Teknologia albisteak

Donostialdeko ikastetxe publikoetako zuzendarien agiria

Erabiltzailearen aurpegia
2016-06-13 : 16:59

Gaur hemen zuen aurrean agertzen gara Hezkuntza sailak esleitu dizkigun giza baliabideen zerrenda dela medio, 2016/2017 ikasturteko beharrei aurre egiteko gure ikastetxeetan sortu diren egoerak, kezkak eta zailtasunak jendarteari adieraztera. Eskola publikoak dituen erronkak handiak dira, eta gu horiek erdiesten saiatzen gara gure egunerokotasunean. Hala ere, berriro diogu ezinezkoa zaigula erronka hauei modu egokian aurre egitea ikastetxeetara heldutako baliabideek ez dutelako bat egiten bizi dugun errealitatearekin.

Erronka hauek era guztietakoak dira, baina ezezagunagoak diren horietatik hasiko gara:

  1. Hezkuntza Sailak bai kudeaketa mailan, bai ikasleen hezkuntza lanetan digitalizazioa sartzera bultzatu gaitu. Baina helburu hau lortzeko baliabideak behar ditugu bai pertsonalak, baita, ekonomikoak ere. Hezkuntza sailak lanpostuen zerrendan ardura hori beteko duen plaza izendatzea eskatzen dugu. Bestela, nork egin, LH 3. zikloko ordenagailu eta arbelen jarraipena eta konponketa bideratzea? Nork ordenagailu gelen jarraipena eta programa desberdinen txertaketa? Nork hartuko du parte Berritzegunetako arlo honetako mintegietan? Nork egingo du Hezkuntza Sailak berak arlo honetan ezartzen dituen ildoen ikastetxeratzea? Nork gidatuko du arlo honetako formazio ardura? Nork egingo du ikastetxeetako web orrialdeen mantenua? Baliabide hau, IKT arduraduna, ikastetxe guztietan ezartzea ezinbesteko dugu gaur egungo gizartean, egin Sarean plana edo Sarean planik gabe ere.
  2. Era guztietako aniztasunari erantzuteko, premia bereziei aurre egiteko, irizpide argiak jarraituz lan egingo duen talde egonkorra behar dugu ikastetxeetan. Gaur egun, gero eta murritzagoa da talde hau eta behin-behinekotasun handiarekin egiten du lan. Aniztasun zabala, HPBko ikasleak, EAEra ikasle etorri berriak... guztiek dute tokia gure eskoletan eta modu inklusiboan lan egiten dugu. Aniztasunaren kudeaketa honetan murrizketak ere topatzen ditugu eta baldintza hobeak behar ditugu ikastetxeetan ikasleok era egokian artatzeko. A holkulariak, logopedak (ENM), PTak, HIPIak, hezkuntza laguntzarako espezialistak falta ditugu ikastetxeetan.
  3. Kudeaketa administratiborako langileak behar ditugu ikastetxe guztietan. Gaur egun, aurrez adierazi dugun bezala, ikastetxeetako kudeaketa osoa aplikatiboen bitartez egiten dugu, eta askotan ez dira intuitiboegiak. Hezkuntzako alor desberdinetatik eskatzen dizkigute datuak… ekonomia kudeaketa osoa administrari bagina bezala egitea eskatzen zaigu. Egunero, ordu asko galdu behar ditugu eskolako beharretarako praktikotasun gutxi duten aplikazioetan, ikastetxearen datu asko eskuz pasatzera behartuta sentitu gara. Aplikazio hauek itxiak direnez, sarri ezinezkoa izaten da datuen inportazioa egitea, eta hainbat eta hainbat datu bi edo hiru aldiz eskuz idatzi behar izaten ditugu. A dministratiboak HH eta LHko zentroetan behar ditugu eta guztietan diogu, 12 gelako ikastetxe batentzako ez delako lanpostu hori esleitzen… Ez dute hauek kudeaketarik egin beharrik?
  4. Liburutegiak: ACEX programaren bidez genituen giza baliabideak erdira kendu dizkigute aurten (94 lanpostu erdi zehatz-mehatz) eta datorren ikasturterako, berriz, desagertu egingo da toki gehienetan. Programa honetako irakasle zerrenda, hasiera batean, hizkuntz eskakizunik gabeko langileek osatu zuten. Hala ere, haiek, eta beren ondorengoek liburutegietan, eskolan eta eskolaz kanpoko ekintzetan egindako lana ekarpen handikoa izan da ikastetxeetan. Zer gertatuko da eskola liburutegiekin eta horietan burutzen den lanarekin? Inork pentsa dezake giza baliabiderik gabe martxan jarraituko dutela bere gisa? Eskola liburutegiak ezinbestekoak dira, beraz, daudenak mantendu eta beste ikastetxeetara zabaltzea eskatzen dugu. Ez ditugu beste puntu batzuk ukitu nahi gaurkoan, eskakizuna lanpostuen zerrendetara mugatzea erabaki baitugu. Horrek ez du esan nahi beste zenbait gai ahaztuak ditugunik: ordezkapen eta lizentzien gaia: nola kudeatzen den, zenbatetan ez den betetzen; geletako ratioena, funtzionamendu eta ekipamenduetarako Hezkuntza Sailaren ekarpen ekonomiko eskasa, eta abar.

Azken finean, gaurko agerraldi honen bidez eskatzen duguna zera da, erakunde publikoek irakaskuntza publikoa benetan zaintzea.


Sinatzen dute :

  • Aiete Ikastetxea
  • Aitor Ikastola
  • Altza herri ikastetxea
  • AmaraBerri
  • Amassorrain Ikastola
  • Arantzazuko Ama Ikastola
  • Astigarragako Herri Eskola
  • Katalin Erauso
  • Herrera Ikastetxea
  • Ibai Ikastola
  • Igeldo Herri Eskola
  • Ikasbide Ikastola
  • Intxaurrondo Hegoa
  • Intxaurrondo Ikastola
  • Jakintza Ikastola
  • Lauaizeta Ikastola
  • Mendiola
  • Orixe Ikastola
  • Zuhaizti
  • Zubieta

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu: