Teknologia albisteak

Hizkuntza politikari buruzko hausnarketa parea, apenas eztabaidatu direnak

Erabiltzailearen aurpegia
KARRIKIRI
2012-03-21 : 12:03

Martxoaren 14an. Karrisolasaren saio interesgaria izan genuen, Hizkuntza politika eraginkorraz gaiari helduz. Xabier Mendiguren Bereziartuak Jakin aldizkariko 187. alean idatzi duen artikulua (PDF) eta Kontseiluak izen bereko txostena (PDF) aztertuz. Ohikoa dugun bezala KARRISOLASAn topatu ginenok saio bete, bizi eta atsegina osatu genuen. Sortu ziren, besteak beste, datozen eztabaidak, gaurkoan hona dakartzagunak, guztion arteko hausnarketa eta eztabaidarako.

Kontseiluak argitara eman zuen txostenak hasieratik azaltzen du hizkuntza politika berria era eraginkorraren premia. Politika linguistikoaren eztabaida klasikoa egin zaigu euskalgintzan. Administrazioetatik sortu eta egiten direnak eta giza mugimenduetatik kritikatu edo proposatu direnak. Beraz, gaia ez da berria. -Xabier Mendigurenek aipatzen du”Horrelako dokumentuek, tamalez, ez dute izaten gure artean merezi eta beharko luketen adinako oihartzunik, eta uste dut baduela aski mami kontuan hartua izan dadin”. Baieztapen interesgarria iruditu zitzaigun eta erantzun ugari eduki ditzake. Nafarroan urte luzeetan eztabaida amaigabe, antzu eta, eragile askorentzat, baztertzaile ugari ezagutu ditugu politika linguistikoaren kontura. Aipatzen dugun txostena euskarazko komunikabideetan, foroetan edo euskalgintzako sareetan ez da apenas eztabaidatu. Neurri batean nekea ez da txikia.

  • Testuak izate programatikoa hartzen du hasiera-hasieratik: euskararen normalizaziorako premiazko politika linguistikoa definitzen du: helburuak, eremuak, dinamikak, bitartekoak, epeak, ebaluazioa. Herrigintzako beste alorretan (ekonomia, ekologia, feminismoa...) egin ez den ahalegin interesgarria ematen du.
  • Euskaldun gehienok bizi garen lurraldearen zatiketa administratiboa arazo da normalizazioan. Aipatzen da: “Normalizazio Prozesuaren dimentsio politikoari dagokionez, hizkuntza-politika da elementurik azpimarragarriena. Gaur egun, Euskal Herria eta, ondorioz, hizkuntza-komunitatea Administrazio desberdinek zatikaturik egonda, asko dira eta oso desberdinak aplikatzen diren hizkuntza-politikak, eta horrek, dudarik gabe, zaildu egiten du Normalizazio Prozesua” Politika bateratua aldarrikatzen da tokiz tokiko ezagutza-erabilpena kontutan hartuz. Txostenak dio:“Gure hizkuntza-politika proposamena gaur egungo errealitatetik abiatuko da, posiblea eta pragmatikoa izango da”. Errealitate linguistikoa, kulturala, ekonomikoa eta politiko anitzak ditugu. Tokiz-tokiko errealitateak, kilometro gutxitan, hain ezberdinak direnean, plan egokituak eskatzen ditu. Balizko politika linguistiko bateratua egiteko modurik ez dagoela bistan da gure iritziz. Boluntarismo ariketa da egungo egoeran tokiz-tokikoa eta komunitate osoko loturarako politika linguistiko bakarrarena. Ez zaigu zuzena iruditzen singularrean formulatzen den ”guztiz ezinbestekoa da hizkuntza-politika berri bat abian jartzea, eraginkorra, zehatza, epeduna izango dena, mugarri bat ezartzeko ordua iritsia da”.” Euskal Herri osoan aplikatzeko moduko hizkuntza-politika behar dugu”. Edo eta “Guztiz funtsezkoa da era koordinatuan lan egitea eta kasu guztietan prozesuaren beharrek administrazioaren autonomia bezalako kontzeptuen gainetik egon behar dute”, jarraian esaten denean “Une bakoitzean eta leku bakoitzean dagokiena egin behar da, era planifikatuan eta koordinazio estuan, Normalizazio Prozesua ondo joan dadin”. Lokala eta unibertsala lotzeko arazo handiak ditugu euskalgintzan, txokokeria baztertzaile asko dugu eta irreala den komunitate homogeneotik ere.
  • Araua eta laguntzaren arteko gai interesgarria ekartzen du: “Garrantzi handikoa da politika definitzen duten bi elementuen artean oreka bilatzea, hau da, araua eta laguntzaren artean.” Hori posiblea den lurralde eta administrazioekin lantzeko gai teoriko-praktiko egokia. Gure kasuan, beste hainbat tresnekin bezala, gai teorikoa.
  • Gauza bera: ”Instituzioekin eta gizarte-eragileekin egoki koordinatua behar da hizkuntza-politika. Konplizitatea da harremana hobekien definitzen duena.” Lehendabiziko atalari erreparatuz, gaur eta orain, ameskeria da Euskaditik parteko errealitateak ezagutuz. -Beharra/eskubidearen inguruan eztabaida piztu da gure artean. Arazo guztiekin, “eskubide linguistikoen” kontzeptua egokiagoa izan daiteke gure errealitatean aritzeko. Testuak aipatzen du:” politika egokiaren ardatz garrantzitsuenetariko bat hizkuntza-eskubideen bermea da”. Gure minorizazioaren jabe izanik, gutxiengo linguistikoen eskubideak aldarrikatzea egokia iruditzen zaigu. Eta euskaldunak hegemonikoak diren espazio/funtzioetan, nola kudeatu egoera? Erantzuna ez dugu batere garbi euskaldun pasiboek betetzen duten funtzioen kontura, besteak beste, ez dagoelako hausnarketa nahikorik.
  • Testuak hiztunen motibazioa aztertzen du eta normalizazioaren zereginetan jokatzen duen funtzioa. Bi motibazio tipo aipatzen ditu: identitatearekin erlazionaturikoa eta motibazio pragmatikoak. Lehendabizikoa euskalgintza modernoaren sortzailea izan zena eta normalizaziorako ”motorrik eraginkorrena” (“artifizialki sustatu gabe”), itzaliz doana (“agortzen ari dena”) eta gaur egun nagusitzen ari den pragmatikoa (“maiz induzitua”, “exogenoa”). Egiten den azterketa ez zaigu egokia iruditu azalezkoa delako eta balorazio etiko oso eztabaidagarriak dituelako oinarrian. Hizkuntza komunitate bizi eta eraginkorra egiteko zama ditugun kontzeptuak soberan dira.
  • Lege testua proposatzen du esanez: “euskararen legea osoa, zehatza eta dinamikoa izango dela: normalizazioaren alor guztietan erantzunak izango dituena, anbiguotasun ahalik eta gutxienekoa eta egoera aldatuz doan heinean tresna juridiko gisara hartara moldatuz joango dena.” Euskalgintzarako zerumuga definitzeko lan baliagarria iruditzen zaigu. Hori bai, Iruñerrian, adibidez, garen euskaldunontzako irrealitatearen adibide gorena.
  • Testuak etengabe erabiltzen ditu “epe zurrunak ezarriz aurreko guztia burutzeko” edo “epe muga bat jarriz” edo “epe zehatzak” formulazioak eta antzekoak eraginkortasuna islatu nahian. Egokia eta zuzena da politika linguistiko errealista indarrean jartzeko tenorean. Orain arte ezagutu ditugun egitasmo eta plangintza gehienen arazoa handietarikoa, ebaluazioarekin batera, hau izan da. Beti ere, aurretik esan dugunaren testuinguruan.
  • Normalizaziorako bidean definitzen diren hiru eremuak (ezagutzaren unibertsalizazioa, espazioen euskalduntzea, euskal zirkuituak) eta sor daitezken prozesuak definitzen dira. Proiekzio teorikoak egiten dira lau eredu jarriz eta aipatuz “ egokitzapenak egin beharko dira lekuan lekuko egoeraren arabera”. Proiekzio hauetan suposatzen diren hainbat ardatz erabat balizkoak dira guretzat:”Alor publikoari dagokionez, ordea, urrun gaude Administrazio desberdinek eskaintzen dituzten zerbitzuak ez direlako % 100ean bermatzen. Garrantzi handikoa da urrats honetan helburu hau kokatzea, alor pribatuan eragiteko guztiz funtsezkoa delako gutxienez zerbitzua euskalduntzea lortu duen Administrazio baten eredua izatea”.

Bukatzeko, guretzat politika linguistikoaren zeregina ez da etorkizuna marraztea. Politika linguistikoak tresnak eman behar dizkigu oraingo egoera aztertu eta etorkizuna eraikitzeko. Hor dira testuaren bertuteak eta mugak.

Apirilean eztabaida berriari ekingo diogu.

Erantzun

Sartu