Teknologia albisteak

Juanjo Araolaza euskaltzale eta podologoa hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-04-12 : 18:54

Juan Jose Araolaza Lahidalga (Zizurkil 1943-5-13) atzo hil zen Eibarren. Euskaltzale ezaguna eta saiatua izan zen, Elgoibarko eta Eibarko gizarte bizitzan eta euskaltzaleen artean ezaguna, eta baita podologo gisa egin zuen lanagatik. Tanatorioan zainduko du familiak gaur arratsaldez eta bihar larunbat goizez, eta hileta bihar 19.00etan izango da Eibarren (ikus eskela).

Zizurkildarra zen sortzez, baina 11 urte zituela etorri zen Elgoibarrera bizitzera, aitaren lanagatik. Zaragozara joan zen ikastera eta handik Madrilera gero, Podologia ikasketak egitera, eta handik bueltan, 1970ean, Ongarri Kultur Elkarteko eta Elgoibarko Izarrako kide egin zen, Elgoibarko Ikastola sortu zuen elkartekoa, eta ikastola horretako lehendakaria ere izan zen, ikastola legalizatu aurretik eta osteko urteetan. Ikastola berria egiteko guraso-taldean, kooperatiba egin eta ahalegin kolektiboaz jabetzeko guraso/bazkide guztiak banan-banan notariatik pasa-arazteko lanak hartu zituen, besteak beste.

Elgoibarren Aubixa aterpetxearen eragile ere izan zen 1970. urtearen bueltan, 30 urte zituela otu zitzaion Juanjo Araolazari euskararentzako aterpetxe bihurtzea Aubixa. Historia hori Ahotsak atarirako grabatu zuen. Elgoibarko Barren agerkarian informazio gehiago gaurko artikuluan.

Podologia kontsulta eta denda Eibarren jarri zuelarik, hango gizarte bizitzan ere inplikatu zen, besteak beste Eta Kitto euskara elkartearen sorreran, eta baita Eibar.org Interneteko erabiltzaile talde euskaldunean.

Hiru seme-alaba izan zituen Juanjok, Garikoitz Araolaza ingeniaria (Sustatu egiten duen CodeSyntax enpresakoa), Oier Araolaza dantzari eta antropologoa, eta Maialen Araolaza musikari eta fisioterapeuta. Gure besarkada beraientzat.

Erantzun

Sartu