Teknologia albisteak

Balantze presazko eta kiniela ausazko bat

Erabiltzailearen aurpegia
2015-09-25 : 12:39

Ostiralean ikusi ditugu sail ofizialeko azken bi lehiakideak: Marc Recha katalanaren "Un dia perfecte per volar" eta Philippe Lesage kanadarraren "Les démons". Biak ere haurtzaroan zentratuak, eta biak ere alde batera uzteko modukoak.

Gaurkoak baztertuta, beraz, balantze azkar eta porra antzeko bat egingo ditut. Beste sailetan gauza interesgarri franko ikusi omen dituzte, irakurri eta entzun dudanez, baina nik jarraitu dudan sail ofizialean, aspaldiko sortarik eskasena suertatu zaigu.

Lehian zirenen artean, dudarik gabeko film on, indartsu eta edertzat jo ditzakegunak, nire ustez, Asier Altunaren "Amama" eta Ben Wheatley-ren "High Rise" dira. Horien artean egon beharko lukete film onenaren eta zuzendari onenaren sariek. Zein nori, epaimahaiak daki.

Horiez gain, beste bi pelikula aipagarri: Cesc Gayren "Truman", txukuna baina mugatua, eta Terence Daviesen "Sunset Song", dohainez betea baina osotasunean huts egiten duena, nire aburuz. Baliteke horiek ere saritu nagusien artean egotea; nire esku balego, aktore onenentzako sariak banatuko nizkieke, kontsolazio moduan: gizonezkoena Ricardo Darín-i, emakumezkoena Agyness Deyn-i.

Gidoi eta argazki onenen sariak, nire bi faboritoen artean partituko nituzke, baina loteriaren antzera sariak oso banaturik egotea komeni bada, beste bi hautagai aipatuko ditut horientzat: Larrieu anaien "21 nuits avec Pattie" eta Pablo Agüeroren "Eva no duerme".

Asmatu, ez dut seguru asko bakar bat ere egingo, baina ezingo da esan busti ez naizenik. Edonola ere, bihar jakingo dugu erabakiaren berri.

Erantzun

Sartu