzio zikloaren azalpena liburu horretan, eboluzioaren ondorio ikaragarria nola liztor ñimiño batzuekin sinbiosian eboluzionatu diren pikondoak... Dawkins eta liztor horien ondoan, mendekuz pikondoa ihartu zuen Jesus hori hain da patetikoa... Neure ustez, botanikak eta jakintza forentseak ondo baino hobeto demostratuko dute berpizkundea edo pikondoekin egindako mirariak historikoki ezinezkoak direla. Eta kito. LiteraltasunaApaiz batengandik gauza askorik ezin espero, baina, hala ere, harritu egin nau Pagolaren interpretazio literala norainokoa den. Batek kritika egin zidan aurreko mezu hartan, interpretazio literalak alde batera uztekoak direla... (Desberdina dela kontu gure artean edo) mundu protestantean, zeren han indarra baitu oraindik Bibliaren interpretazio literalak. Protestanteen artean bakarrik? Pagolak, hemengo korronte ustez progresista horretako apaizak, horixe egiten du liburu honetan. Interpretazio literal literala. Esate baterako, kapitulu oso bat dago Jesus gaitasun sendatzaileei, mirariei eta exortzismoei dedikatua. Eta ez metaforikoki. Pagolak benetan sinesten du deabrua gizakien jabe bihur daitekeen ente bat dela, eta Jesusek gaitasuna zuela deabrua egozteko gorputzetatik. Gaixoak sendatu baino gehiago egiten zuen Jesusek. Jainkoaren Espirituz betea, deabrudunei ere hurbiltzen zitzaien eta espiritu gaiztoetatik jaregiten zituen. Ukaezina da datu hori. Ukaezina? Blausta ukatu daitekeen datua da: hori disparate bat besterik ez da! Gauza ukagarriagorik... Baina lasai jarraitzen du Pagolak: Deabru-kentzaile ospetsua zen Jesus, baita kristauen ingurumariatik kanpora ere. (...) Sendaketek baino astindu handiagoa ematen zuen Jesusek deabrudunekin zuen jardunbideak. Sor eta lor geratzen zen jendea eta halako ahalmen indartsuaren sekretua non zegoen galdetzen zuen. Hain ageriko tontakeria bati hurbilketa historikoa deitzea ere! Hori bezala, gainerako pasarte guztiak maila bereko literaltasunean sinesten eta kontatzen dizkigu Pagolak, adibidez, berpizkundeari buruzko korapilo teologikoak azaltzean: Piztuera hau ez da lurreko lehengo bizitzara itzultzea. Jesus ez da guk ezagutzen dugun bizitza biologiko honetara itzultzen, egunen batean berriz behin betiko hiltzeko. Iturriek ez dute inoiz horrelakorik iradokitzen. Piztuera ez da gorpua biziberritzea. Askoz gehiago da. Lehenengo kristauek ez dute Jesusen piztuera, ebanjelioen arabera, Lazarori, Jairoren alabari edota Naingo gazteari gertatu zitzaienekin parekatzen. Jesus ez da bizitza honetara itzultzen, baizik Jainkoaren "Bizian" sartzen da behin betiko. Hau da hau! Batetik, Lazaro eta besteak bizitza biologikora itzili ziren (berriz hiltzeko gero, a ze putada absurdoa!), baina Jesusen piztuera da beste era bateko superbizitza txuloago bat! Hau historikoa da, eta gainerakoa txorradak. Enfin, literaltasunaren kontura itzultzeagatik, berriro itzul gaitezen BioJesus ekologikora. Usoak beldurrik gabe ondoratzen zaizkiola ikusten du. Baina bere etxeko hormaren ondoan eguzkitan lo dagoen sugearekin topo egindakoan izutu egiten da. Ze pasarte polita. Eta pikondo ihartua zer? Eta dena da hola. Gauza bat argi uzten du liburu honek: ze gauza tristea den fedea, sineskeria itsua, ezen gizon baten inteligentzia ezerezteko gauza den. Pagola gizaki arrazional eta buruargi bat dela dudarik ez dago: fedea du arazo, gizajoak. Fedearen erruz gizon bat gezur, tontakeria eta ezinezko gauza agerikoak egiazkoak direla itsu-itsu sinestera iritsi daiteke. Patetikoa baino gehiago, tristea. Baina tira, liburua ondo saltzen ari da, eta bueno, hor duzue Interneten, erosi nahi baduzue. Nonbait, Munilla retrogradoaren ondoan, Pagolaren zentzugabekeria hauek antidoto progresista (abertzale?) dira batzuentzat. Nik irakurri dudan edizioa, errebisatua da (polemika baten ondoren, errazketa egin zion Pagolak) Uriarte apezpikuaren nihil obstat zigilua darama, eta 2008ko data. Euskarazko itzulpena irakurri dut, Mikel Atxaga zenak prosa zehatzean idatzia. PowerJesus0.jpg 58KB (59406 byte) Erantzunak#1. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaAna Morales ¦ 2010-05-07 ¦ 10:13Bravo, Luistxo. Bravo, bravo, bravo! Zoragarri adierazia, eta gainera argitasun handiko umoreaz esana. #2. Propaganda pixka batAteo Mateo ¦ 2010-05-07 ¦ 10:27Pagolarena ez dut irakurri, baina Richard Dwakins-ena bai (The God Delusion), eta izugarri gozatu nuen. Bide batez, orain euskaraz dugu egile beraren beste best-seller bat: "Gene berekoia", Eider Cartonek itzulia. #3. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaAitor ¦ 2010-05-07 ¦ 10:33
#5. Pikondo ihartuarenaLuistxo Fernandez ¦ 2010-05-07 ¦ 11:18Aitor: hemen atriletik edo pulpitutik dotrina negargarria eman duena eta ematen duena eliza katolikoa da. Aski da. Artikuluan pikondo ihartua aipatzen dut behin baino gehiagotan. Lehengo eguneko artikulu batekoa da kontua, baina argi gera dadin, hona ekarriko dut berriro. Itun Berriko bi ebanjeliotan kontatzen da haserretu zela Jesus pikondo batekin, eta zuhaitzari merezitako zigorra ezarri ziola. Mateorena da kontakizun osoena. (Mt 21:18-22) Biharamun goizean, berriro hirira zetorrela, Jesus gosetu egin zen. Pikondo bat bide-bazterrean ikusirik, bertara hurbildu zen, baina ez zuen aurkitu han hostoa besterik. Orduan, pikondoari esan zion: «Ez bedi hiregandik gehiago fruiturik sor!» Bale, otoitzean sinesteak indarra du... baina, ez ote zen praktikoagoa suertatuko ihartzeko esan beharrean, fruitu emateko agindu izan balio pikondoari? Otoitzaren indarraren adierazgarri baino gehiago, parabola honetan gehiago igartzen da haserrealdi petral batek eragindako mendekua. Ez duzula pikurik neure gosea asetzeko? ba izorratu! Bete betean The Big Lebowski-ko eszena ezaguna dakarkit neuri gogora: Nobody fucks with the Jesus!
Jesus mendekati eta petral horri buruz ez digu ezer esaten Pagolak. Usoak beldurrik gabe ondoratzen zitzaizkiola, aldiz, historikoa da. #6. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaAitor ¦ 2010-05-07 ¦ 12:27
#7. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaJozulin ¦ 2010-05-07 ¦ 12:48@Aitor Ezer ez dagoela dioenak ez du ezer demostratu behar. Zuk garajean dragoi gorri bat daukazula badiostazu, nik ikusi egin behar dut, ezin didazu esan dragoia ikusezina dela baina egon badagoela. Carl Sagan-en adibidea da. @Luistxo Hurrengo liburu azterketarako iradokizunak: 1 eta 2 ;-)
#8. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaAitor ¦ 2010-05-07 ¦ 13:04
#9. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaPeru ¦ 2010-05-07 ¦ 14:31Talaiatik ex cathedra hitz egiten duan Luistxo hori, #10. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaIban Zaldua ¦ 2010-05-07 ¦ 15:33Nik uste dut bere artikuluarekin (eta bere ironiarekin) Luistxok zalantzan jarri nahi duena liburuaren izenburuaren "historikoa" adjektiboa dela; Peruk dioen bezala, teologiatik eta fede-esperientziatik abiatuta hobeto ulertzen da liburua, talaia historiografikotik baino. #11. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaPruden ¦ 2010-05-07 ¦ 17:13Tira, Iban, testu honetan Luistxo ez da "ironikoa", sarkastikoa baizik, eta aski agresiboa (dialektikoki, jakina); eta ez dut uste bere helburua "historiko" adjetiboa zalantzan jartzera mugatzen denik, aitzitik, ateo militante gisa azaltzen da, hain militante non eta gai den 573ko orrialdeko liburu zabal eta trinko bat irakurtzeko, zertarako eta fededunei aurpegiratu ahal izateko irakurri duela eta "barregura eta tristura" sortu diola. Hori ez bada militantea izatea... #12. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaAmonamantangorri ¦ 2010-05-09 ¦ 04:45Kaixo denei: #13. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaEgia ¦ 2010-05-09 ¦ 23:56Niri honek pentsamendu moderno-razional-koloniala vs. pentsamendu basatia edo ez-pentsamendua eztabaida gogorarazten dit. Gu, euroamerikano - anglosajoiok, txuriok, arrazionalistok, zientziaren jarraitzaileok, egiaren jabe gara. Eta zuori, munduko gainontzekooi, magian sinisten duzuenoi, pentsamenduaren maila behegokoetan bizi zaretenoi, fetitxistoi, garatzeko garaia heldu zaizue, egiara heltzeko garaia. Denak oker baizaudete. #14. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaLiztorra ¦ 2010-05-10 ¦ 01:14"Egia", ikaragarri tremendo jarri zara. Diozuna ia-ia txantaje emozionala da. #15. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaJoseba E. ¦ 2010-05-10 ¦ 10:39Ba niretzat, eta ez dut uste bakarra naizenik, Biblia da herriko jaietako programen antzerakoa: berdin da zer jartzen duen, ezta? #16. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaAitor E. ¦ 2010-05-10 ¦ 14:01Arrazoia duzu, Liztorra, zure ideia nagusian (pentsatzeko eta adierazteko askatasuna), baina Egia-ren sentimenduak ere neure egiten ditut. #17. Sineskeria guztiak berdintsuLuistxo ¦ 2010-05-11 ¦ 09:21Ea... errespetu faltaren kexati horiek: gezurrak, nire ustez, ez du merezi errespetu handirik. Eta gezur flagrante eta ebindeteki estupidoak, are gutxiago. Adibidez, Pagolak datu "historikotzat" saldu nahi digun hau: Jainkoaren Espirituz betea, (Jesus) deabrudunei ere hurbiltzen zitzaien eta espiritu gaiztoetatik jaregiten zituen. Ukaezina da datu hori. Ez bakarrik ez da ukaezina, lerdokeria galanta besterik ez da hori. Eta erlijio katolikoari burla eginez, beste erlijoez ere burlatzen garela? Jakina, besteak ere gezurra dira! Hinduismoak errespetua merezi du? Ganesh jainkoaren alegia eta irudiak ederrak dira, edo Mahabharatako epika, baina ez duzue nahiko sinestea egia dela Elefante Jainko horrek bere eskumako letagina moztu eta hura tintatan bustita idatzi zuela Mahabharata?
Hori ez zen gertatu, hori ez da historia. Hori benetan gertatu zela sinestea, ez, ez nago hori onartzeko prest. Eta Jesus ere ez zen berpiztu, ez dagoelako berpizkunderik behin bat hiltzen denean. Eta gainera, ez dut ulertzen nola sinestun batzuek errespetatu dezaketen beste batzuena orain, gizaldiz gizaldi elkar hiltzen ibili ondoren sinesmen kontrajarriengatik. Mahoma eta Jesus eta Ganesh ez dira osagarriak. Batarena egia bada, besteenak gezurra dira, edo alderantziz... Edo, hobeto pentsatuta, denak gezurra dira. Kito. #18. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaInaki Irazabalbeitia ¦ 2010-05-11 ¦ 10:00Eztabaida honen harira irakurri beharreko beste liburu bat: 'Letter to a Christian Nation' by Sam Harris. On dagizuela! #19. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaEgia ¦ 2010-05-11 ¦ 11:54Liztorra onartzen dizut txantajetik apur bat baduela nire planteamenduak, eta izan liteke, tremendismotik ere izatea, baina zer egingo diogu, euskalduna naiz! #20. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoajoseba ¦ 2010-05-11 ¦ 13:03Sineskeriak asko dira munduan, eta aspaldikoak gainera. Baina nekez ikusiko dugu Ra eguzkiaren jainkoa, edota Itsasoetako Neptuno. Ez eta Budarik, kristauen jainkorik edota musulmanenik ere. Horiek guztiek izan daitezen fedea behar baita. Federik gabe ez dira izango eta ez dute iraungo. Ezin daiteke demostratu badirenik, eta jakina, ez direnik ere ezin da frogatu. Gainera, bizitza guztian engainatua izan dela sinistu nahi ez eta irakatsi dioten jainkorik ez dela onartzea zein gogorra den denok dakigu. #21. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaBuru ¦ 2010-05-11 ¦ 14:53Nik ez det liburua irakurri, ezta asmorik ere. Baina benetan uste det Pagolaren liburua eta antzeko beste asko sinesdunen azkeneko ostikadak direla mendez mende mantendu duten muntai absurdo bat zutik iraunarazteko. Ez daukat dudarik fedeak, (fed katolikoak, musulmanak, budistak eta beste guztiek), hainbat gizakiri lagundu diotela historian zehar pertsona hobeak izatean. Eta sinesdun askok agnostikook baino gehiago egin dutela urkoaren alde. Honuntzaino, onartua. Baina erlijio guztiak beldurraren eta sineskeriaren gainean eraikita daudela, hori ere oso garbi daukat. Ez daukat oso urrutira joan beharrik hori konprobatzeko; ez dauzkat alferrik 50 urte. Eta Luistxok egin duena egin beharreko gauza bat da: gordin salatu absurdoaren gainean eraikitako muntai izugarri bat, ehundaka generaziotan jendea beldurtuta eta zapalduta eduki duena. Eta, kontuz, zapalduta bizi nahi duen jendea ere bada. Nik errespetua diet fededunei; hori bai, pakean utzi nazatela eta artaburukeriak salatzen dituena era pakean utzi dezatela. Ez du balio mendeetan erabilitako sugestio teknikek dagoeneko ez diela balio konturatu direnean, orain, zientifiko itxurak egiten hastea. Egurra, Luistxo, ondo ari haiz! #22. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaGoio Arana ¦ 2010-05-11 ¦ 17:11Nobedadeak Mirari sailean: Fatimaren hirugarren misterioa pederastia kasuen eskandalua zen... Weno Tira Faborez! #23. Re: Fatimako hirugarren misterioaLuistxo ¦ 2010-05-11 ¦ 18:00Bai Goio bai! Twitterren irakurri dudan bezala, eskerrak Jainkoak Ama Birjina bidali zien artxaintxo haiei, eta ez abade bat pertsonalki kasua azaltzera! #24. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaAteo Mateo ¦ 2010-05-12 ¦ 05:52Igandean komuniyua tokatu zitzaidan. Tarteka dibertigarria (denok txaloka, “Viva la gente, la hay donde quiera que vas…” eta guzti); geroago, apaiza serioago jardun zuen, irakurgaiko “zirkuntzisioa”, “fornikazioa” eta abar… (ze arraio ulertu ote zuten ume koxkor haiek?); azkenean broma gutxi, “egunen batean, Jainkoaren ezkerraldean jarriko gaituzte batzuk, eskuinaldean beste batzuk, eta epaiketa sumarisimoa”, “kristautasunetik kanpo ez dago zoriontasunik, ezta salbaziorik ere” eta abar. #25. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaKoldo Rodríguez Bengoa ¦ 2010-05-13 ¦ 00:44Akaso eztabaida honen gordinkeria arindu zitekeen pixkatxo bat, fedea eta erlijioa bereizteko gai izango bagina. #27. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaBuru ¦ 2010-05-13 ¦ 22:29Begira, Koldoren esaldi honen tonua da amorragarria egiten zaidana fededunengan: "Luistxok mina erakusten du bere idatzian. Berari egin zaiona edo beste batzuei eragindakoa, hori ez dakit. Eta hori ere errespetatu beharra dago". Politically correct azaldu behar hau, alegia. Luistxok kritika egiten du, arrazoitzen du, argumentuak jartzen ditu mahai gainean, eta horiei erantzun beharrean, fede handiko gizon honek "errespetua" erakusten dio. "Errespetu" hau ez dela sintzeroa uste dut, baizik eta "goikoak", "fedearen dohain paregabea" daukanak, "behekoari", "federik gabeko gizajoari" bidaltzen dion "hire argumentuak ez ditek ezertarako balio, minduta hago eta" mezua baizik. Jakina, edozein ausartzen da orain "esaten ari zarena pekatua da eta infernura joango zara Luistxo" esatera, mendetan eta mendetan Elizak egin duen bezala! Horren ordez, "errespetua" azaldu behar da. Nire ustez, argumentuei argumentuekin erantzun behar zaie; arrazoiaren bidetik jo beharrean fedearen eta sineskerien bidetik jo nahi baduzue fededunek, oso ondo, baina hori zuen problema da. Beste hitz batzutan, zuen errespetua ez dugu behar, beranduegi dator. #28. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaKaxiano pontifize pontifikatzailea ¦ 2010-05-14 ¦ 00:18Zalantzarik gabe, fedea eta erlijioa ez dira gauza bera. Erlijioa fedearen nolabaiteko "erakundetzea" da (jainko-jainkosak eta deabruak, erritualak, aginduak, liburu sakratuak, kodeak interpretatzen dituztenak eta obeditu behar dituztenak, jainkoekin kontaktu zuzena dutenak eta dirua eta lana eskain dezaketen gizagaixoak, erlijiokideak eta taldetik kanpoko maltzurrak, mago prestidigitadoreak eta ikusleak, etab.). #29. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaAmona ¦ 2010-05-16 ¦ 09:01Zer pentsatuko ote zuten hinduistek "paria" izenekoen kideetarik batek, ukiezin zorritzu horietako batek, enpresa multinaziomal baten zuzendaritza, indiar inteletktualitatearen begirune osoa edota Indiar errepublikako presidentzia bereganatu zuenean? Izan ere, horrela gertatu baitzen Kocheril Narayanan "ukiezinaren" kasuan, beste ukiezin zorritzu askoren kasuan bezalaxe. #30. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoaAmonamantangorri ¦ 2010-05-16 ¦ 09:04Amonamantangorri naiz #31. Re: Pagola eta Jesus, hurbilketa patetikoabrother ¦ 2010-05-19 ¦ 08:59Zurekin gogoratu naiz, Luistxo http://designyoutrust.com/2010/05/19/notrue/
Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Albiste gehiagoPortadan orainPil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|