Teknologia albisteak

Check-in egiteko aplikazioak: Foursquare, Gowalla, eta etorriko direnak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-04-07 : 13:04

Oporren aurretik Tuentiren estrategia lokalaren berri eman genuenean, esan genuen zein izango den horren hurrengo urratsa, mugikorretarako aplikazio batekin "laster, Tuenti erabiltzaileek aukera izango dute une bakoitzean zein lekutan dauden esateko." Dagoeneko badaude horretarako beste zenbait aplikazio, tokietan zaudela edo egon zarela adierazteko (check-in egiteko) balio dutenak. Foursquare eta Gowalla dira ezagunenak.

 

Foursquare eta Gowalla behar bezala erabiltzeko, mugikorraren bidez egin behar duzu nagusiki. Smartphone kategoriako mugikorra behar da, iPhone bat edo Android-ekin dabilen aparailuren bat egokiena. Webguneak ere badituzte, baina egiazki, horrek erreferentzia gehigarri baten antza gehiago du.

Funtsean, hirietan tokietan markatzen dituzu (inork ez baditu markatu aurretik), edo behin sortuta badaude, check-in egiten duzu: "hemen nago" esateko modu bat da (Euskaraz txekin egin aditz bihurtuko ote da?).

Zertarako?

  • Hirietako toki interesgarriak dokumentatzeko elkarrekin (Tagzaniak edo 11870.com-ek web bidez funtzio bertsua izan dezakete)
  • Lagunak topatzeko inguruetan... Bereziki Foursquare-rekin gertatzen da hau, oso bideratua baidago lagunetara eta lagunen arabera zure kokapen publiko edo ezkutatzera. Aldi berean, erabiltzaile eta toki dentsitate handia den lekuetan praktikoa izan daiteke, kalera irten eta jakiteko nondik dabiltzan zure kontaktuak. Dentsitate hori Manhattanen aurkituko duzu orain, newyorktar teknofiloen artean, baina ez oraingoz Bilboko Zazpikaleetan. Hala ere, Tuentik aplikazio mugikorra garatzen duenean eta Smartphonean gehiago hedatzen direnean, hemen ere ikusiko dugu antzekorik.
  • Check-in eginez tokietan sari birtualak irabaz ditzakezu: Foursquare-n dominak, alkatetza tituluak (toki bateko alkate zara! hala nola Ana Malagon Union Artesana kafetegikoa) eta halakoak lor ditzakezu. Gowallan gehiago da geocaching-aren moduko zeozer, toki batzuetan opari birtualak aurki ditzakezu, eta beste toki batzuetan utzi.
  • Sari birtualak, egiazkoak bihur daitezke, promozioen bidez. Hau da etorkizuneko bide komertziala aplikazio hauentzat. Denda edo lokal batzuek, saritu egin dezakete erabiltzailea deskontu batekin edo oparitxo batekin, bertara hurbiltzen badira Gowalla edo Foursquare bidez. Adibidez, Gowallak promozioa martxan du AEBetako Apple denda ofizialetan check-in eginez gero opari batzuk jasotzeko aukera izan dezazun.

Bi zerbitzu aipatu ditugu, baina gehiago ere etorriko dira. Esan dugu Tuentiren aplikazioa espero izatekoa dela. Beste batzuk dira Loopt, Brightkite edo Waze. Baina nagusitzat izendatu ditugunak konpara ditzagun.

Gowalla

Alde:

  • Web interfazea interesgarriagoa. Toki jakin baten esploratu daiteke... Horra Nafarroa aldean zer dugun, edo EAE inguruan zentratuta mapa, edo erdigune hori Lapurdira eramanda... Zoom ere egin dezakezu ikusmira horietan.


Argazkiak.org | Gowalla Donostian © cc-by-sa: sustatu

Kontra:

  • Erabiltzaile gutxiago, eta hortaz eduki dentsitate txikiagoa.
  • Mugikorretako aplikazioa ez omen da Foursquarerena bezain garatua. Android-ekoa probatu dugu, eta aplikazioaren bertsio horizontalik ez dauka, zenbait kasutan datu-sarrera zailtzen du hori, Qwerty teklatu bertikalik ez baitute Android daramaten zenbait telefonok.


Argazkiak.org | Gowalla mugikorrean © cc-by-sa: sustatu

Ondo eta txarto

  • Check-in egiteko GPS seinale argi bat eskatzen du, eta kokapen jakin batetik hurbiltasun dexente, eta horrek zailtasunak dakartza batzuetan. Baina aukera promozionalak handitzen ditu honek, ziurtasuna baitute promozio-sustatzaileek erabiltzaile toki jakin batean egon dela.

Foursquare

Alde


Argazkiak.org | Foursquare mugikorrean © cc-by-sa: sustatu

  • Tip edo aholkuak (oharrak) uzteko aukera tokietan. KMK-n doako wifia dagoela esan du Luistxok.

Kontra

  • Web interfazea ez da oso txukuna. Ezin dugu URL jakin bat eman Donostian zein toki dauden erakusteko.


Argazkiak.org | Foursquare Donostian © cc-by-sa: sustatu

  • Euskal Herrian erdarazko kaletegi eta izenei defektuzko nagusitasuna.

Ondo eta txarto

  • Check-in egitea errazagoa da, baina era berean bilaketa bat egin eta emaitzen artean check-in egin dezakezu, zu bertan egon gabe ere. Horrek promozio sustatzaileei interesa kentzen die, check-in faltsuak egin baititzakete erabiltzaileek.

Erantzun

Sartu