Teknologia albisteak
8

Kamioilari bati 4.601 euroko isuna, euskara erabiltzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia
zebrabidea
2010-02-04 : 16:02

Arabako garraiolari bati 4.601 euroko isuna jarri diote takografoaren diskoan data euskaraz jartzeagatik. Jaengo Guardia Zibilak HIRUko afiliatua den Arabako garraiolari autonomo bat salatu du ibilgailuaren takografoaren diskoan data euskaraz jartzeagatik, eta 4.601 euroko isuna jarri. Garraiolariak karguak kentzeko orria aurkeztu du, baina Andaluziako Garraio sailak atzera bota du, eta bigarren errekurtsoa jarri beharko du salaketaren aurka.

Eguneraketa, osteguna: Erantzun batean esan digutenez, Goardia Zibilak beste bertsio bat du, eta protesta egin behar du sindikatu batek Eusko Jaurlaritzaren aurrean, eman izan den informazioagatik.

Salaketa 2009ko irailaren 15ean jarri zioten. Guardia Zibilak ibilgailua geratu eta takografoaren (atsedenaldiak eta gidatze orduak kontrolatzeko gailua) diskoak erakusteko eskatu zion.

Kontua da data euskaraz idatzita zegoela, hau da, urtea/hilabetea/eguna. Guardia Zibilak hau "erregistoaren orria faltsutzea" dela dio, eta halaxe adierazi du salaketan:

Ibilgailuak atsedenaldiak eta gidatze orduak kontrolatzeko gailua (takografoa) darama, baina aparatuaren diskoan ageri den datak ez du gaurko datarekin bat egiten, gaurkoa 15/09/09 baita, eta 09/09/15 dago jarrita diskoan. Aurreko beste disko batzuetan ere arazo berdina gertatzen da eta horrek polizia-agentea nahasarazi du, ikuskatzea oztopatuz.

Ustezko "faltsutze" hori egiteagatik 4.601 euroko isuna jarri diote garraioariari. Honek kargua kentzeko orria aurkeztu zuen, eta bertan azaldu zuen takografoaren diskoetan ageri diren data guztiak zuzenak direla, data adierazteko orduan bere hizkuntza erabili duela, eta euskaraz, beste hainbat hizkuntzatan bezala (Ingelesa, Suediera...), datak ez direla gaztelaniaz bezala idazten. Andaluziako Juntako Garraio sailak iragan urtarrilaren 15ean Guardia Zibilaren salaketa bermatu eta jarritako errekurtsoa atzera bota zuen.

Informazioa HIRUkoek bidalita iritsi zaigu Hala Bediko erredakziora. Saiatu gara hiru.org-n lotura topatzen, baina, dirudienez, ez dute jarri oraindik.

Erantzunak

zebrabidea
2010-02-01 : 18:23

Hemen GARAkoa, gazteleraz:

http://ttiki.com/9918

Bertsojale
2010-02-01 : 20:13

Bidezkoa ez ezik, beharrezkoa ez al litzateke Eusko Jaurlaritzak berak helegitea aurkeztea? Hizkuntz Politikarako sailburu-ordetza zertarako dago? Ramon...

Joseba
2010-02-02 : 00:28

hemen kontua ez da errekurtsoa jarri eta salaketa kentzea bakarrik. baizik eta garraiolari horri eragindako burukomin, kezka, mespretxu eta hizkuntz eskubideen zapalketak kalteordaina jasotzea.



Jaurlaritzak errekurtsoa jartzea, oso ondo. baina kalteordaina kamioilariarentzat erdiesteraino!



estatuak konstituzioko 2. artikulua bera bortxatzen du horrelakoekin. hainbat espainiarren buruan elebakartasuna modus vivendi bat da, helburu bat ia.

Sustatu
2010-02-02 : 10:36

Izatez, euskaraz data emateko ordena hurbilago da nazioarteko ISO 8601 konbentziotik, gaztelaniazkoa dagoena baino. Estandar hori UUUU-hh-ee modukoa da, alegia 2010-02-02. Hori bai, urterako, bi zifra izan barik, lau.


Bertsojalek dioenaz, erakundeak ofizioz barik, norberak deituta ere funtzionatu dezakete: Hizkuntza eskubideen Sustatuko atal honetan, hor goian ezkerretara, bi esteka interesgarri dituzu, Eusko Jaurlaritzaren Elebide zerbitzuarena eta Behatokiaren Euskararen Telefonoarena.


Sustatu
2010-02-03 : 15:49

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskaintza egin dio Hiru sindikatuari kamiolari honi laguntzeko, Elebide zerbitzuaren bidez.


Agentziek zabaldutako prentsa-ohar bidez zabaldu da albistea, eta guk aurkitu dugu, adibidez, El Ideal de Jaén egunkarian (logika ere badu, Andalusian gertatu zen isuna). Oharrik ez da ageri ordea ez Kultura Sailaren webguneko albisteetan ezta Irekia atari berrian ere.


Txopi
2010-02-04 : 13:03

Guardia Zibilaren arabera, Hiru sindikatuak medioetara filtratutakoak ez dauka gertatutakoarekin erlaziorik, kamioilariari jarritako zigorra beste gertakari batzuengatik izan bait da.


Horregatik, Hiruren komunikatuak eta baieztapenak aztertuko dituzte legalki faltsukeria bezala salatuko dituzten ala ez erabakitzeko. Edozein kasutan Eusko Jaurlaritzan kexa bat jarriko dute.

Sustatu
2010-02-16 : 07:45

Berriak informatzen duenez, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila "ekimen propioz" harremanetan jarri zen Espainiako Sustapen Ministerioko Garraio Zuzendaritzarekin, eta hark Andaluziako Juntak zigorra baliogabe utz dezan lortu du. Garraio Sailak dioenez, kamioilariak isunaren kargua kentzeko orria aurkeztea nahikoa izanen du.


eneko
2010-02-16 : 14:57

Baina Eusko Jaurlaritzaren ekimenez hori lortu bada zertan da 6.erantzunean esaten dena? hau da GC-k beste kontu bategatik jarri ziola isuna eta ez euskaraz aritzeagatik? Gezurretan al ziren? ordainaraziko al diete?

Erantzun

Sartu