Itzuli orri nagusira Bidali hau

McDonaldsek zabor bilketa selektiboa egitea, garaipen txiki bat

© cc-by-sa  Gari Araolaza ¦ 2010-07-21 ¦ 07:37 ¦ herri-administrazioak

Egon bazarete Urbil merkatal zentroan dagoen McDonalds-en azkenaldi honetan, ikusiko zenuten zabor bilketa estandarrak ez duela han balio (hau da, bandeja osoa zabor poltsan hustutzearena). Zabor bilketa selektiboaren kontra dagoen kanpaina kontuan izanda, iruditzen zait McDonalds-ek egiten duena birziklatzearen aldeko garaipen bat dela.

Publizitatea

Duela pare bat hilabete tokatu zitzaidala Urbileko McDonaldsera joatea. Usurbilen dagoenez, eta han Atez Ateko sistema ezarri duenez Udalak, lehengo zabor bilketa estandarrak ez du balio han (hau da, bandeja osoa zabor poltsan hustutzearena).

Uste dut bandejak hustutzeko sistema hori dela McDonalds, Burger King eta horrelakoen ezaugarri klabeetako bat da antolakuntzan: zenbat zabor sortzen den hanburgesa, kokakola eta patata pakete batekin eta nola botatzen den dena zabor ontzira kolpe batean.

Kontua da Urbileko McDonalds horretan, lokalaren erdi-erdian gune bat bionboz itxi dutela, eta han barruan uzten dira bandejak orain. Langile bat egoten da han barruan, eta bandejaz bandeja, zaborra sailkatu eta poltsa desberdinetan jartzen du.

Argazki makinarik ez neukan eta hurrengorako utzi nuen, baina pentsatu nuen toki gutxitan egingo duela halakorik McDonalds-ek eta garaipen bat iruditu zitzaidan hori egitea lortzea. Gero pentsatu nuen agian Alemanian edo Europa iparraldean ere egin beharko dituela antzerako lanak. Ez dakit arrunta den ala harribitxi baten aurrean gauden.

Mundu osoan hori egin beharko balute, McDonaldsek azkar aurkituko luke beste soluzioren bat, zaborra ekidin edo gutxienez sailkatzeko.

Erantzunak

#1. Re: McDonaldsek zabor bilketa selektiboa egitea, garaipen txiki bat

Eskoriatzatik ¦ 2010-07-21 ¦ 09:18

Gu duela hiru urte Irlandan egon ginen eta hango McDonals baten ikusi genuen gaikako zabor-bilketa, baina norberak egin behar zuen. Hau da gaikako zabor-pote desberdinak zeuden eta norberak bota behar zuen plastikoa plastikotara... eta abar.

#2. Re: McDonaldsek zabor bilketa selektiboa egitea, garaipen txiki bat

leire narbaiza ¦ 2010-07-21 ¦ 10:47

Nire ustez, Gari, klabe azken esaldian dago: "Mundu osoan hori egin beharko balute, McDonaldsek azkar aurkituko luke beste soluzioren bat, zaborra ekidin edo gutxienez sailkatzeko.".
Itzela da zenbat zabor sortzen den holako tokietan, baso, plater eta abarrak, denak erabilera bakarrekoak direlako.
Beste alde batetik, oker ez banago, Urbil merkataritza gunea bilketa selektibo horretatik kanpora gelditu da. Hau da, makro-leku horretako dendek ez dute Usurbilen bertan dauden denden moduan egiten. Kanpoan geratu dira.
Gure supermerkatuetan kartoia sikiera banatuko balute!

#3. Errauskailuaren kontrako Greenpeace-ren protesta Diputazioaren Jauregian

Sustatu ¦ 2010-07-21 ¦ 11:32

Zaborren trataerarekin du zerikusia Donostian (Zubietan) egin nahi duten errauskailuak. Hain zuzen, horren kontrako protesta ari dira burutzen Greenpeace-koak Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean Donostian gaur asteazkenez. Hemen informazio, eguneratua.

Kea dariola tximinia bat jarri dute Foru Aldundiaren egoitzaren aurre aurrean.

#4. Zabor bilketa selektiboaren kontrako demagogia

Luistxo Fernandez ¦ 2010-07-21 ¦ 11:50

Arrazoia du Garik dioenean kanpaina dagoela bilketa selektiboaren kontra. Gipuzkoako botere faktikoen jarrera kontu honetan dementziala da. Aldundiko aginte-alderdiak, DV egunkariarena... Berak eman digun esteka horretan edo joan den astean argitaratu zen artikulu bikoitz honetan. demagogia definitzeko balio dezaketen adibideak daude:

  • Hala dio Hamaikabateko zinegotzi batek: "La gente esté muy cabreada, otra cosa es que no lo exterioricen, pero el enfado es palpable». Kanpora ez badute agertzen (exteriorizar) nola ote ukitzekoa (palpable) dela. Gaitasun telepatikoak izango ditu zinegotziak.
  • DVko kazetaria: "Esta nueva mayoría pondrá fin a unos años polémicos." Polemikoa da besteak daudenean goian, zutarrak daudenean normaltasun demokratikoa da.
  • Beste zinegotzi bat: "el Consorcio de Residuos, estaba actuando sistemáticamente en contra de las iniciativas de este organismo, que representa la voluntad de la mayoría de los guipuzcoanos"... herri-borondatearen ordezkaritza da Consorcio de Residuos bat?
  • Fernando Segura, DVko iritzigilea: "La Mancomunidad con más peso está dirigida por grupos políticos que actúan como abanderados del antisistema". Batzuen sistema da sistema, eta besteen sistema da antisistema.

Horrez gain, ez dakit ze politika dagoen Urbil zentroan bere osotasunean, baina McDonalds honetakoa positiboa iruditzen zait, Gariri bezala. Gainerako merkatariek zer egiten ez dakit, baina supermerkatuan beste Eroski guztietan bezala nonbait, errezibuarekin gastatzen duten paperarena arreta deitzekoa da.

#5. Re: McDonaldsek zabor bilketa selektiboa egitea, garaipen txiki bat

Beñat Irasuegi ¦ 2010-07-21 ¦ 12:14

Izan ere sortzen dugun zabor kantitatea erakustean dago nire ustez Atez Ateko zabor bilketaren indar nagusia.Zabor sorkuntza maila berdinetan jarraitzen badugu, zabor bilketaren kostuak handitzen jarraituko dute, asmatzen ditugun bilketa eta tratamendu sistema berri guztiekin ere. Gaikako bilketa zuzenak guk sortutako zaborra ikustarazten digu, ez du gordetzen, eta ni behintzat eskandalizatzen nau ia egunero edukiontzi horira botatzen dudan zabor kopuruak. Tamalez arazoa mutur aurrean ikusteak bultzatuko du gizartea soluzio egoki eta iraunkorretara.

#6. Re: McDonaldsek zabor bilketa selektiboa egitea, garaipen txiki bat

M.K. ¦ 2010-07-21 ¦ 12:51

Ondo iruditzen zait Urbilen McDonaldsek bilketa horrela egitea eta baita Irlandan ere. Baina beste kontu bat da non uzten diren bandejak McDonaldsetan, Usurbilen edo Estokolmon. Nik mahaian uzten ditut. Eskoriatzatik kontatu digute Irlandan eraman egin behar dituzula bilketara bandejak. Derrigor hala izan behar ote da? Uste dut jasotze lanak prezioaren barruan ordainduta daudela, eta langileak ez badira nahikoa, gehiago kontratatu beharko dituztela, enplegua sortuz.

#7. Re: McDonaldsek zabor bilketa selektiboa egitea, garaipen txiki bat

eneko ¦ 2010-07-21 ¦ 14:10

"Uste dut jasotze lanak prezioaren barruan ordainduta daudela" dio M.K.-k.

Askotan usteak erdi uztel. Zalantzak ditut, gasolindegietan zuk ipini behar diozu gasolina autoari, tabernetako terrazetan mahairaino zerbitzeagatik gehigarria kobratzen dizute (edo zuk joan behar edari-janari bila), dendetan zuk zeuk hartu behar dituzu liburuak edo janaria apalategietatik edo arropa esekitokietatik, ...

Prezioaren barnean dago gasolina ipintzea? terrazako mahairano zerbitzea? galtza urdin taila 38 guztiak zuregana ekarri eta erakutsi hipermerkatuan? tomate poteak zureganatzea? ... ala prezio garestiagoak lituzkete produktuek, saltzaileek zerbitzu horiek egin eta kamarero, gasolindegi enplegatu, saltzaile dendari, langile gehiago kontratatu behar izanez gero?

#8. Re: McDonaldsek zabor bilketa selektiboa egitea, garaipen txiki bat

atez ate ¦ 2010-07-21 ¦ 16:43

Luistxo, Urbilen ere bilketa selektiboa egiten da, etxeetako atez atekoaren rutina, egutegi, eta sistema berdinarekin, baina larunbatetan refuerzoa dago ontzi arinentzako. Horregatik biltzen du Usurbilek berez dagokiona baino hondakin (organiko) gehiago.

#9. Ronnie Macdonalden konpaktatzeko makina

Eli ¦ 2010-07-21 ¦ 20:31

Nik McDonald´s-entzat egin nuen lan 1980ko hamarkadaren amaieran Londresen. Ez ditut aipatuko lan baldintzak, "maclana" ("macjob") nazioartean ongi zabaldu eta erroturiko hitza baita.

Kexa asko jasotzen zituen orduan ere McDonald's-ek zabor pilo ikaragarria sortzen zuelako. Begi bistakoa zen arazoaren tamaina, egunero "jatetxearen" aurrean pilatzen ziren zabor poltsak ikusita. Arazoa konpontzeko neurria hartu zuten azkenean konpainiako exekutiboek. Jatetxe bakoitzera makina bat bidali zuten, "compacting machine", delakoa.Horren zeregina? Zaborra trinkotzea, gutxiago sortzen zela eman zezan: "Orain zabor poltsa bakoitzean lehengoko hamar sartzen ditugu", azaldu zidan, harro, managerrak.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz