Teknologia albisteak

Elhuyar Hiztegiko bisita-kopuruak % 50 egin du gora

Erabiltzailearen aurpegia
2023-01-23 : 11:33

Elhuyar Hiztegiaren bisita-kopuruak gora egin du 2022. urtean: webguneko bisitak % 50 igo dira (6 milioi bisita baino gehiago izan ditu), eta erabiltzaileek 50 milioi kontsultatik gora egin dituzte. Datuok argi erakusten dute Hiztegia gero eta gehiago erabiltzen dela. Hiztegia etengabe eguneratzen da, eta hizkuntza berdinzalea erabiltzen dela bermatzen da. Elhuyar Hiztegia ordenagailuan instalatzeko aukera dago orain.

Hiztegia etengabe eguneratzen den baliabidea da, eta 2022an, esaterako, 966 sarrera berri gehitu dira (antiespezista, autozainketa, heteronormatibo…), eta beste 1.003 unitatetan aldaketak egin dira (liburu-euskarri, ahogozagarri…). Eguneratze-lan horietarako, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza jaso du hiztegiak.

Eguneratze horiez gain, Elhuyar Hiztegiak hizkuntza berdinzalea erabiltzea du helburu, eta, hori horrela dela ziurtatzeko, 2022an ere hiztegiko zenbait lagin aztertu dira: edukiak genero-ikuspegiarekin aztertu eta lexikoaren eta hizkuntzaren erabilera baztertzaile oro berrikusi eta moldatu da, desberdinkeria eta bereizkeriarik gabeko tratamendua bermatuko duen hiztegi bateranzko pausoak emateko. Berrikusketa-lan hori bi mailatan egin da: batetik, lexiko baztertzailetzat har daitezkeen sarrerak dagokien gutxiesgarri markaz hornitu dira (ematxar, maritxu); bestetik, hiztegiko adibideen gaineko errepaso sakona egin da, genero-ikuspegiarekin loturiko estereotipoak saihesteko (haragikoi) eta emakumearen ikusgarritasuna bermatzeko ("sarrailagile gisa lan egin nuen: trabajé como cerrajera”). Lan-ildo horretarako, Laboral Kutxaren laguntza jaso du Elhuyarrek.

Aldaketa horiek guztiak egiteko, hainbat iturri erabiltzen ditu Elhuyar Hiztegiak: corpusak, beste zenbait baliabidetatik erauzitako edukia, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta erabiltzaileen iruzkin eta proposamenak.

Elhuyar Hiztegiaren mahaigaineko aplikazio berria

Urte berriarekin batera, Elhuyar Hiztegia ordenagailuan instalatzeko aukera gehitu da. Hiztegia norberaren mahaigainean instalatu eta handik erabiltzeko aplikazio bat jarri da erabilgarri. Aplikazio horren bidez, ordenagailuko edozein programatatik kontsultatu daitezke euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko hitzak Elhuyar Hiztegian. Horretarako, kurtsorearekin hitza hautatu, eta bi agindu hauek segidan sakatu behar dira: [Ctrl + C] eta [Ctrl + zuriune-barra]. Hala, hitz horrekin lotuta Elhuyar Hiztegian dagoen informazioa azalduko da leiho berri batean.

Aplikazioa Windows, Linux eta Mac sistema eragileetarako dago erabilgarri, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren finantziazioarekin garatu da.

Hiztegi aplikazio horre eskuliburua hemen dago. Instalatzeko PC ordenagailuan ireki https://hiztegiak.elhuyar.eus/ eta irekitzen den pop-up leihoan, hemen irudian agertzen den bezala, dituzu estekak Windows, Linux eta MacOS aplikazio gehigarriak instalatzeko.

Erantzun

Sartu