Teknologia albisteak
2

Etnografiatik euskararen jatorrirantz

Erabiltzailearen aurpegia
Euskararen Jatorria Elkartea - Aitor Zugasti
2012-05-01 : 12:05

Datorren maiatzaren 12an, Euskararen Jatorriaren 7. Biltzarra egingo dugu Diman, oraingoan, etnografia ardatz hartuz eta alor honetatik hizkuntzalaritzarako egin diren ekarpenei buruzko gogoeta eginez. Helburua hizkuntzaren historia ahalik eta puntu gehienetik ikustea da, eta horretarako iaz landutako genetikatik aurten ikusiko den etnografiara pasatuko gara, etorkizunean historia eta arkeologia ere lantzeko itxaropena dugularik.

Julio Caro Baroja eta Aita Barandiaran, Ataunen.
GureGipuzkoa.net | Julio Caro Baroja eta Aita Barandiaran, Ataunen. © CC BY-ND: Koch Arruti, Sigfrido

Izan ere, hizkuntzalaritzaren aurkikuntza garrantzitsuenetako batzuk beste arloetako adituek egin dituztela ez dugu ahaztu behar, esaterako Manuel Gomez-Moreno arkeologoak grafia iberiarra irakurtzen deskubritu zuen, Aquiles Luchaire historialariak Akitaniako hilarrien testuak euskarazkoak zirela edo indoeuropeoaren teoria Indian lan egiten zuen William Jones epaileak sortu zuen.

Eta etnografiaren argazki on bat izateko, nola ez, pasa den abenduan bere heriotzaren 20. urteurrena bete zenez, Joxemiel Barandiaran gogoratu nahi dugu ezinbestean. Izan ere, penagarria izan da horrelako pertsona garrantzitsu baten urteurrenean inork ere ez aipatzea gure historiarako, hizkuntzalaritzarako eta beste hainbat alorretarako hain garrantzitsua izan den eta Joxemielen bizitza osoko lana laburtzen duen bere teoria baieztatuta geratu dela orain 7 urte: euskal populuak hemen daramatzagula 8.500 urte, lurralde honetan. Gainera, berak, epe hori “gutxienez” esan bazuen ere, genetikak momentuz 15.000 urtetara luzatu du iraupen hori.

Joxemielen urteurrenean gai hau inork ere aipatu ez izana harriduraz hartu genuen. Garesen egin genuen aurreko biltzarrean Marian Martinez de Pancorbo, Sergio Cardoso eta Stephen Oppenhaimer genetiskek ezin argiago azaldu zutelako eta hedabideetan horren berri zabaldu zelako. Barandiaranen teoria baieztatzeaz gain eta hemen daramagun denbora 8.500 urtetik 15.000 luzatzeaz gain, gauza garrantzitsu bat esan dute genetistek: Mendebaldeko Europa KEAL aterpetik populatu zela, alegia Kantabria, Euskal Herria eta Akitania Lurraldeetatik. Esaterako, britainiarrak genetikoki %70ean hemendik datozela edo irlandarrak %90ean… gauza gehiegi ongi bereganatzeko, antza. Egunen batean kontu guzti hauek eskoletako testu liburuetan agertuko omen dira, baina, zoritxarrez, Joxemielen abenduko urteurrenean azaldu ere ez ziren egin.

Horregatik, 7. biltzar honetan Barandiaranen lanari ohore eginez, hizkuntzalaritza arloan “aitz” erroari buruz esan zuena sakonki aztertuko dugu. Bere ustean, erro hau duten mozteko tresnak paleolito garaikoak izan daitezke, hala nola, aizkora, aitzurra, aizturra, azkona eta zulakaitza. Hau zuzena izan daitekeen ikusteko, proposamen hau 8 alderdietatik aztertuko da: Europako beste 7 hizkuntzetan aizkora izendatzeko hitzak, “aitz” erroarekin lotutako toponimia, “aitz” eta “harri” kontzeptuen arteko loturak, hizkuntzalaritzaren antzekotasunaren printzipioa, hitz familia honek latinean dituen baliokideak, etab.

Ondoren Julio Caro Baroja etnologo, antropologo, historialari eta hizkuntzalariaren zenbait lan ekarriko ditugu gogora. Nahiz eta Caroren iritziz ezin zen iberiera eta euskararen arteko loturarik ezarri, gauza modu irekian ikusteko zuen gaitasuna azpimarratuko da. Horretarako argitaratu zituen 30 liburuetako batean, Sobre la lengua vasca y el vasco-iberismoa gogoratu, senidetasun izendapenei buruz proposatutako etimologiak aztertu eta, amaitzeko, Nafarroan aurkitu ziren “Barscunes” txanponak izango ditugu hizpide, Julio Caro Barojaren eta Joaquin Gorrochateguiren ikuspuntuak aurrez aurre jarriz.

Etnografiaren gaiarekin jarraituz Felix Zubiaga hizkuntzalariak erritoen atzean dauden izendapen zein kontzeptuei buruz hitz egingo digu. Erritoak, eta horien barruan jaiak adibidez, antzinako gertakizunen oroigarri izaten dira. Horrela, urtero gure oroitza astintzen eta antzinatearekin bat egiten dugu. Etnografian oinarrizko elementuen esanahiari buruz hitz egingo digu Felixek, hala nola, Mari, Miel Otxin, Subilaro, Olentzaro, Trikuarri eta abarrei buruz.

Felixek erritoak hizkuntzaren sorrerarekin bat datozela dio eta, “oroitzaren ariketa honi esker, euskarak gorde ahal izan du gaurdaino bere hitza argi eta esanguratsu”. Erritoaren funtsa argitzeko, izena eta mintzoa bateratu behar dira eta, horregatik, hizkuntza gizakia bere historia kontatzen hasi zenetik hasten dela dio.

Javier Goitia geografo eta ingeniariak epe laburrean argitaratuko duen liburuaren edukia aurreratuko digu. Bere iritziz gaztelerazko ehunka hitzen etimologia argitzeko hurbilen eta argien azaltzen duen hizkuntza euskara da. Horrela, gazteleraz egunero erabili ohi ditugun hainbat hitzen proposamen etimologikoak egingo ditu euskaratik abiatuta.

Arratsaldean Baltzolako koben bisita mitologiko eta historiko bat egiteko aukera izango dugu, gure arbasoen bizilekuak hobeto ezagutuz. Ondoren euskararen jatorriari buruzko dauden aurreiritzi nagusiei buruz hitz egingo da eta, horretarako, “Euskararen Jatorria: enigma europar bat” dokumentala oinarri hartuko da, bertan, horietako asko ondo ikusten direlako: orografiari esker salbatu ote zen euskara? latina eta beste hizkuntzak bezainbeste aldatu da? Ez ahal du ahaiderik gure hizkuntzak? moduko galderei erantzunak bilatuz. Horretarako, Arnaiz, Naberan eta Zubiagak jardungo dute hizlari gisa.

Azken hitzaldia nola ez, Euskal Filologiaren historian dagoeneko mugarri bihurtu den Arabako Iruñako grafitoei buruz izango da. Valentziako Luis Silgo arkeologo eta epigrafistak Aldundiko Batzordeko txosten arkeologikoan izan diren hutsuneak azalduko ditu. Ondoren, Hispanian kristautasunak II. mendean bertako hizkuntzetan izan zuen hedadurari buruzko testu garrantzitsu bat aurkeztuko du. Eta gero izen akitaniarrei dagozkien euskara garaikidearen baliokideak azalduz, Silgok grafitoetako zenbait izen erraz itzultzen ditu Batzordeko hizkuntzalarien mesfidantzak eta ezintasunak gaindituz.

Gai honen garrantzia ulertzeko, Arabako Aldundiak Iruñako ostrakak “lurperatu” nahi izan zituenean, Eliseo Gili eta Idoia Filloyri esan geniena gogoratzea merezi du: “Euskal Filologiaren Pandoraren kutxa zabaldu duzue”. Haien harridura aurpegia ikusita gehiago azaldu behar izan genien: “Euskal Filologiak orain arte agertu diren hainbat gauza zientifikoki “lurperatu” ditu: Barskunes txanpona, Andelos-Andiongo esaera iberiarra, “aitz” erroaren potentziala… Hemen grafito gehiegi topatu dituzue baina hala ere gauza bera egiten saiatu dira, Euskal Filologian irakasten dena milimetro bat ere ez aldatzeko. Baina hemen euskarazko ostraka gehiegi topatu dituzuenez eta gainera, ez gaudenez prest egoera triste honek iraun dezan, agian gai hau argituko dugu, hori bai, seguruenik 5 urte pasatu beharko dira, hemen sakoneko aldaketak behar direlako”. Ea epe horretan beranduenez, datazioak eginez, gaia argitzen dugun.

Eta Biltzarrari amaiera emateko, azken bi urte hauetan joan zaizkigun Sarkisian, Kapanaga eta Txillardegiri omenaldia egingo zaie euskararen jatorriari eta Iruñako grafitoei egindako ekarpenengatik. Sarkisian armeniarrak gure hizkuntzaren eta armenieraren arteko hainbat lotura aztertu zituen eta Euskararen Jatorriaren bi biltzarretan etortzerik ez bazuen ere, ponentzia bana bidali zituen. Bittor Kapanagak hiru iturburuen teoria plazaratu zuen, euskarak beste hizkuntzekin erlazionatzeko eta jatorrian sakontzeko bide berriak zabalduz.

Azkenik, Txillardegik Arabako Iruñako grafitoen egin zuen ikerketak hainbat gauza erakutsi zituen: euskal aditzari buruz itzelezko ezagutza zuela, bere adinean ikertzen jarraitzeko izan zuen adorea eta, azkenik bere izaera irekia, gauzei azterketaren bidez helduz Unibertsitatean zer iritzi zegoen kontuan hartu gabe. Hirurak izango ditugu gogoan, euskararen jatorriaren gai zirraragarri honetan emandako laguntzatik.

Erantzunak

GureGipuzkoa.net lantaldea
2012-05-03 : 01:58

Kaixo!



Esku artean gai interesgarria darabilkizuena zalantza izpirik ez dugu, hala ere, berria osatzeko erabili duzuen argazkiaren egilea aipatzea ahaztu zaizue ;-)



Berau Sigfrido Koch donostiarra izan zen eta GureGipuzkoa.net webgunean CC-BY-ND baimenpean eskuragarri dago. Argazkia erabiltzerakoan eta egiletza txukun egite aldera, GureGipuzkoako argazki guztien fitxan eskuragarri dagoen embed .html kodea erabiltzea zenuten, itxura hau izango zuelarik:



Julio Caro Baroja eta Aita Barandiaran, Ataunen.

GureGipuzkoa.net | Julio Caro Baroja eta Aita Barandiaran, Ataunen. © CC BY-ND: Koch Arruti, Sigfrido



.html kodea erabiliz, GureGipuzkoako argazkiaren oinean berezkoak dituen ezaugarri legalen berri ematea ahalbideratzen duen informazioa erakusten da.

Eskerrikasko GureGipuzkoako edukiak erabiltzeagatik!


Sustatu
2012-05-04 : 11:56

Bai, arrazoi osoa duzue, noski. Gure lizentziak ere hala eskatzen du, gainera.


Goiko artikuluko argazkiaren kodea aldatu dugu, eta artikulua argitaratu zuen elkarteari ere jakinaraziko diogu.


Eskerrik asko.


Erantzun

Sartu