Teknologia albisteak
2

Software libreko lizentzia europarrak edukietarako ere balio du orain

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-08-10 : 10:40

Europako Batzordeak duela aste gutxi berritu du EUPL software libreko lizentzia europarra, eta berritasun nagusia da, softwarekoa baino gehiago, era guztietako edukiei dagokien lizentzia librea dela orain.

1.2 bertsioa da argitaratu den bertsio berria, eta Europako Batasuneko egile-eskubide lege guztiekin da bateragarria. Era berean, IKT garapenak egiten dituzten erakunde publikoentzako bereziki lizentzia erabilgarri eta interesgarria da.

Hauek dira EUPL lizentzia berriak dakartzan berrikuntza nagusiak:

  • Irismen handiagoa. Softwareaz gain, datuak, dokumentuak, bereizgarritasun teknikoak eta estandarrak ere kontuan hartzen ditu bertsio berriak. Baita, jakina, "kode iturria", lehen bezala (softwarea bere horretan, alegia).
  • Bateragarritasun handiagoa. Kode eta eduki libreko lizentzia gehiagorekin bateragarria da EUPL 1.2. Horri esker, lizentziak erraztu egin dezake IKT garapenen berrerabilpena: erakunde desberdinek egindako garapenak batetik bestera aplikatzeko aukerak zabalduko dira, eta denbora eta baliabideak aurreztu daitezke horrela.
  • Malgutasun handiagoa. Erabiltzaileek aukera gehiago dute orain lizentzia eranskinekin moldatzeko (muina aldatzen ez den bitartean). Horri esker, eremu jakin batean aplikatu beharreko legedia ere aipa daiteke lizentziari gehituta, adibidez.

EUPL lizentzia 2007an sortu zen, eta 2009an berritu zen lehen aldiz. Orduko hartan, OSI edo Open Source Initiative delakoak ziurtagiria eskaini zion, kode irekiko lizentzia baleko gisa. Bigarren berrikuntza izan da 2017ko 1.2 bertsio hau, edukien gaira jauzi handi bate emanez.

EUPL 1.2 bertsioa, gaztelaniaz, frantsesez eta EBko gainerako hizkuntza ofizialetan, hemen aurki daiteke.

Erantzunak

2017-08-31 : 16:26

Kaixo:

Artikuluaren lehen esaldiak hau dio: "softwarekoa baino gehiago, era guztietako edukiei dagokien lizentzia librea dela orain".

Esaldi horrek gaizki-ulertuak sor ditzakeela iruditzen zait eta badaezpada, azalpen bat erantsi nahi nuke. Software bat garatu ez baduzu, ez erabili EUPL lizentziarik. Ea nire burua azaltzen asmatzen dudan:

EUPL software lizentzia da eta baita azken bertsio hau ere. Softwarea garatzean, softwarearekin lotura duten beste eduki batzuk sortu ohi dira (softwarearen dokumentazioa, softwarearen eskuliburuak, software eta protokolo estandarren zehazpenak...) eta eduki horiek softwarearen lizentzia berdinarekin babestu ohi dira nahiz eta softwarea ez diren. Eduki mota bakoitza desberdintzea astuna edo nahasgarria izan daiteke eta horregatik software lizentzia batek bestelako lizentzia batzuekin bateragarria izatea oso erosoa eta gomendagarria izan daiteke. Era horretan, softwarearekin batera lotutako beste edukiei ere lizentzia berbera jar dakieke eta kito. Hori da EUPL lizentziaren 1.2 bertsioak Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziarekin esplizituki bateragarria dela gehitzearen arrazoia.

Beraz, software garatzailea bazara edo software batekin batera kaleratuko den eduki bat sortu baduzu, softwareak EUPL 1.2 lizentzia badu, lotutako beste eduki horiek ere EUPL 1.2rekin lizentziatzea ideia ona da. Zehatzagoa izan nahi baduzu eta eduki horiei bestelako lizentzia bat jarri nahi badiezue, hori ere egin dezakezu, noski. Baina sortu duzuna software batekin batera banatuko ez bada, ez dizut gomendatzen EUPL lizentzia erabiltzerik, lizentzia hori softwarera zuzenduta baitago. Creative Commons lizentzia bat adibidez gomendagarriagoa izan daiteke.

Azkenik, aipatu nahi dut EUPL 1.2 2017ko lizentzia bat dela, aurtengoa, eta Creative Commonsek 2013an bere lizentzien 4.0 bertsioak kaleratu zituela, duela lau urte. Beraz, Europar Kontseiluak nolatan egin du EUPL berria 3.0rekin bateragarria eta ez indarrean dagoen Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziarekin? Beste inori niri sortu zitzaidan zalantza bera sortu bazaio, hona hemen erantzuna: dirudienez, EUPL 1.2 2012 urtean idatzi zuten eta 2013an azkendu. Itzulpenak eta bestelako tramiteak aurten amaitu badituzte ere, EUPL 1.2 lizentziaren edukia prestatu zutenean indarrean zeuden Creative Commons lizentzia-sortak 3.0 bertsiokoak ziren.

Informazio gehiago: https://joinup.ec.europa.eu/community/eupl/topic/public-consultation-draft-eupl-v12

Sustatu
2017-09-05 : 08:31

Eskerrik asko azalpenengatik, Txopi!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu: