Teknologia albisteak
3

Deskarga behar dugu, eta ez bakarrik Antzuola eta Zumarraga konektatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2012-01-05 : 09:01

Duela aste pare bat mahainguru batean izan nintzen EHUn (Leioan), eta antolatzaileek parte-hartzaileak gonbidatu gintuzten bazkaltzera. Kontu desberdinak aipatu genituen, baina nik gauzatxo bat atera nahi nuke han esandakoetatik: premia dugula euskarazko ikus-entzunezko deskargetarako. Gabonetan ikusi ahal izan ditudan dokumental interesgarri batzuek premia hori berretsi didate.


Errotulazio elebiduna, Bermeon, 1962an, Gotzon Elortzaren Elburua Gernika dokumentalean.

Batetik, aukera izan nuen Hasier Etxeberriarekin hitz egiteko Euskararen jatorria, enigma europar bat dokumentalaz. Ez nuen ikusi ETB1n eman zutenean (oso ordutegi txarra jarri zioten), eta EITB Nahieran-en egon badagoela jakin arren, streaming-a ez da neuretzat: 3G konexio batekin ibiltzen naiz etxetik eta ez da ganora. Konexio ona banu ere, ez dakit streaminga hobetsiko nuen, gainera. Niri gustatzen zait materiala disko gogorrean edukitzea, eta orain neure kasa ikustea, hurrengo batean norbaiti pasatu edo harekin ikusi, tartetxo bat ikusi eta afalostean jarraitu... Horretarako guztirako, kopia lokalarekin egin behar da, eroso egitekotan.

Kontua da Etxeberriak pasatu zidala deskargarako helbide pseudo-ezkutu bat, eta handik jaitsi nuen Mp4 fitxategi bat, egun batzuen buruan ikusi eta komentatu nuena. Baina ez dakit oso seguru zein den helbide horren estatusa: erdi gordea edo, nonbait.


Euskararen Jatorria dokumentala, Nahieran-en ikusgai

Nahieran komentatu zenez, Eitb.com-eko Lontzo Sainz ere han zegoen, eta argi utzi zigun bazkaltiarroi EITBren borondatea deskargen aldekoa bazela, baina eskubide aldetik eta, hori oraingoz ezinezkoa zela. Nik uste dut badagoela borondate ireki hori, eta ondo ari direla BBCren ereduak jarraitzen aurrera begirako urratsak planifikatzeko. Baina bitartean, neuri behintzat, streaminga motz geratzen zait. Gabonetan, adibidez, zabaldu dute kanpaina berriro hainbat film doan ikusi daitezkeela sarean EITBren eskutik: hor daude, bai, baina ez da deskarga eta...

Eta BBC aipatu dugularik, hark izango du bere zabalkunde politika ofiziala, baina hortik kanpo ere, produktuak zabaldu egiten dira. Irail eta urriaren artean, hizkuntzaren fenomenoaren inguruko dokumentala eman zuten, Fry's Planet Word, Stephen Fry aktore eta pentsalaria gidari zela, eta beraien streaming plataforman jarri ere bai, baina atal guztiak torrentetan ere badaude, eta handik jaitsi ditut nik. Halaxe ikusi dut nik Fry euskararen inguruan jarduren Juan Mari Arzakekin (10 minutu negargarri, egia esateko).


Elena Arzak, Stephen Fry (Donostia 2016ko amantalarekin) eta Juan Mari Arzak

Bazkarian zegoen beste bat Lander Arbelaitz zen, Argia-koa. Hauek ere ikus-entzunezkoen zabalkundean polito ari dira Interneten, eta Dokumentalak.com jarri dute martxan. Baina hau ere streaming da eta, horren ondrioz izan omen dituzte eskaerak, beren dokumentalak ikusteko ea beste modurik antolatu zitekeen: eta izatez, hasi dira halakoetan, emanaldi ziklo bat ere bai Zestoan, adibidez. Uste dut DVDak bidaltzen dituztela kasu hauetan. Baina, honi ere konponbide errazagoa ikusten diot: deskargarako jarri.


Dokumentalak.com-en ikus daitekeen lanetako bat, Emakumeak Far West-aren bihotzean.

Gabonetan beste dokumental batzuk ere iritsi zitzaizkidan esku artera: duela 50 urteko lan historiko batzuk, Gotzon Elortzarenak. DVD formatuan pasa zizkidaten, eta horrela ikusi ere. Neure blogean kontatu dut, ohar larri batekin datozela (ez kopiarik, ez ikuskatze publikorik... ohiko kaka anti-pirata). Berria-rekin doan banatu ziren, operazio logistiko konplikatu eta garesti batean, diru publikoz ordaindua, suposatzen dut. Baina ez dirudi Euskadiko Filmategiak sarean jarriko dituenik. Etxe horretako zuzendariari ekitaldi publiko batean egin nion galderagatik, esango nuke okurritu ere ez zaiela egingo deskargarik antolatzerik. Honen harira tuit batean Blanca Urgell kultura sailburuak erantzun dit, baina ez dut ondo ulertzen zer esan nahi duen. Gotzon Elortza bizirik dago: ba are motibo sendoagoa bere lana egoki banatzeko. Baina ez dut uste hori denik koxka: autore bizi edo hilak izan, Euskadiko Filmategian ez dago deskargarik edo deskarga planik.

Hemen deskargak egiten dituzten bakarrak Euskal Encodings komunitateko anonimoak dira. Tarteka, izen-deiturekin aurpegia ematen duen baten bat ere bada haien artean. Metodoari dagokionez, badirudi fitxategi handien karga-deskarga webguneetara jotzen dutela gehienbat (Rapidshare edo Megaupload estilokoak). Haiek jarri dute, adibidez, Lazkao Txiki animazio telesail ederra sarean, osorik. Hori okerra dela dioenak, argudiatu beza.


Lazkao Txiki, marrazki bizidunak

(Marrazki bizidunen beste biltegi hau ere badago, batzuetan Euskal Encodings-eko gauzak zerrendatzen dituzte, beste batzuetan ez nago seguru).

Gune horiena edo fitxategi handien kokapena baino sistema efikazagoa deritzot nik P2P sareei, eta hauetan bereziki (igual hala ohitu naizelako edo Interneten erabilerari dagokionez kapritxosoa naizelako) BitTorrent iruditzen zait. Fitxategi handi baten kokapena banatu egiten da horrela, eta zenbat eta toki gehiagotan egon, orduan eta azkarrago dabil. Banaketa merke eta efikaza da, eta, kontzeptualki ere: kopien aniztasuna bera da gordailua, artxibategi distribuitu bat. Neure blogean idatzi dudana errepikatuko dut:

Ondarea gorde eta artxibatzeko orduan, tic zaharrekin jarraitzen dugu hein handi batean. Ingelesen Magna Carta original famatua, erregeren jauregiko gela batean zegoen gordea, haren testua inork ez zezan nahastu. Baina 18. mendeko iraultza amerikarretik dakigu (edo jakin beharko genuke), gaur testu baten osotasuna ziurtatzeko metodoa ez dela gordailuko kopia bakarra, baizik eta masiboki produzitu eta banatutakoa: halaxe egin zuten iraultzaile amerikarrek beren deklarazioarekin, inprentaren erabilpen zabal batekin, ziurtatuz haien hitzak beren zentzu zorrotzenean ondo zabalduko eta gordeko zirela. Masiboki banatzea, ale bat gordetzea baino efektiboagoa baita. Eta ikus-entzunezkoetan, ez dago bitTorrent baino banaketa sistema egokiagorik. Gordetzaileak horretaz jabetzen ez diten bitartean, jai dugu. Ondo egin dute kultura arduradunek Elortza eraberritzen eta digitalizatzen. Baina oraindik egiteko dago bidea banaketan, zabalkundean, kulturaren hedapenean eta kontsumoan. P2P banaketa digitalak kontserbazio prozesuen parte izan beharko luke.

Eta ez bakarrik etorkizunera begira, baizik eta gaur gaurko gauzetarako ere. Ze aukera dut nik ikastolan ikaskide izan nuen Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariaren dokumental hau ikusteko? Ba... ez dakit. Baina norbaitek jarri beharko luke torrentetan.


Aizkora hotsak goi mendietan, dokumentala

Ez dut oso ondo ulertzen, material hauetan gehienetan behintzat, ze eskubide kontu edo diru-sarrera potentzialen galera jarri daitekeen aitzakiatzat, deskargaren kontra egiteko. Produktuak eginak daude, nola edo hala ordaindu dira, eta ez dakit telebistako pase posible batez aparte, ze beste diru-iturri aurreikus daitekeen ikus-entzunezko hauen etorkizunean. Aldiz, abantailak bistakoak iruditzen zaizkit: zabalkunde merkea, kultura interesgarriaren kontsumoa...

Erantzunak

Theklan
2012-01-05 : 11:25

EiTBren Nahieranen kasuan bada modu bat jaisteko, nahiz eta kalitatea EiTBk eskaintzen duena izan (nahiko baxua, noski).



StreamTransport du izena inbentoak. Bertan streminga egiten duen helbide bat jarri eta aukera ematen dizu jaisteko programa osoa.

Luistxo Fernandez
2012-01-05 : 12:13

Bai, Theklan, badaude moduak streaminga kapturatzeko. Ematen du StreamTransport hori Windowserako dela, eta Linuxen adituak ere asmatzen dituzte moduak...


Beste sistema bat da Download Helper luzapena erabiltzea Firefoxekin. Horrekin, jaitsi daitezke behintzat Gotzon Elortzaren hiru dokumentalen artean bi, Youtubetik zurrupa baitaitezke, zaletu batek baimenak hautsiz hara igo dituelako:
Aberria eta Elburua Gernika.


Bestalde, adibide positibo gisa, horra bat: Richard Dawkins Fundazioaren webgunean The Four Horsemen DVDa salgai dago, baina era berean ikuskapen eta deskarga moduak eskaintzen dituzte, horien artean BitTorrent.


Maite Goñi
2012-01-05 : 14:58

Diozuen bezala, moduak badaude jaisteko bideoak, etab. Nik ere Download Helper erabiltzen dut, baina garrantzitsuagoa iruditzen zait indarra egitea materialak (erakunde publikoenak direna, behinik behin) denon eskura eta erraztasunez jaisteko moduan ipintzeko.



Aurrekoan Udal Euskaltegi batean nengoen, Moodle ikastaro bat ematen (plataformari etekina gehiago nola atera alde pedagogikotik, etab.) eta hara non erakutsi nien poz-pozik bideoak eta audioak web orrietan txertatzen. Haiek hori oso ondo zegoela (asko gustatu zitzaien, egia esateko, eta erabiliko dute), baina ez zela nahikoa komentatu zidaten: ez dute beti Internetera sarbiderik; beraz, bideoak/audioak euren ordenagailuetan behar izaten dituzte. Euskaltegi eta eskola askorentzat, euskara ikasten ari den edonorentzat, besteak beste, EITBn eta HABEn dagoen materiala izugarrizko altxorra da eta ezinbestekoa litzateke, nire ustez, txertatu eta deskargatzeko aukerak ipintzea. Ez dut uste horrekin inor galtzen ateratzen denik eta asko eta asko irabazten aterako gara.

Erantzun

Sartu