Teknologia albisteak

116 argazki. Herritarrek duzue giltza

Erabiltzailearen aurpegia
Nafarroako AEK
2012-03-23 : 09:03

AEKn herritar asko, han eta hemen, euskara ikasten ari dira, euskaraz bizi nahi dute; Gobernuaren asmoa euskaltegiei arnasa ukatzea den arren. Argi dugu gure aberastasuna herritarrak direla eta, gainera, haiek dute giltza. Une honetan, AEKn Nafarroan, 120 bat talde ari dira, 1300 ikasle inguru, 74 irakasle eta gaur egun, maparen 48 auzo eta herritan ari gara. Euskarri desberdinetan, 116 argazki horien bidez, egun bateko AEK ezagutzeko aukera duzue.

Ia 40 urte luze euskalduntze lanetan ari gara eta hemen hori dugu, egun bateko begirada 116 argazkiren bidez. Azken urteotako joera gora doa, ikasle eta talde gehiago, auzo eta herri gehiagotan. Ezagutu eta goza ditzagun haiekin: Marta, Andrea, Tomás, Pili, Rakel, Itziar, Sonia eta gainontzeko guztiak. Gainera, ikus ditzagun guztiak mapan: Tafalla, Lizarra, Garralda, Tutera, Altsasu, Sartaguda, Iruñea, Zangotza....eta abar luze bat.

Kontaketa honetan alde ilunak ere egon badaude. Gaurkoan 1300 ikasle horiek ezagutu nahi ditugu, 50 bat leku desberdinetan (horietariko askotan AEK-ko euskaltegia aukera bakarra izanik) aritzeak suposatzen digun eromen zoragarria hori aldarrikatu nahi dugu. Pozik, lanpetu, gogotsu eta harro gabiltza baina gure helburua ezin dugu ahaztu: gu desagertzeko jaio ginen. Une honetan, belanauldi berriak, osorik euskaldunduko dituen plangintzarik ez dago. Gobernuaren politika, hor, ezin adierazgarriagoa da. Gure lana bukaezina bihurtzen ari da.

Horrez gain, eskolarekin batera, helduen euskalduntzea beste gako nagusia da euskararen normalizazioan. Gobernutik ez dago inolako plangintzarik euskaltegiei izaera estrategiko bat emateko. Batere ez, deus ez. Inbertsioak ere ezinbestekoak dira. Hor estrategia argi bat salatu nahi dugu: azken hamar urteotan diru laguntzak erdira murriztu dituzte eta 2011tik 2012ra %40ra, hain zuzen ere. Gure lana ito nahi dute baina gure aberastasuna herritarrak dira.

Itxaropen guztia herritarrengan dugu. Alde batetik, beste behin errepikatu behar dugu euskararen normalizazioan ezinbestekoak izan diren proiektuak herritarren ekimenez etorri direla. Ezin argiago dago Nafarroan. Beste aldetik, argazki horiek behin eta berriro, 116 aldiz, 1300 ahotsek gogorazten diguten bidea oso ongi seinalatuta dugu. Herritarrak dira, euskaraz bizi nahi dute, eta haiek dira euskaltegietarako bidea egiten dutenak. Goizez, arratsaldez edo iluntzean, familia, aisialdia, lana, langabezia eta bestelakoak uztartzen dituztenak, euskara ikasteko eta urrats garrantzitsu bat emateko.

Beraz, hausnarketa argi dugu, beste hiru faktoreak ere ezinbestekoak dira: euskalduntzea bermatuko duen legea, helduen euskalduntzea bultzatuko duen hizkuntza politika, inbertsioak handitzea... Horiek une honetan, epe labur eta ertain batean hobekuntzarik izanen ez dutenez, herritarrok dugu egoera aldatzeko gaitasuna. 116 argazki horiek adibide ederra dira eta nola ez, argazki horietara gehitzen ahal diren gainontzekoak. Horiek dute giltza, une honetan, euskararen alde urratsak emateko, eta gainera, giltza dute haien mugimenduaren bidez gainontzeko faktoreetan berandu baino lehen ere aldaketak bultzatzeko.

Haiek dute giltza, Kastejon, Sarriguren, Markalain, Irurtzun, Agoitz, Erro, Lekunberri eta gainontzkoetan ari diren Jabi, Margari, Pepe, Mikel, Unai eta beste guztiek.

Erantzun

Sartu