Teknologia albisteak
2

Independentzia, zazpi herrialdeek bat eginez gero bakarrik

Erabiltzailearen aurpegia
2014-03-18 : 15:24
Atzerriko prozesu independentistez hausnartzen dugu Euskal Herrian (Kataluniako independentzia Euskal Herrikoaren ataria, hitzaldi bat datorren astean Azpeitian), baina ez da erraza jakitea euskal independentziaz zer pentsatzen duten euskal abertzaleek. Alderdi batek, Sortuk, behintzat, zerbait plazaratu du azkenean: Euskal Herria Bidean ekimena, hausnarketarako proposamen bat, oraingoz dokumentu idatzi batean (PDF bat ZIP baten barruan) eta bideo batean azalduta.
Egia esan, Sorturena ere ez da argitasunaren eta konkrezioaren adibide on bat. Baina tira, funtsean, zazpi lurraldeen batasuneranzko borondatea aipatzen da, esparru bakoitzean erritmo propioan demokratikoki garatua, eta espreski arbuiatzen da parteren baten independentzia. Badirudi zazpi probintzien independentzia dela eszenario posible bakarra, alderdi honen arabera.

PDF dokumentutik pasarte hau nabarmenduko nuke:

Bestalde, aspaldi honetan bestelako planteamendu edo diseinuak gorpuzten hasiak dira. Esanguratsuena EAEn estrategikoak liratekeen urratsak gauzatzearen aldeko posizioa da, lehendabizi EAEren independentzia lortuz eta gainontzeko lurraldeena gerorako utziz. Horrelako bide batek euskal lurraldeen arteko haustura betikotu lezakeela pentsatzen dugu.

Bideoan antzeko gauzak esaten dira, beste hitz batzuekin, eta pasarte bat bereziki esanguratsua iruditu zait, 3. eta 4. minutuaren artean:

Zatiketa gainditzeko, gaur egungo esparru zatituen elkartze demokratikorako eredu hau proposatzen dugu: Euskal lurraldeen arteko fusioa. Eredu honen arabera, berezitasunak aintzat hartuz, elkartze joera bat bultzatu behar da, gehiengoak osatuz, konplizitateak eraikiz, borondateak bilduz.

Herria izango da, esparru guztietan, fase guztietan, erabakien protagonista. Behetik gorako prozesua izango da. Zatiek osatuko dute batasuna, eta prozesuak arrakasta izango du baldin eta zatiek bat egitea erabakitzen badute.

Ezker Abertzaleak ez du ontzat emango euskal luraldeen arteko haustura betikotu dezakeen proposamenik. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren independentziaren alde eginez, gainontzeko lurraldeena gerorako utziz.

Beltzezko zatitxo hori nik azpimarratu dut. Prozesuak arrakasta izango du, zatiek bat egitea erabakitzen badute. Ez badute bat egitea erabakitzen, ez du arrakastarik izango, beste modu batean esanda. Eta zatiren baten independentzia haustura betikotzea izango denez, eta hori ere ez da ontzat ematen, ba... auskalo ze epetaz ari garen hemen.

Bada zerbait, behintzat, alderdi abertzale batek zerbait esatea. Sorturen aliatuek (EH Bilduren baitan), Eusko Alkartasunak eta Aralarrek zer pentsatzen duten nik ez dakit, norbaitek baleki argitzea ondo legoke. EAJ, 2015eko Urkulluren Estatus Berriaren autonomismo handixeago eta ez oso argi baten planarekin dabil, suposatzen dut. Independentistak non ote dauden galdetzen diot nire buruari (ze Pako Aristi eta Orreagakoena, edo estatalisten kontuak ere disparateak iruditzen zaizkit, ezer okerragoa ez badira: zantzu xenofoboa duten proposamenak, batzuek salatu duten bezala).

Nik ere nahi dut zazpi herrialdek osatutako Euskal Herri independente bat. Baina beste estatu independente bat ere onartuko nuke, Gasteizen aldarrikatua, edo Iruñean, non edo non. Eta nire begiekin ikusi nahi nuke (47 urte ditut).

Erantzunak

2014-03-18 : 18:53

Oso hausnarketa interesgarria, Luistxo. Hasieratik abiatzeko: ez da posible 7 herrialdeko estatu independente bat. Sezesioak estatuekiko gertatzen dira: Espainiak krisi sakona dauka, baina Frantziak ez. Paradoxikoki, Frantzia jakobinoa Espainia baino malguagoa da lurralde-kontuetan: bere zentralismoan, ez dakarkio kontraesanik Korsikak, Martinikak, Alsaziak edo Lyonek estatus desberdina izateak, eta Ipar Euskal Herriak bat ere ez izateak. Horregatik daukat itxaropena, ekinaren ekinez lurralde elkargoa lortuko dela. Epe labur edo ertainean, hori da Ipar EHrako helburua. Independentistek ere ez dauka egitasmo independentista argi bat gaur egun Lapurdin, BNn eta Zuberoan. Besteak beste, existitzen diren erakundeek gauzatzen dituztelako sezesioak: Ipar EHn erakunde hori eratu behar da lehendabizi, legitimitatea irabazi behar du, eta horrek hainbat urteko bidea dakar.

Aldiz, Espainian posible da sezesioa, are gehiago, susmoa dut Kataluniaren balizko sezesioaren ondorena ez dela behar bezala aintzat hartzen. Ez diot ez gaudenik Kataluniara begira, Kataluniarik gabeko Espainia ia pentsaezina dela baizik. Lurralde aberatsenetakoa galduko luke, Bartzelona hiria eta portua, Europarekiko lotura... Uste dut Jimenez Losantos izan dela espainiar eskuinean inoiz sezesioaren aldeko argudio bakarra eman duenetakoa: PSOEk Katalunian dituen botoak galduta, PP Espainian nagusi betiko. Kontua da, Kataluniaren "galera" krisi politiko -are, militar, gabiltzan kontuz- baterako bidea izango litzatekeela. Gauza bat da inor kopiatuko ez dugula esatea eta guk gure bidea egin beharra, eta bestea Espainia hondora doala ikustea eta une horretarako prest ez egotea: hala gertatu zitzaien SESBeko errepublika gehienei -Baltikoak eta Georgia, salbu-, goiz batean iratzarri eta ordura arteko estatua ez zen existitzen. Ez dut esan nahi Espainian hori bera gertatuko denik, baina Katalunia joateak hain ahul utz dezake, bertan segitzea baino errazago litzatekeela independentzia aldarrikatzea. Eta testuinguru horretan, tentazio handia izan lezake, demagun, egungo Jaurlaritzaren antzeko batek, bide hori hartzeko. Ez gaur bertan, baina zure enpresak eta negozioak, Espainia ahul horretan barik, estatu independentean hobeto daudela ikusiz gero, 2015ean... kontua da, estatu hori defizit territorial handi batekin jaioko litzatekeela: Nafarroa ez eze, errepide nagusia (gaurko 1N), Espainiaren menpeko enklabe batetik igaroko litzateke (Trebiñu). Funtsean, deskolonizaziotik "uti possidetis iure" araua erabiltzen baita estatuak sortzeko: lehengo muga beretsuetan sortzea estatua, hortik Afrikako muga artifizial guztiak. Horrekin batera, nazioarteko muga ezarri beharko litzateke Berastegitik Leitzara, Oiartzundik Lesakara, Ereñotzu-Arano/Goizueta, Egino-Ziordia, Kanpetzu-Zuñiga, Bernedo-Marañon... argudiatu liteke hasierako kontrol-postuen eta aduanen ostean, egoera normaltzean, "europar" mugak leudekeela, baina une horretan bi estatuek (Espainiak EAEri eta alderantziz) elkar aitortuko dute, beren lurraldeekin, hau da, mendebaldeko euskal estatu horrek Nafarroa Espainiarena dela ontzat eman beharko luke. Irredentismoa eta sezesioaren arteko aldeaz asko hitz egin dugu egunotan, Krimeara begira. Egin kontu, EAEko estatuak nafar abertzaleen proiektua aldatuko luke, ez lirateke independentista izango (non eta ez duten EAEko estatutik bereizitako Nafar estatu baten alde egiten), irredentismoaren jarraitzaileak baizik. Krimean badirudi gauzatu egingo dela anexioa, baina lehen aldia litzateke II. Mundu Gerratik, oso aurrekari arriskutsua Europan, eta EAEko estatua inoiz ez litzatekeen potentzia inperialista baten lorpena. Ipar EHrekin gauza bera gertatzen dela esanez gero: kontua da gaur egunean egiazkoa dela bi estaturen arteko muga.

Puntu horretaraino, lurraldetasunari buruzko hausnarketa. Sortuk planteatutakoa bide horretan doala uste dut, baina gabezia batzuk ere badaudelakoan nago:

- Ezetzean eraikita dago. Mezua era positiboan eraiki ordez -zein estatu nahi dugu-, zer ez dugun nahi esatea: EAEren estatua. Ez da arazo semantiko soila: nahi, 7koa nahi dugu (idealki), baina errealki 4koaren bila joan behar dugu, hau da, Espainiaren menpeko lurraldeen sezesiora.

- 4ko sezesioa egingarri eta helburu behar duelakoan nago, argi eta garbi. ARGIAko blogetan Gorka Bereziartuari idatzi diot horri buruz. Orain, "baina": kontuak kontu, ez dut uste bide bakarra dagoela, 3+1 ta sezesio bakarraren ordez, bi sezesio simultaneo ere ez litzateke baztertu behar. Eta ez dezagun bazter utzi, ilusioak ilusio eta egungo egoerak 4koa posible eta egingarri dela sinestarazita ere, errealitateari: azken hitza nafarren esku dago; ni sinetsita nago irabaz daitekeen apustua dela, baina galtzea ere sartu behar da ekuazioan. Eginahal guztien ostean, estrategia egokia garatu, baldintza demokratiko garbietan, batasuna ez balitz posible, azken erremedio gisa ez litzateke baztertu beharko zuk diozun planteamendua, 3ren sezesioa. Beti ere argi izanda azken aukera dela, eta ez batzuek planteatzen dutena: hau da dagoen aukera bakarra. Nafarroan trantsiziorik ez da egon, ostu egin zaie horretarako aukera. Beraz, aukera hori gauzatu ondoren, bereizita jarraituz gero, ados. Hil gutxian ikusiko dugu erregimenarenak egin duen. Eta hala ere, azken erremedio gisa letorkeen 3ko estatu horrek, naziotasunaren eta lurraldetasunaren ikuspegitik, EAEk bete ez duen rola aintzat hartu beharko luke:

- EAEri ezker abertzaleak historikoki ez dio legitimitaterik eman (Nafarroako Parlamentuari aldiz, bai), printzipioz nik ere konpartitzen dudan argudioa da. Baina bide bat egin da horretan, inplizituki onartu eta EAEko erakundeetan parte hartzera. Partizioaren instituzioak izan litezke, baina geroz eta eragin handiagoa dute herritarren eguneroko bizitzan. Erakunde errealak dira, balizko estatu baterako balio dezaketenak. Baina ezin dute euskal nazioaren ordezkaritza aldarrikatu. Eta gehiegitan horren bueltan dabil, konplejuz beteta: "Euskadiko lehendakaria" edo "Euskadi/Basque Country" edo "Euskadiko AEko aurrekontuak" iragartzean, partizioa inposatzen du, eta ez dago zertan: zein da arazoa Euskal Herriaren zati bati buruz ari dela esateko: Euskadiko/EHko errepublika sortzeko ordez, Hego EHko (4koa bada) edo "mendebaldeko EHko" (3koa) errepublika deitzea garbiagoa litzateke.

Horregatik, ulertzen dut Sortuk planteatzen duen arazoa. Jaurlaritzan dagoen EAJ independentziaren aurkakotzat jotzen dute batzuek, baina analisia zehatz egin behar da: postura eroso samar batetik, ingurukoa aztertzen ari delakoan nago, behingoz egurra euskaldunoii ematen ez digutela probestuta. Baina kasu, katalanena ondo atera eta Espainiak hondoa joz gero.

Edozelan ere, onerako izan bedi, behingoagatik gaia konplexurik gabe mahaigaineratzeko gai bagara.

2014-03-19 : 00:04

Hementxe, Luistxok aipatzen dituen disparateak:

http://www.orreagataldea.com/2014/01/07/menderatuen-arrazoia/

Katalunian egin diren urratsen artean, guk ere ikusten ditugu interesgarriak direnak eta egoki kudeatuz gero arrakastatsuak izan daitezkeenak. Baina bitxia da, urrats horiek ikusten dira gutxien gurean: Estatua aldarrikatzea berehalako helburu bakar gisa (estatus berria, marko demokratikoa eta antzeko eufemismoak baztertuta), herria aktibatzea alderdien zain egon gabe, eta abar. Gure inguruan, baina, datorren urtean egin nahi duten kontsulta famatua da etengabe errepikatzen dena

Erantzun

Sartu