Teknologia albisteak

Hezkuntza eleanitza eta hizkuntzen arteko bizikidetza aztergai New Yorkeko Bernardo Atxaga Katedraren programan

Erabiltzailearen aurpegia
2013-10-03 : 18:55

Aurten ere Etxepare Euskal Institutuak New Yorkeko CUNYn duen Bernardo Atxaga Katedrak euskal kulturari buruzko doktoradutzako programa akademikoa eskainiko du; aurtengoan hezkuntza eleanitza izango du aztergai. Ohiko legez, kultur programa irekia ere antolatu du Etxeparek, oraingoan harremanetan dauden hizkuntzei buruzko eta bizikidetzan dauden komunitateen gaineko jarduerez osatua; Mikel Laboa ere gogoan izango dute, kontzertu baten bitartez.  Programa prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur.

”Multilingual Education: Basque and International Perspectives” CUNYko The Graduate Center ospetsuko formakuntza eskaintzak Jasone Cenoz UPV/EHUko katedraduna hartuko du irakasle gonbidatu gisa, urriaren 7tik 11era bitartean. Jorratuko duen gaia hezkuntza eleanitza izango da, euskal zein nazioarteko ikuspegitik.

”Languages in Contact, Communities in Coexistence” kultur programa irekia, berriz, urriaren 7an eta 9an burutuko da.  

Urriaren 7an bi aditu-talde elkartuko dira CUNYn.  ”Basque Language and Basque Society Today” biltzarrean  Jasone Cenoz (UPV/EHU), Jacqueline Urla (University of Massachusetts, Amherst)eta Itziar Idiazabal  (UPV/EHU – UNESCO Chair on World Language Heritage), euskararen eta euskal gizartearen egungo egoeraz ariko dira, CUNYko The Graduate Center-eko José del Valleren laguntzaz.   ”Políticas lingüísticas, políticas de convivencia: el caso catalán, gallego y vasco” izango da segidan aztergai izango den gaia; adituak Patxi Baztarrika (EJko Hizkuntza Politikarako Sailburuordea), Anxo Lorenzo (Galiziako Xuntako Kultura Idazkari Nagusia) eta Eva J. Daussà (State University of New York at Buffalo) izango dira eta Mari Jose Olaziregik moderatzaile lanak egingo ditu.

Urriaren 8ko ekintzak New Yorkeko John Jay College-eko Black Box Theater antzokian izango dira: batetik Mark Kurlansky estatubatuetar kazetari eta idazle ezagunak euskaldunen munduari buruzko hitzaldia emango du; bestetik, Iñaki Salvador piano-jotzaileak Mikel Laboa omenduko du ”Mikel Laboa, in memoriam” kontzertua eskainiz. Institutuak UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin batera antolatutako ekintza da, laster hitzarmen bidez jasoko den elkarlanerako egitasmoaren baitako lehena.

Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du urtero Bernardo Atxaga Katedra, City University of New York-eko The Graduate Center gunearekin batera.

Aurten laguntzaile gisa aritu diren beste erakundeak izan dira: UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila,  Eusko Jaurlaritzako  Estatu Batuetako Ordezkaritza, John Jay College, Institut Ramón Llull eta Xunta de Galicia.

Bestalde, Institutuak New Yorkeko Euzko Etxearen 100. urteurrenaren ospakizunarekin bat egin du, haien ekintzen programa osatzen lagunduz.

2013, BERNARDO ATXAGA KATEDRAREN PROGRAMA

Argibide gehiago: www.etxepare.net

Erantzun

Sartu