Teknologia albisteak

"Pausorik pauso, ikastola auzolanean", Nafarroako ikastolen sorrerari buruzko dokumentala

Erabiltzailearen aurpegia
2013-12-22 : 15:11
"Pausorik pauso, ikastola auzolanean" Lizarrako Ikastolaren sorrera eta hasierako hamarkadetako historia kontatuz, horrekin batera Nafarroako eta Euskal Herriko ikastolen historiari buruz ere hainbat testigantza biltzen da. Datorren ostiralean, abenduaren 27an, Lizarrako Golem zineman 18:00etan eta 20:00etan izanen dira estraineko emanaldiak.

Historiaren zati bat, herri bat bere etorkizuna eraikitzen. Herriak sortu zuen ikastola euskal kultura eta euskara berreskuratzeko, agintariek inolako asmorik ez zutelako.

Francoren agintealdiko azken urteetan gertatu zen nolabaiteko “irekiera” probestuz, berriro ere, bigarren aldiz, zenbait herritar ikastola eraikitzen hasi ziren 60-70ean. Herri ekimena izan zen, herriarengandik jaio zen asmoa eta herriak berak auzolanean ekin zion lanari. Sorreran, lehenbiziko eta sendotze urteetan zailtasun ekonomikoei eta eragozpen politikoei elkarlanean aurre eginez lortu zen proiektu herrikoiaren historia eskaintzen da.

Egileek, Ricardo Galdeanok eta Pello Etxanizek, orain dela hiru urte ere ikastolei buruz egin zuten beste dokumental bat, orduan Errepublika garaiko ikastolari buruz, "Se prohibe la palabra, Errepublikako Lizarrako ikastola", helbide honetan osorik ikus daitekeena:  http://vimeo.com/11615939


Erantzun

Sartu