Teknologia albisteak

Debako hitzaldi zikloa, irailaren 8tik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Debako Udaleko Euskara Batzordea
2011-09-02 : 12:09

Debako Udaleko Euskara Batzordeak herriko agenteekin gogoeta egitea izan zuen xede joan den urtean antolatutako hitzaldi zikloarekin. Iazko jardunari jarraipena emanez, aurten ere, gizarte bizitzaren inguruko gaiak jorratu nahi ditugu, musikara ekarriz gogoeta horiek. Irailaren 8an, Ken Zazpi-ko Eñaut Elorrieta eta Mondragon Unibertsitateko Iñaki Urruzola. 16an, hainbat proiektutan ibilitako Josu Zabala; eta 23an Josu Larrinaga soziologoa.

Deban daukagun musikarako zaletasunak garrantzia handia du hurbileko giza harremanetan, eta musika taldeen inguruan sortzen diren ekimen-sortak berebiziko eragina dute bertoko gizarte bizitzan.

Hauek dira, laburbilduz, hitzaldi zikloarekin erdietsi nahiko genituzkeen helburuak: euskal musikak eta musikagileek euskaldunongan eta talde identitatearen eraikuntzan izan duten eragina ikusi eta gaur egungoek ere izan dezaketenaz hausnartu. Herriko taldeak erreferente diren neurrian, herrian izan dezaketen eraginaz jabetu eta, zentzu horretan, euskarazko eragile aktibo izateko proposamena luzatu. Hizkuntzaren ikuspegitik, talde bakoitzaren egoeratik abiatu eta urrats konkretuak ematera animatu.

Hitzaldi zikloaren osagarri, dokumentalak (“Zai Zoi bele” eta “Salda badago”), tailer/ikastaroak (perkusioa, hip-hopa…) eta kultur emanaldiak (“Hostoak”, herriko musika taldeen biltzarra,…) antolatuko dira, unean unean jakinaraziko dizkizuegunak.

Erantzun

Sartu