Teknologia albisteak

Azpiegituraz aldatzera doa Sustatu: agur Squishdot, ongi etorri Django

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-06-27 : 13:37

2001eko azaroan martxan jarri zen makina bat gaur gelditu egingo da. Sustatu.com, euskarazko lehen bloga, Squishdot izeneko azpiegitura batekin hasi zen lanean 2001. urtean, eta orain ere, 11 urteren buruan, sistema horren gainean ari da orri hauek erakusten sarean. Baina gaur gelditu egingo da makina hau, eta ordu batzuen buruan, Sustaturen hurrengo artikulua kaleratzean, beste sistema batekin egongo da martxan.


Argazkiak.org | Sustatu zaharra © cc-by-sa: sustatu

CodeSyntax enpresa antolatzen hasi ginenean, 2000. urtean, hasierako hirukote teknikariak, Gari Araolaza ingeniariak erabaki zuen Python programazio lengoaia izango zela enpresaren lanabesa, eta zehatzago esanda, Python-ekin garai hartan funtziona zezakeen aplikazio zerbitzari txukun bat: Zope. 2000. urte amaierarako, Slashdot, Kuro5hin edo Barrapunto bezalako weblog edo albistegi bat sortzeko ideia mamitzen hasi ginen. Eta 2001. urtean, ideia hori gorpuzten joan zen. Goiena komunikazio taldearekin elkarlanean, eta Joxe Aranzabalen bitartekaritza funtsezkoarekin. Weblog hori egiteko orduko Slashdot-en funtzionamendua Zope-n erreplikatzen zuen software puska batean fijatu ginen: Squishdot (1999an sortutakoa).


Argazkiak.org | Sustatu 2008 © cc-by-sa: sustatu

Beraz, Sustatu martxan hasi zenean, Squishdot-en gainean hasi zen lanean. Gaur arte. Squishdot-en garapena aspaldi samar eten zen, beste blog plataforma batzuek ordezkatuta. Baina software sendoa zen gero, eta ez dio hutsik egin Sustaturi. Gaurko egunera arte, datubaseak 10.845 artikulu eta 19.793 erantzun bildu ditu.

Gaur, azken artikulu hau kargatu dugu datubase horretara. Sustatuk atseden hartuko du orain ordu batzuetarako. Erantzunak jasotzeko sistema desaktibatu dugu, eta albisteren bat kargatu nahi baduzue, apur bat itxoiteko gomendatzen dizuegu.

Laster, azpiegitura berri batekin berraragiztatuko da webgune hau. Django aplikazioarekin egindako sistema eta datubase batekin. Artikulu eta erantzun guztiak salbatuko dira, sistema batetik bestera migratuko dute, URL originalekin.

Editatzeko eta parte hartzeko moduetan aldaketak gertatuko dira, bide batez, erabiltzaileentzat erosoagoak izango direnak, gure iritziz. Sustatu askoz sozialagoa ere izango da, lotuagoa egongo da Twitter eta Facebook-ekin.


Argazkiak.org | Sustatu berdetuta © cc-by-sa: sustatu

Eta uztailean, are aldaketa inportanteagoak gertatuko dira. Adi.

Squishdot, berriz, oraindik bizirik geratuko da webgune batean edo bestean... Euskaraz sistema horrekin dabilen webgune bat Azpitituluak.com da, adibidez.

Squishdot.org, azkenik, softwarearen erreferentziazko webgunea, aspalditik dago iraungita. Gaur egunean, bertan, kastitate maskulinorako BDSM-tresneria saltzen dute.

Ilustrazioetan, Sustatuk 2001. urtetik izan dituen hiru diseinuen pantaila-irudiak. Laster, beste itxura bat izango du honek.

Erantzun

Sartu