Zer da Sustatu?
Profesional euskaldunarentzako albistegi bat da Sustatu. Ekonomiaren alor desberdinetan (irakaskuntza, industria, zerbitzuak...) lanean diharduten eta prestatzen ari diren gazteentzako zerbitzu bat.
Teknologia Berrien eta Interneteko garaian ere, euskararen presentzia indartu eta bultzatzeak berebiziko garrantzia du. Baina Sustatu ez da berez "euskara bultzatzeko ekimen bat", baizik eta gai profesionalei buruzkoa, hori bai, euskaraz egina irakurle euskaldunentzat.
Badaude euskaldunak teknologia berrietan eta Interneteko eremuan lanean, hainbat industriatan eta alor ekonomikotan. Batzuk zuzenean euskarazko produktuekin, beste asko era askotako enpresetan hizkuntzarekin zerikusirik ez duten eginkizunetan. Jende profesional prestatua, gaztea eta euskalduna, badago. Baina ez da komunitate bat, baizik eta talde sakabanatu bat.
Taldekatzeko beharrezkoa den informazioa, gaur egunean zatikatua eta desegituratua ageri da. Lantokitik bertatik, ordenagailutik zuzenean informatzeko modu berria eskaintzen du Internetek, eta kanal berri erabili nahi dugu informazioaren sorkuntza eta hedapen eraginkorra lortzeko. Eta bide batez, uste dugu, proiektu berrien sorrera eta sinergien bideratzea ekar lezake. Hortaz, hauexek dira Sustaturen helburu nagusiak:
- Informazioaren sorkuntza eta hedapena.
- Profesional euskaldunen komunitatearen trinkotzea.
Helburu horretarako, komunitatearen partehartzea ezinbestekoa da. Sustatuko berri-emaileak irakurleak berak dira. Zu zeu, zauden tokian, informazio eta iritzi sortzaile bihur zaitezke. Zuzeneko aportazioekin, edo beste bide batzuetatik jaso dituzun oihartzunak zabaltzen. Gainera, Sustatuko albisteak ez dira artikulu soil eta itxiak: artikulooi erantzuteko aukera duzu, informazioa osatzeko, zuzentzeko, eztabaidatzeko.
Kredituak
Sustatu.com Goiena Komunikazio Zerbitzuek eta CodeSyntax informatika enpresak sortutako ekimena da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura
Sailak
diruz lagundutako hedabidea.

