Teknologia albisteak

"Euskararen normalizazioan eragiteko, hizkuntza politika berezitua behar dugu udalerri euskaldunok"

Erabiltzailearen aurpegia
2015-10-05 : 14:24

Legegintzaldi berriko lehen batzar nagusia egin zuen larunbat goizean Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Azpeitiko San Agustin kulturgunean, eta Josu Labaka zinegotzi azpeitiarra hautatu zuten batzarkideek UEMAren lehendakari, hurrengo lau urteetarako. Labakarekin batera, zuzendaritza batzordea osatuko duten beste hamar kideak ere hautatu zituzten batzarrean bildu ziren alkate eta zinegotziek. EHBilduk, EAJk eta independenteek dute ordezkaritza zuzendaritza batzordean. Labakak, kargua hartu eta berehala, elkarlanean lanean aritzearen garrantzia nabarmendu zuen.

Gaur egun, 73 udalerri dira UEMAko kide, eta kopuru horri eustea ez ezik, legealdi berrian herri gehiagori atea zabaltzea eta euskararen arnasguneak sendotzen segitzea da asmoa. Lehendakari kargua hartu eta berehala egin zituen lehen adierazpenetan, Josu Labakak eskerrak eman zizkien batzarkideei, emandako konfiantzagatik, eta baita Maren Belastegi aurreko lehendakariari eta zuzendaritza batzordekide guztiei ere.

Orain, lekukoa hartuta, lana soberan dutela nabarmendu zuen, eta “arduraz eta ilusioz” egingo diotela bideari. Izan ere, “euskararen normalizazioan liderrak izatea dagokigu udalerri euskaldunoi eta euskararen arnasgune garen guztioi” adierazi zuen. “Lidergoak, ezinbestean, hizkuntza politika berezitua behar du, batetik arnasguneak zaindu eta zabaldu ahal izateko, eta bestetik gune erdaldunagoak euskarara ekartzeko. Politika berezitu horiek erabaki aurrerakoi eta ausarten eskutik joan behar dute ezinbestean, eta horretarako oso garrantzitsua da udalerri euskaldunak saretzea”. Saretze horretan denon lana beharrezkoa delakoan, Labakak elkarlanean aritzeko deia egin zien erakunde publikoei, alderdiei eta euskalgintzako eragileei.

Josu Labaka (Azpeitia, 1978) Azpeitiko udal gobernuko kidea da gaur egun. Zehazki, Euskara, Kultura, Zerbitzu Orokorrak eta Parte-Hartzea sailetako zinegotzi arduraduna da. Herri mugimenduetan ibilbide luzea egin ondoren, azken urteotan komunikazioan aritu da lanean.

Hainbat alderditako kideek osatzen dute zuzendaritza batzorde berria

Lehendakari berria ez ezik, hurrengo lau urteotan UEMAren Zuzendaritza Batzordea osatuko duten udal ordezkariak ere izendatu zituen gaurko Batzar Nagusiak.  Honakoak dira:

· Lierni Altuna (Aramaio)
· Onintze Amezaga (Gatika)
· Mikel Ansotegi (Aulesti)
· Maider Arrieta (Lesaka)
· Amaia Azkue (Berastegi)
· Andere Enbeita (Muxika)
· Nekane Iribar (Zarautz)
· Josu Labaka (Azpeitia)
· Manuel Labaka (Beizama)
· Eneka Maiz (Etxarri Aranatz)
· Josetxo Mendizabal (Zestoa)

UEMAko kide diren herriek duten ordezkaritzaren arabera osatu ohi da Zuzendaritza Batzordea, beti ere herrietako aniztasun politikoa ahal den egokien islatuz. Horrela, oraingoan ere, batzordekide berrien artean, EH Bilduko eta EAJko alkate eta zinegotziak daude, hautetsi independeteen ordezkaritzarekin batera. Era berean, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako hautetsiek osatzen dute berriro ere UEMAren zuzendaritza.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Batzar Orokorra amaitu ostean UEMAk hedabideei bidalitako prentsa oharra (PDFan, hemen irakurgai).
· Adostasuna, eskubideak ardatz (Berria, 2015-10-04).
· Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotzia aho batez hautatu dute Uemako lehendakaria izateko(Urola Kostako Hitza, 2015-10-03).
· Josu Labaka izango da UEMAko lehendakari barria (bizkaie.biz, 2015-10-05).
· Josu Labaka: “Euskaraz aritzeko lege babesa artikulatu behar du Udal Legeak” (Euskadi Irratia.Faktoria, 2015-10-05).
· Josu Labaka udal zinegotzia da UEMAko lehendakari berria (uztarria.eus, 2015-10-05).
· Josu Labaka UEMAren lehendakari berria izendatu dute (azpeitia.eus, 2015-10-05).

Erantzun

Sartu