Teknologia albisteak

Elgoibarren egindako tresnak daramatza Marterantz jaurtitako Perseverance gailuak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-07-31 : 10:18

Atzo abiatu zen Marte planetara NASAk prestaturiko azken misioa. Atlas V izeneko kohetea jaurti zuten, eta Martera iristean Perseverance izeneko moduloa askatuko da eta lurreratuko da. Perseverance mugitzen hasiko da jarraian, dena ondo badoa, ibilgailu bat baita, rover bat. Perseverance roverraren bi tresna inportante Euskal Herrian eginak dira, Elgoibarko AVS enpresan.

Irudiko bi osagarri horiek, Perseveranceko parte nagusietakoak ikusten denez, egin dituzte AVSn (Added Value Solutions).

MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer) delakoak neurtuko ditu Marteko haizearen abiadura eta norabidea, presio atmosferikoa, hezetasuna, hozberoa eta eguzkiaren irradiazioa. Eguraldi estazio bat da, funtsean, eta balioko du ez bakarrik Marteko eguraldiaren datuak Lurrera ekartzeko baizik eta gailuaren beraren gidaritzan laguntzeko.

Beste tresna, SuperCam deritzona, Perseveranceren masta nagusian doa. Marteko gainazala aztertzea du helburu, aztarna biologikoen bila; laginak hautatzea, etorkizunean lurrera itzultzeko; eta Marteko etorkizuneko misioetarako bidea prestatzeko. Urrutiko kimika eta mineralogia analisiak egiteko gai den tresna hau elkarlanaren ondorio da. Malagako, Madrilgo Complutenseko eta EHUko ikerlariek hartu dute parte, baita Espainiako INTA eta CAB zentroek.

SuperCam-en barruko analisi kimikoen gailu hori, 20 zentimetro eskaseko diametroa duen plaka bat da, eta tenperatura eta presio-baldintza muturrekoak jasateko gai da. Euskal ekarpena egin dute EHUko kimikarien IBEA taldekoak (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa), eta harapen industriala, esan bezala, Elgoibarren. 

Atlas suziria otsailean iritsiko da Marteko orbitara, eta 2021eko otsailaren 18an jaitsiko da Perseverance planetara. Atzoko jaurtiketan, Floridan, egotekoak ziren AVSko ingeniariak, baina Koronabirusaren pandemiagatik bidaia barik geratu ziren tamalez.

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago