Teknologia albisteak

Tsunami D, Kataluniako protesta antolatzeko aplikazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-17 : 12:19

Tsunami Demokratikoa izeneko mugimendu bat antolatu zen duela aste batzuk, Kataluniako buruzagi politikoen kontrako epaiari aurre egiteko. Aurpegi edo izen agerikorik ez duen antolakunde horrek aplikazio bat zabaldu du, protesta ekintzak sustatu eta antolatzeko helburu teorikoarekin, eta segurtasun informatikoari arreta handia eskainiz. Aktibazio kode bat lortu eta instalatu egin dugu.

Android aplikazio bat da, katalan hutsez dago, eta ez dago Google Playn, baizik eta .apk fitxategi baten bidez instalatu behar da. Instalatuz gero ere, ez da aktibatzen: dagoeneko aplikazio aktiboa duen beste lagun batek pasatu behar dizu QR kode bat. Nonbait QR kodeek iraugipen data dute, eta bakoitza aldi gutxi batzuetan instalatu daiteke.

Guk Kataluniatik lortu dugu kode bat, eta instalazioa burutu dugu, baina horrekin ere ez dugu pista handirik lortu. Batetik, zerbitzariekin lotzeko denbora asko behar du aplikazioak. Auskalo segurtasunagatik, edo trafiko faltsua eragiten diotelako sabotatzaileek. Eta, printzipioz, ez dago egiteko askorik: zure disponibilitatea adierazi behar duzu ezarpenetan, ea asteko zein egun eta ordutegitan zauden "ekintzarako" prest, eta ze baliabide dituzun: garraiorakoak bakarrik. Hori gordeta, nodo zentralek jakingo dute noiz lagundu dezakezu, eta nola zure kokapena ere partekatzen duzun, zure "laguntza" behar badu ekintza batek, jasoko omen duzu ohar bat aplikazioan.

Hori da teoria, baina erabilpen hori egiten ari direnik, ez dirudi oraingoz. Ze ekintzatarako zein dei izango diren, oraingoz ez dago garbi, ezta deiok egiten direnean ere efektiboa izango den ala ez. Kataluniako protestetan desobedientzia eta erantzun baketsuekin lerratu da Tsunami Demokratikoa, baina azken egunetan, ekintza horietako batzuetan beste jarrera batzuk gertatu direnez (edo behartu dituztenez, auskalo), agian zuhur ari dira batzuk ea aplikazioaren bidez ezer aktibatu behar duten, aktibazioak norantz joko duen garbi izan gabe. Hedabideek zera esan dute oraingoz Tsunamiaren kupulaz:

  • Urriaren 1eko erreferendumean hautestontzi banaketa egin zela oraingo egitura berdin edo bertsuarekin, modu klandestino eta ez-zentralizatuan.
  • Tsunami delakoaren antolakuntza Suitzan erabaki zela, erbesteko pertsonalitateak (Puigdemont Belgitik joana, Marta Rovira ERC-koa, Anna Gabriel CUP-ekoa), alderdi soberanistak, Omnium eta ANC koordinaturik.
  • El Paisek dio, "adar informatiko" hau, CUPen gauza dela.

Segurtasunaren aldetik, informatikariren batzuek azpimarratu dute ondo egina dagoela. Baina erabateko segurtasuna zaila izango da ziurtatzea. Hartzaile moduan egongo dira Espainiako poliziak honezkero, baina nodo zentralaren kontrola lortzea beste kontu bat izan daiteke. Lortuz gero, hori bai, arriskutsua izan daiteke ekintzaileentzat. Era berean, norbaitek edo nodo batek (ustez lagunak), badaki zu non zauden, zer duzun eskura, eta ekintza edo puntu batera konbokatzen ahal zaitu. Kontua da: Joango zara?

 

Erantzun

Sartu