Teknologia albisteak
3

Ziberguaiak

Erabiltzailearen aurpegia
2013-04-25 : 02:09
Kuba, Iran eta Txinako blogari disidente bana hartu: Yoani Sanchez, Farnaz Seifi eta Zeng Jinyan, eta hiru emakume gazte horien lekukotasunak harilkatuz osatu du Forbidden Voices (Ahots debekatuak) dokumentala Barbara Miller suitzarrak, giza eskubideak ukatzen dituzten gobernuak salatzeko eta sarean aritzeko askatasuna aldarrikatzeko edo. Edo.
Zuzendariaren planteamendu geopolitiko horrekin berez dator polemika: zergatik hiru herrialde horiek, eta ez, esate baterako, Kolonbia, Maroko eta Indonesia? (Gure kasuaz ez hitz egiteagatik). Estatubatuarren interesek markatutako hautua, bistan denez. Baina kontrako eskema sinplista ere oso zabaldua dago gure artean: nire etsaiaren etsaia nire laguna da; eta ukaezinak diren bidegabekerien aurrean ez ikusiarena egitera eraman gaitzake horrek.

Balorazio politikotik harago, errealizazio txukuna du filmak, baina ez du zirrara handirik lortzen. Bitxia da, protagonistaren egoera zenbat eta estuagoa izan, orduan eta indar gutxiago duela salaketak: Zeng Zinyan txinatarra dago zapalduena, dudarik gabe, baina etxe barruko irudiak besterik ez ditugu, eta bere diskurtsoa ere oso apala da: umearen egoeraz kexatzen da gehiena; Farnaz Seifi erbestean bizi da, eta Irango teokraziaren kontrako aldarrikapena nahiko abstraktu geratzen da, adibide eta irudi zehatzik ezean; Yoani Sanchez kubatarra, aldiz, aktibista eta komunikatzaile trebe gisa nabarmentzen da: beste disidente batzuekin bilduz, polizia zirikatuz, protestetan parte hartuz... Mugimendu lasai horrek, ordea, zalantzan jartzen du salatzen duen balizko askatasun-falta.

Tira, giza eskubideen zinemaldi batean bere lekua behar du halako film batek, partzialtasunaz gain ziberguaismo eta onkeria dexente darion arren.

Erantzunak

2013-04-25 : 16:03

Aupa Xabier:

Nik ez dut dokumental hori ikusi baina ez nau harritzen aipatzen duzun partzialtasun horrek. Yoani Sánchez blogaria adibidez oso pertsona polemikoa da, probokatzaile profesionala, maiz biktima bezala agertzen bazaigu ere.

Ziur asko dokumental horren mezuarekin bat etorriko ez banaiz ere, hautatutako herrialdeak (Kuba, Txina, Iran), zuk proposatutakoak (Kolonbia, Maroko, Indonesia) baino egokiagoak izan daitezkela argitu nahi nuke. OpenNet-ek munduko herrialde gehienei buruz egiten duen jarraipenari eta txostenei kasu egiten badiegu behintzat, horrela da.

Txinak Wikipedia, Youtube, Facebook eta Twitter adibidez blokeatu egiten ditu eta herritarrak gobernuak kontrolatutako baliokide lokalak erabiltzera behartuak daude.

Iranek Youtube, Facebook, Gmail eta disidentziaren hainbat webgune blokeatzen ditu eta munduko Internet iragazki sistema sofistikatuenetakoa ei du.

Kubako kasua oso desberdina da. Hedabideetan behar baino gehiagotan aipatzen diren "arazoak" frogatu gabe daude, baina nire ustez egia da herritarren artean autozentzura maila bat badagoela. Hala ere, Kubak duen arazorik handiena inongo zalantzarik gabe, AEBek irla banda-zabalera lotsagarri batera zigortzen duela da eta ez Kubako gobernuak sarrera ñimiño hori nola kudeatzen duen.

Zuk aipatzen zenituenetatik, nik dakidala, Kolonbiak ez du inolako mugarik ezartzen Interneteko erabilerari. Marokok berriz denbora baterako bada ere, blokeatu izan ditu zerbitzu batzuk iraganean. Indonesiak ere webgune pornografikoak eta beste batzuk blokeatzen dituela dirudi. Edozein kasutan, Txinako eta Iraneko kasuak Kolonbia, Maroko eta Indonesiakoak baino dexente larriagoak iruditzen zaizkit niri. Besterik gabe, datuak aipatzeagatik :-)

2013-04-25 : 17:41

mila esker, txopi.
diozun guztian ziur arrazoia duzula; dena dela, ni ez nintzen ari interneteko konexioen askatasunaz, baizik eta giza eskubideez oro har.

2013-04-26 : 16:09

Ziber-eskubideak alde batera utzita, atzo argitaratu zen Yoani Sánchez-i zuzendutako gutun hau argigarria izan daitekela uste dut.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu: