Teknologia albisteak
20

Sortu izango da alderdi berria, baina Interneten?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-02-08 : 16:02

Garak aurreratu du gaur publiko egingo den alderdi berriaren izena: Sortu. Interneten, goizaldean bertan, norbaitek Sortu.info sortu du, baina ez dirudi alderdiarena denik... Inkesta sinple bat dakar webguneak, ea Sortuk hauteskundeetan egon behar lukeen ala ez. Ez dirudi ezker abertzalearen baitatik sortutako mugimenduak egingo lukeen galdera.

Eguneraketa, 15.30. Sorturen logoa ere ageri da orain www.sortu.info helbidean, eta adierazpen batzuetarako estekak. Erantzun batean iradoki digute, horixe dela alderdiaren benetako webgunea.

Inkestatxoa elebidun ageri da, baina bozkatu ondoren emaitzak ikusterakoan, errore txiki bat: eskerrikasko dena batuta, bereiz behar lukeena.

Sortu.com enpresa bat da, eta Sortu.net diseinatzaile baten erakusleihoa. Beste domeinu batzuk (.eu, .org) okupatuta daude, baina salgai.

Europa Press agentziak zabaldu duen albistearen arabera, Sortu hitzak Crecer esan nahi du (Hazi), eta zenbait hedabidetan errepikatzen ari dira, bai sarean, eta baita telebistan ere (Antena 3, gutxienez).

Erantzunak

Unai
2011-02-08 : 10:34

Atzo gauen esan zuten OndaVascan alderdi berriaren izena Sortu izango zela. Bilaketa egin nuen, sortu.com eta .net hartuta zeuden. .info-rekin ez nintzen gogoratu.



http://twitter.com/#!/unaimy/status/34735499285495809



Sortu.net libre zegoen, baina gaur goizean begiratu dut www.whois.eu webgunean eta okupatuta dago.

Sustatu
2011-02-08 : 10:35

Interneten dabilen beste kontu bat, #BatasunaRequisitos (Batasuna baldintzak) gakoa Twitterren. Euskaraz ere bai, Umap-en.

Sustatu
2011-02-08 : 12:04

Iruzkin ironikoa Twitterren. Eraikuntzara dedikatzen den enpresa denez Sortu SL, Sortu.com domeinuaren jabea, horrek "gainerako alderdien estandar demokratikoetatik gertu kokatzen du."


Ogoñope
2011-02-08 : 13:56

www.sortu.info

Izan bada!

txerra
2011-02-08 : 14:11

Orain dela urte batzuk (Soziolinguistika Klusterra sortu aurretik) Soziolinguistika Institutua Sortzen elkarteak zeukan sortu.org domeinua.

Josu
2011-02-08 : 14:57

Hamaikabat ikusi ondoren, are gehiago H1! ikusi eta gero, Sortu oso izen aproposa eta dotorea iruditzen zait; are gehiago eman dezakeen jokoarekin, Mendigurenek Eibartarrak posta zerrenda esan duen bezala:


izen honek, gainera, esloganetarako jokoa ematen du: sortu euskal herria, sortu ezkerra, gu sortu ginen enbor beretik, sortu dezagun x, izan zaitez sortzaile, e.a.

Sortu aproposa ikusten dut ezker abertzalearentzat. Aditz batek adierazten du zerbait egiten ari direla. Ez dute Segi-tzen, ez dute Jarrai-tzen. Sortu da egiten ari
direna. Ezker abertzale berria sortu, bide baketsu eta
demokratikoetatik eta indarkeri ororen kontrako posiziño batetik Estatu bat sortu nahi dutelako. Eta horrekin egoera berri bat sortu. Ilusioa sortu... eta segun norengan, egonezina ere sortu dute. :-)


mikelo
2011-02-08 : 20:40

Izena gustuko dut...baina logoa zeharo desegokia ikusten dut. Egia esan, nahiko kutrea delakoan nago, ez zait ezta tipografia, ezta koloreak gustatzen, baina beno...animo sortu!!!

jlazkarate
2011-02-09 : 11:05

Logotipoak ez dauka nondik heldu: kolore pastelak, letra-tipoa, beheko mozketa hori, izartxoa, japoniar kulturari keinu arraro hori...niri arroz edo zorrotxoko zopa marka bat etortzen zait gogora.

Presaka egindakoa...?

Sustatu
2011-02-09 : 13:15

Gaztelaniazko prentsan analisi hau egin diote logoari.


Hortik irakurria: logoak landare-olio marka baten traza duela.


X10
2011-02-09 : 13:55

Twitteren foterodelpanico -k hau zioen:


La secta de Las Doce Tribus también demandarán a Sortu por supuesto plagio de logotipo.

Hori ikusi aurretik niri ere sekta batentzat aproposagoa iruditu zitzaidan: koloreak, eguzkia...


Josu
2011-02-09 : 13:56

Deigarria egin zait Sorturen logoaren behekaldeko korte hori. Uste dut izan dezakeela esanahi bat, orain arteko ibilbidearekin mozketa bat dagoela.


Behetik gora ikusi dut nik kartela, eta mozketa ikusi dut lehenengo gauza. Gero, bola hori hori, eguzkia; egunsenti berria, uste dut baduela zerbait sortzearekin eta ilusioarekin zerikusi handia.


Eta goian izar bat. Eta 8 erpinduna. 8. probintzia ere kontuan hartzeko modukoa baita. :-)


Eta irakurketa horretaz aparte, deigarria egin zait letren mozketa hori. Orduan, pentsatu dut... zer gertatuko litzateke mozketa hori behetik egin beharrean, goitik egin izan balute? Eta probatu egin dut:



Argazkiak.org | Kortea Sortu © cc-by-sa: josu


Mezu subliminalen bat al dago Ezker Abertzaleak ETBn presentzia berreskuratu dezan?



Argazkiak.org | Sortu... Surio © cc-by-sa: josu


Josu
2011-02-09 : 15:53

Xa10ek esandakoa konrpobatu dut eta arrazoia dauka, Las Doce Tribus-en plagioa da! Argi eta garbi, honako honen eboluzioa da Sorturen logoa!



Argazkiak.org | Sortu, Las Doce Tribus © cc-by-sa: josu


Baina harrigarriena da Sorturen logoaren koloreena. Oso kolore pastelak dituela esan du hor goian jlazkaratek. Hori ikusita, logoari kolore biziagoa emateko, kontrastea igotzea pentsatu dut, eta... hemen emaitza:



Sortzez garbia
2011-02-09 : 16:19

Batzuek asko aspertzen zaretela dirudi... xD

i
2011-02-09 : 19:22

Logoa ikusirik argi dago ezker abertzaleak iraganarekin hautsi duela. Iraganeko diseinatzaile grafikoekin bai behintzat. Arerioek ere beti aitortu izan diote grafika erakargarriak sortzeko gaitasuna. Oraingo honetan berriz oso eskasa iruditu zait, penagarria. Sekta Hippie baten logoa dirudi. Kaskarra, nere ustetan.

Mikel
2011-02-11 : 00:29

Alderdi berria dela eta, Nafarroako Bortzerrietako (edo Bortzirietako) emakume adineko batekin ari nintzela, berak errana: "...baina gaizki ari dira izena erraten, ez? Sórtu erraten dute, Sortú erran beharrean".

Ez dut bazterrak nahasteko asmorik, eta badakit oraingoz azentu "batu"rik ez dugula (eredu bat baino gehiago), baina aditua dut aholku edo gomendioa emanen digun libururen bat bidean heldu dela. Bitartean, hona hemen nire galdera: nola erran beharko genuke, Sórtu edo Sortú? Edo bakoitzak nahi duen modura?

Niri alderdiaren izenak bertze bi egunkarirenak ekarri dizkit burura: Egin eta Gara. Eta bitxia da, egunkari horien izenen kasuan ere, Bortzerrietako emakumeak (eta nik ere bai) aisaxeago erranen genuen Egín eta Gará, baina uste dut Égin eta Gára entonazio edo azentuak gailendu zirela.

Mitxel
2011-02-12 : 14:19

Sórtu ala sortú


Sórtu ala sortú


Mikél (guk behintzat bokatiboak horrela azentuatzen ditugu), zurekin (eta Bortzirietako andrearekin) konforme: izatez gerotan, "sórtù", "égìn", "gárà", euskararen goora-ta-beherako doinu edo musika hori adierazteko: sekula ez, ordea, "sórtu", "gára", eta "égin" [éin], akaso, aginduetan-eta (ekósi/kósi ("ikusi"),etórri/tórri, eta antzekoetan egiten dugun bezalaxe). "Gara"z ari garela, berriz, arruntena "gure artean" "gá(r)a" izaten da (tórrigaà). (Bai, badakit xiberutarrak ez direla ados egonen)


Azentu bakar bat idazteak ere ez baitu hizkuntza honen musika (doinua, prosodia...) adierazten (bokatiboan eta aipatutako aginduetan salbu).


Beste alde batetik, zer da egunkariko "Gara" hori? "Garatu" aditzaren aginduzkoa? "Altuera" edo "garaia/garaiera" edo "ttonttorra"? "Tallo en las lechugas y otras hortalizas que por crecidas van espigando" (OEH)? "Tren-geltokia"? Aditz laguntzailea bada, jai dugu.


Mitxel
2011-02-12 : 15:46

Hor nonbait, behatza txirristatu ta "ga(r)á" eskribitu nahi nuen lekuan beste hori atera zait...


ikebele
2011-02-14 : 01:32

Ene harridura: Sorturen webgunean, eguna joan eta eguna etorri, espainierazko testua... Noiz arte ?

Ber gauza erran nezakeen Iñigo Iruinek joan den astelehenean testuaz NOIZ ARTE ?

Lapurditik ikusirik, iduri luke espainiar problema baten aitzinean garela.

Alta, uste nuen arazoa Euskal Herriarena zela.

I. Larrañaga
2011-02-14 : 08:21

Irudiak ez dira inuzenteak, esanahiz beteak daude, batzuk ikusgarriak eta beste batzuk zeharkakoak. Hala, ondo pentsatuta sortzen dira alderdi politikoen logotipoak. Kartelak, eskuorriak, telebista irudiak…Nonahi ikusten dira logotipoak, eta, horregatik, ezinbestekoa da estetikoki asmatzea. Ezker abertzaleak Sortu aurkeztu du aste honetan, zer dago irudiaren atzean?


Sortu, ezker abertzalearen alderdi berriaren logotipoaren analisia egin dut. Nire esperientzian oinarritutako azterketa besterik ez da, ahal bezain zabala, baina mugatua.


Eguzkia itsasotik ateratzen dago egunaren hasiera irudikatuz. Hori da logoaren irudia oinarrian: kolore laranjazko laukizuzena borobil erdi batek estalia. Konbentzionalki eguzkiaren goizeko agerpena irudikatzen du, SORTU izena bezala, jaiotza, egunaren zikloaren sorrera esan nahi du. Eta, ziklo horrek, gainean du izar bat, helburu bat, amets bat, kasu honetan, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa.


Elementuen banakako analisia


Izarra berria da. Aurretik bost puntako izar gorria erabili izan da askotan sozialismoaren ikur bezala, baita ezker abertzaleak ere. EAE-ANVk sei puntako izarra sortu zuen logorako 36ko gerra aurrean. Oraingoak, hurbilera begira,Sortuk Independentistak sarearen sinbolo bera jaso du. Beraz, independentzia bezala interpretatu daiteke zortzi puntako izar hau. Ez dakit zergatik Independentistak izar zehatz hau jo duen independentzia ikur. Kasu honetan izarraren kokapenak, zeruan, helburua, ametsa, jomuga irudikatzen du.


Koloreak; Horia eta laranja. Horia eguzkiaren kolore “naturala” bezala ikus daiteke hala erabili baita irudikapen gehienetan, eta laranja egunsentian zeruak hartzen duen kolorea bezala. Kolore horiek zer sinbolismo dute abertzaletasunarekin edo ezkertiartasunarekin? Ezer gutxi. Nik dakidala kolore hauek ez dira sinbolismoan erabili. Salbuespena, Herri Batasunaren kolorezko ikurrinako goiko bi triangeluak dituztela kolore horiek. Hortik at, nazioartean kolore hauek esanahi politiko ezagunik ez dutela esango nuke. Gurean? Azken aldian, laranja Euskaltel-en kolorea izan da, txirrindulari euskaldunena. Laranja honek, adibidez, Gasteizko jaietako txupinazoan indar handia hartu du. Bestetik, Herbehereetako herritarrek ere oso maite dute laranja kolorea, haien monarkiaren ikurra da eta. Anekdota: Euskalteli sinpatia diote koloregatik!


SORTU izena, behealdean kokatzen da eta letrak marra zuri batek banatzen ditu. Marra hori itsasoko olatuen edo uhinen irudikapen bezala ikusten dut.


Tipografikoki SORTU beltzez idatzia dago, eguzkiaren gainean. Letrak ez dira soilak, buztantxoak dituzte. Nolanahi ere, erakunde politikoetan modaz pasatako tipografia da. Ez da ez gogoratzek erraza, ezta kopiatzeko erraza ezta modernoa ere.


Iritziak


Gorka Landaburu kazetariak azaldu zuen Radio Euskadin, bere iritziz, eguzki honek “iluntasunaren aroa atzean gelditzen dela” irudikatu behar duela. Gara-ko editorialak hau dio Sortu hitzari buruz: Poetaren bertsook maiz gogorarazten dutenez, «…horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera».


Sustatu
2011-02-18 : 21:02

Sortu.info-tik berbidalketa bat dago irudi batera eta bertan, gaztelaniaz, adierazten da webgunea ez dela Sortu alderdiaren ekimenam albistegietan Sortu izena agertu zenean erregistratu zuela:


Esta pagina no es ni nunca fue la página oficial de Sort. La registre (cuando salió el nombre en las noticias) y todo el mundo dio por hecho que lo era.

Erantzun

Sartu