Teknologia albisteak

Gora Aditz Trinkoak!

Erabiltzailearen aurpegia
Asier Sarasua
2011-12-29 : 10:12

Adizki trinkoen inguruan sarean dugun alberdaniak poz handia damait. Etorkizuna sendo eta trinko dakusat.

Aditz trinkoen kontua txantxa moduan jaio eta ugaritu da euskal blogosferan (eta tuiterosferan). Izan dira, esate baterako, blogetako mezu apologista bikainak, edo sare sozialetan hedatu diren formak (#datsegit, #daitort ezagunenak). Orain txantxa-usain berarekin jaio zaizkigu ATEA (Aditz Trinkoen Erret Akademia) Facebooken eta @trinkotzaindia Twitterren. Turutarenak izen sendoko erreminta ere aurkeztu digu aditz trinkoak sortzeko: Trinkator.

Eta hori geniala da. Azken batean horixe da euskararen gabezietako bat: egoera ez-formaletarako baliabide falta, gaztelaniaren menpekotasuna, gatz eta piper premia.

Trinkoen inguruko honi etorkizuna ikusten diot, benetan. Euskararen gabezietarako ederrak dira #trinkoak, asmatuak barne (asmatuak, batez ere). Jolaserako, lagunarterako, trinkotasunerako, adierazkortasunerako... Eta abantaila mordoa dituzte horretarako:

  • errazak dira, edonork sortzeko modukoak; jolasean ari gara, asmatzen.
  • erregularrak bezain malguak dira; nahi duguna egin dezakegu.
  • laburrak dira, zuzenak; osea, gazteak, modernoak.
  • jolaserako aproposak dira; adierazkorrak, parrandarako, gaupasarako, ligatzeko, zirikatzeko.
  • Dizerdit eta dakikigu modukoak, ez al dira demasak?

Trinkoak oso gauza serioa dira gero!

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Asier Sarasua

Erantzun

Sartu