Bost puntu EITBren alde
| Bestelakoak | 2012-06-04 : 09:06
EITBko langile talde batek BOSTPUNTU izeneko kanpaina jarri du martxan kalitatezko EITB independente baten alde. Horretarako ezinbesteko bost puntu zerrendatu dituzte eta sarean jarri dituzte, bostpuntu.com webgunean. Eskaeren zerrenda EAEko aukera politiko guztietako ordezkariei eta EITBko Administrazio Kontseiluko kideei helarazi zaie. Gaurtik aurrera, herritarren atxikimendua jasotzeko aukera ere zabaldu dutela jakinarazi dute Twitter bidez.
Bost puntu EITBrentzat
Euskadiko Autonomia Erkidegoko hurrengo hauteskundeen ostean agintzen duenak agindu, premia handiarekin heldu beharko dio EITBren bideraketari. Idatzi hau sinatzen dugunok bat gatoz gutxieneko bost puntutan, aldi berean oinarrizko eta ezinbesteko direnak.
- EiTBk euskal herritarren zerbitzuko erakunde publikoa izan behar du, euskaraz eta gaztelaniaz kalitateko programazioa eskainiko duena, ikusleekiko begiramenduna eta plurala, interes publikoari bideratutako edukiekin, produkzio propioaren bidez, gainerako kate publiko eta pribatuekiko zeregin orekatzailea izango duena.
- EiTBk bete egin behar du sortzetik duen euskara bultzatu eta normaltzeko helburu estrategikoa. Ondorioz, hedadurari eta eraginari dagokionean, hizkuntzak duen lurraldetasunaren bezainbestekoa izan beharko du gutxienez.
- Lehentasunezkoa zaion zeregin informatiboan, neutraltasunik gabe, inpartzialitatea behar du EiTBk. Enbarazu egin arren, botereek errespetatuko dutena behar du izan. Hezi, informatu eta entretenitzeko zeregin hirukoitzerako beharrezkoa duen independentziak, lege berri baten bidez sakoneko aldaketa ekarri behar die zuzendaritza organuak aukeratzeko dauden moduei.
- EiTBk eredugarria izan behar du gaurko euskal kulturaren funtsezko osagaien errespetuan, Euskal Herriko lurralde guztien arteko harremanen sustapenean, eta sarri interesatuak eta artifizialak diren hesiak gainditzeko ahaleginean.
- EiTBk kalitatezko erreferentzia profesionala izaten saiatu behar du ikusentzunezkoen munduan. Baditu horretarako behar diren esperientzia eta baliabideak, nola teknikoak, hala pertsonenak ere. Gidatuko dutenek ere asmatuko beharko dute maila berekoak izaten.
Hala bada, publikoaren zerbitzuko EiTB eskatzen dugu, euskarari lehentasuna emanez, independentea, kalitatezkoa eta euskal kultura bultzatuko duena.
Zure atxikimendua adierazteko, hementxe egin dezakezu.
Erantzunak
| 2012-06-04 : 10:04 | #2
| 2012-06-04 : 10:08 | #3
| 2012-06-04 : 10:26 | #4
| 2012-06-04 : 11:44 | #5
Gaztelaniazko katean gastatzen den diru eta giza baliabideekin ETB1 indartu daiteke. Nik adibidez, lehengo garaitako SuperBat, Betizu, Euskaraokea edota haurrentzako programa bat faltan botatzen dut. Eta gazteentzako telesail bat? "Hasiberriak" edota "Gazteak" bezalako telesail bat... Filmeak... "La noche de" bezalako programa bat Euskaraz eta tarteka dokumentalen bat edota humorezko programa bat (txiskola antzera?).
Bestalde, Iker Gurrutxagak dioen bezala, eta iparraldean zer? Euskara hedatzen den lurralde guztietara hedatu nahi bada, ezin da gaztelaniazko kate batekin aurkeztu iparraldean...
| 2012-06-04 : 13:02 | #6
Horixe oroiarazi zigun Egigurenek. Alegia: RTVEk hartzen ditu oso-osorik hedabide publikoen betekizun guztiak; EiTB, berriz, euskara bultzatzeko da. Eta igual, baita ere, herri-kirolak emateko, dokumental etnografikoak ekoizteko eta gabon gauan lehendakari autonomikoaren hitzaldia emititzeko.
Nazional izateko asmoa duen irrati-telebista publiko batek, noski, anbizio gehiago eduki behar luke. Hedabide publikoak ez dira soil-soilik gure hizkuntza normalizatzeko lanabes bat.
Sortu zenetik ETB2k ahizpari baliabideak kendu dizkio, egoera tamalgarrian utziz, baina EiTBk euskaraz eta gaztelaniaz kate bana behar ditu telebistan eta irratian, gutxienez.
| 2012-06-04 : 13:12 | #7
Baina abiapuntua bera garbi edukitzea ez da nolanahiko pausoa.Nire ustez EITBk ezin du jokatu euskara normalizatuta balego bezala, baina ezta egungo egoera betikotzeko eran ere.
Edonola ere, manifestuak baditu puntu gehiago. Independentziarena, esaterako. Nola aukeratu zuzendaritza organuak?
| 2012-06-04 : 13:44 | #8
Ni nire bizitzako betekizun ia guztiak euskaraz egiteko kapaz naiz gaur egun. Baita askotan lekurik zailenetan ere. Lagunekin, neskalagunarekin, lankideekin, kalean, etxean... eta gai guztietaz hitz egin dezaket inongo arazo edo konplexurik gabe. Egia da askotan euskaraz erantzuteko kapaz ez dela izaten jendea, baina ulertzeko arazorik ez dute askok eta askok. Ulertzen ez didanak, nahi izan ez duelako da, inoiz, borondaterik izan ez duelako (kasu oso oso gutxitan izan ezik). Gero eta jende gehiago dago Euskara ulertzen duena... Oinarria badago eta egiten ari da, azken txutea falta zaigu. Bi potro/obario argi eta garbi esateko. Bai hor eta baita gainerako hizkuntza politika guztian ere. Jendea euskaraz maila guztietan bizitzera ohitu behar dugu. Beharra sortu behar dugu. Eta ez haurtzaroan bakarrik.
Beste hedabideetara alde egingo duten bildur al gara? Ikusi EAE-ko audientziak... Urtzi Urkizuk twitterren argi eta garbi erakusten ditu. Tele5 da askotan nagusi.
Imanol Manterola: Zer da euskara normalizatua balego bezela jokatzea? Gaztelerari lekua uztea ala berak betetzen dituen lekuak euskaraz betetzea? Gaztelera beti izango da hizkuntza hegemonikoa, horretarako lekua uzten zaion bitartean.
Sortu dezagun behingoz euskarazko eduki ona eta mesedez, ez diezagutela Euskararen militante/taliban izatera behartu...
| 2012-06-04 : 15:24 | #9
Esan behar dut ez naizela kazetaria, eta ez dakidala EiTBk zehazki zein eredu hartu behar lukeen.
Zera esan nahi nuen: Egigurenen enegarren boutade hura (ETB euskaraz emititzeko sortu zenez gero, ETB2 itxi egin beharko litzatekeela) euskaltzale peto askok bibaka eta txaloka hartu zutelarik, niri lehenago idatzi dudan horixe bera bururatu zitzaidan.
Alegia: hasieran zer argudio eman zen Katalunian, EAEn eta Galizian telebista autonomikoak legeztatzeko? Tokiko hizkuntzak sustatu behar zirela. Punto. Egigurenek, nire irudikoz, argudio horrexeri heldu zion ETB2 paretik kendu behar zela esateko.
Egon zaitezke ETB2 ixtearen kontra edo alde, baina nire ustez, Egigurenek darabiltzan motiboak ez dira zerorrek erabiliko zenituzkeen berak. Proposamen pozointsu bat iruditu zitzaidan.
Euskal hedabide publikoen sare dezente bat (autonomiko, eskualdeko nahiz udalerrietako hedabideekin) sortzeko xedea ezin da izan soilik hizkuntzaren normalizazioa. Beste helburu batzuk era badira: esaterako, Latinoamerikako ezkerreko gobernu batzuen inguruko intelektualek "hegemonia comunicacional" esaten diotena. Hau da: Euskal Herrian, bertako hedabideak nagusi izatea.
Hori lor al daiteke ia erabat euskaraz emitituz? Badirudi zu baikorragoa zarela ni baino. Zer dakit nik.
Gaia EiTBtik harago eramanez: interesgarria litzateke hedabideen sektorean, oro har, administrazioak nolako joko-arauak jarri behar lituzkeen eztabaidatzea: lizentziak, dirulaguntzak, "adierazpen askatasun" sakrosantua (gezurrak esateko eskubidea?), monopolio eta oligopolioak ekiditea, kazetarien lan baldintzak, eta jakina, hizkuntza-politika...
| 2012-06-04 : 23:46 | #10
Lehenik eta behin, EITBk euskalduna izan behar du, ez oraingoa. Eta bere langile guztiak. Salbuespenik gabe.
"Euskaraz eta gaztelaniaz kalitateko programazioa eskainiko duena" horrekin, zer esan nahi da? Orain arte bezalaxe, elkar ikutuko ez duten bi bide paralelo proposatzen direla? ETB2 /Radio Euskadiko kazetarien erdiek euskal izenak erdi txukun ahoskatzeko ere gai izan gabe jarraituko dutela?
Nik behintzat, horrelakorik ezin apoiatu. Euskarak eta euskal kulturak ETBren ardatz nagusi beharko lukete, eta beste hizkuntzek (gaztelera eta frantsesa)euskal hiritar erdaldunak gurera gonbidatzeko esteka gisa erabiliak, neurri askoz txikiagoan eta iraungitze-data jakin batekin. Eta behin jarrita, ingelesa ere ETB international mundu mailako kate berrian (Sat).
En fin, oraingo EITBren hizkuntz ereduaren gainean ezer eraikitzeari hemen betidanik esan zaiola "lehengo leporik burua".
| 2012-06-05 : 00:15 | #11
Nik neuk ETB2 eleaniztun bihurtuko nuke: tarteka euskaraz, tarteka espainolez, tarteka frantsesez. Oraingo egoera lotsagarrian euskaldunak izan beharrean vascoak gara.
| 2012-06-05 : 10:30 | #12
| 2012-06-05 : 22:43 | #13
Gaia EiTBtik harago eramanez: interesgarria litzateke hedabideen sektorean, oro har, administrazioak nolako joko-arauak jarri behar lituzkeen eztabaidatzea: lizentziak, dirulaguntzak, "adierazpen askatasun" sakrosantua (gezurrak esateko eskubidea?), monopolio eta oligopolioak ekiditea, kazetarien lan baldintzak, eta jakina, hizkuntza-politika... dio Amonamantangorrik, eta ez dabil batere oker nire ustez. Herri ekimeneko euskal hedabideak aspalditxo ari dira sektorearen etorkizunerako pausuak elkarrekin ematen, eta erakunde publikoetan ere aurkeztu dituzte -besteak beste- gogoeta partekatzeko proposamenak.
Gaur egungo euskal esparru komunikatiboa 80ko hamarkadako planteamenduetatik eratorritakoa da, eta komunikazioan zein soziolinguistikan gertatu -gertatzen ari- diren aldaketekin, ezinbestekoa da planteamendu berriak mahaigaineratzea. Erronka nagusia ez da, ezin da izan, gaur eun ditugun medioei eusteko formulak bilatzea. XXI. mendeko euskaldunon komunitateak behar dituen komunikazio tresnak zeintzuk diren argitu eta horiek eraikitzen hastea da kontua.
Herri ekimeneko hedabideak gogoeta horretan ari dira, baliabide baino gogo gehiagorekin: hor daude BERRIAK antolatu berri duen hitzaldi zikloa, edo egun gutxi barru izango diren TOKIKOM jardunaldiak. EiTBk ere badu zeresana bide horretan eta, nahi izanez gero behintzat, gogoeta sustatzeko baliabideak ere ez ditu faltan. Nonick, Videoweb eta horrelakoak oso ondo daude, ondo dago enteari nazioarteko poiekzioa ematea... baina horretara jarri aurretik, ez al da beharrezkoagoa guztion sosekin ordaintzen den entearen zereginei buruzko eztabaida publiko eta irekia?



Luistxo Fernandez | 2012-06-04 : 09:51 | #1
Ez zait iruditu agiri hau ETB euskaldun baten aldeko aldarria denik, han-hemenka entzun izan duguna azken hilabeteotan, adibidez Jesus Egigurenek esan zuena.
Lehen puntuan argi dago, helburua "euskaraz ETA GAZTELANIAZ kalitateko programazioa eskainiko duena" da.
Ñabardura egitea komeni zela uste dut.