Teknologia albisteak

Gabrielen Lekua antzezlanaren estreinaldia gaur Arriagan

Erabiltzailearen aurpegia
2013-10-29 : 15:10
Gaur arratsaldean estreinatuko da Bilboko Arriaga antzokian Gabrielen Lekua sentikari edo ikuskizuna. Hainbat artistaren (Andoni Egaña, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias, Oier Guillan, Alain Urrutia, Rafa Rueda, Iban Urizar eta Naia Membrillera) azken hilabeteotako lanaren emaitza den ikuskizun anitza Gabriel Aresti idazlearen figuraren inguruan.

Goizean emanaldi arrakastatsua egin dute, (nagusiki euskaltegietako ikasleentzat eta DBHko 3-4 mailetakoentzat) eta arratsaldeko 19:30ean estreinaldi ofiziala izango dugu. Sarrerak eros daitezke 10 edo 14 euroan Interneten eta Arriagako txarteldegian.

afitxa

Ekainean aurkeztu genuen Gabriel Aresti kultura elkarteak ekoitzitako ikuskizuna dugu Gabrielen Lekua. Ikuskizun honen helburua Aresti iraganetik gerora eroaten saiatu dira, haien sormenak erantsita. Esparru eta belaunaldi ezberdinetako sortzaileak izan arren. Oier Guillanen esanetan «Elkarrizketa artistiko bat» taularatuko dute. «Irudiak sentikariak behar dituen paisaiak sortuko ditu, emozioari begira betiere. Musikak kantagintzara gerturatuko gaitu. Hitza bertso eta olerki moduan egongo da presente, alegia, inprobisazioa, sorkuntza propioa eta Arestiren beraren testuak oholtzaratuz. Eta antzerkiak gorpuztuko ditu kezka guztiak, teatro fisikoaren ildotik, betiere, umorez, ironiaz eta autoironiaz esango nuke», azaldu du Guillanek.

Arestiren bizitzan «funtsezkoak» izan diren lekuak ezagutzeko parada ezin hobea izango da. Haren obran «sinbolismo berezia» izan duten lekuek osatuko dute sentikari honen hezurdura, Guillanen esanetan. Tartean, Bilbo, Ea, Arantzazu, Baiona eta atzerria.

Gaurko estreinaldian salgai egongo da, halaber, inprimategitik heldu berri, abiapuntu eta izen bereko baina eduki ezberdineko disko-liburua. Paddy Rekaldek, Luigi Anselmik, Hedoi Etxartek, Amaia Lasak, Oier Guillanek eta Andoni Egañak idatzitako testuak ditu liburuak. Diskoak, bestalde, Rafa Ruedak musikatutako eta Oier Guillanek deklamatutako Arestiren zenbait olerki dakartza, baita Andoni Egañaren zenbait bertso ere, besteak beste.

Estreinaldiaren eta sentikariaren inguruko informazio guztia aurkituko duzue Gabriel Aresti kultura elkartearen webgunean eta BERRIAren webgunean.

Erantzun

Sartu