Teknologia albisteak

Bilaketa emaitzak nabarmendu/ezkutatzeko luzapen interesgarri bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-02 : 10:48

Michael Bauer eskoziar euskofiloaren bidez jakin dugu Firefox-eko luzapen interesgarri honen berri: Highlight or Hide Search Engine Results izen luzea dauka, eta ingelesez dioena egiten du Firefox nabigatzailearen PC bertsioan: bilaketa lehiatilatik aurkitzen duzun emaitzetan batzuk nabarmentzen ditu, eta beste batzuk ezkutatu.

Segituan instalatzen da, eta konfiguratzen erraza da. Bi komatxo edo eskutxo (?) erakusten dituen ikono bat du luzapenak, eta han klikaturik, bilaketa emaitza batzuen kolorea nabarmendu dezakezu. Gure adibidean Sustatu berdez markatu dugu, eta Berria gorriz.

Bilaketa egin, eta horrela nabarmentzen dira emaitzak, goragoko adibidean ikusten ahal dugun bezala. Gainera, funtzionatzen du bilaketa-lehiatilatik erabil dezakezun edozein bilatzailetan: berdin Google, Bing edo DuckDuckGo.

Michael Bauerren iritziz, tresna honek balio berezia du hizkuntza gutxituetako bilaketa emaitzetan, non zarata besterik ez diren edukiak ugariak omen diren. Ez da hori Sustatun dugun sentsazioa: euskarazko terminoak bilatuta, nahiko erraz aurkitzen dira euskarazko emaitza interesekoak. Hizkuntzen pisuagatik eta egiten diren SEO teknikengatik, errazagoa dirudi zarata aurkitzea beste hizkuntza batzuetan... Dena dela, azken aldian nabaritu izan dugu Errusiako webgune batzuetan euskarazko testuak agertzen direla. Hemen bilaketa emaitza jakin bat:

Zer da Lifespeaker.ru hori? Ez dakigu. Beharbada SEO manipulazio teknika bat da, edo phishing saiakera bat, edo auskalo ze esperimentu. Baina luzapenak bide ematen digu webgune hori edo besteren batzuk emaitzetatik ezabatzeko. Ikus berriro luzapenaren konfigurazioa, hortxe erabaki dugu Lifespeaker.ru isilaraztea:

Une horretatik aurrera, tartekatu dugun beste bilaketa adibide hori ez zaigu gertatuko.

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago