Teknologia albisteak

Kristautasuna salbatzeko irteera bakarra dugu: Katolizismoarekin moztu

Erabiltzailearen aurpegia
Gorka Etxebarria
2011-05-29 : 10:05

Astiro-astiro baina gelditu gabe kristautasunak eskuetatik egiten digu ihes. Gizadiaren balioak eraikitzeko oinarria izan dugun kristautasunak jadanik ez digu ezer esaten. Arrazoi asko egon daiteke atzean: gizarte “modernoa” eta berari dagozkion balioak, hedabideek zabaltzen dituzten “estilo” berriak, mundu mailako sistema ekonomiko desegituratzailea… ehunka aipa genitzake baina, arrazoi nagusia zein den zehaztu beharko bagenu, zalantzarik gabe, honako hau dela esango genuke: Vatikanoa eta Katolizismoa.

Mundu mailan ez dago antzekorik, alegia, ez dago beste erlijiorik berau kudeatzeko horrelako sistema zentralizaturik duenik. Guztiz kontrakoa, erlijioen zabaltzaileek Tibeten, edo Ekialdeko Europan, edo mundu arabiarrean, edo Txinan… tokian tokiko egituren bidez egiten dute. Gehienez jota, estatu mailako egitura dute. Eliza Katolikoak, ordea, benetako kristautasunaren ikuspuntutik azaldu ezinezko egitura zentralizatzaile eta antikristaua dauka: Vatikanoa.

Egitura honek historian zehar egindako triskantzak beldurgarriak dira: gurutzadak bultzatzea, Indiatik zetorren merkataritzaren kontrola berreskuratu ahal izateko; emakumeen hilketa masiboak sorginkerien aitzakiarekin, Amerika eta Asiako konkisten babesle sutsuak, etnia eta kulturen suntsitzaileen babesleak, Nafarroako inbasioaren eta Francoren bedeinkatzaileak, aberats askoren praktika lotsagabeen laguntzaileak…Eliza erromatarrak kristautasunaren aurka egindako ekimenak biltzen hasiko bagina, liburu bat baino, entziklopedia bat beharko genuke.

Hala ere, dena ez da txarra izan, gauza guztietan bezala, salbuespen eredugarriak izan ditugulako: euskara inor baino hobeto babestu eta landu duten milaka apaiz azken 500 urteotan, justizia sozialagatik haien bizitza eman duten erlijiosoak, egoera txarrean daudenak, inor ez bezala, babestu, elikatu eta jagon duten milaka apaiz… Pertsona horiek gabe leku askotan egoera askoz txarragoan egongo lirateke herritarrak, egin eta egiten duten lana ezin izango dugulako inoiz behar bezala ordaindu eta baloratu. Zoritxarrez eta nahi gabe, horiek guztiek Elizari aurpegia garbitu izan diote etengabe, horrela, merezi izan duena baino gehiago iraunduz.

Tirabira asko izan dira historian zehar, kristautasuna ikusteko era desberdinen artean. Esaterako, arrianoen eta katolikoen arteko tirabirak oso zabalduta egon ziren. Edo katolikoen eta ortodoxoen artean. Gero, XVI. mendean, berrikuntza handia ekarri zuen protestantismoak. Euskal Herrian zoritxarrez zabaldu ez bazen ere, protestantismoak Eliza Kristausunetik hainbeste ez urruntzeko balio izan zuen: herritarrek biblia haien hizkuntzan jasotzea, pekatuak garbitzeko dirurik ez onartzea, Erromako zentralizazioa apurtzea, apaizen egoera zibila irekia uztea, etab.

Geroago, azken bi mendeotan, beste mugimenduak sortu ahala, Elizaren eta baita Kristautasunaren indarra gutxitzen joan dira “lehiakide” berriekin: sindikatuak, alderdiak, gizarte mugimenduak, sozialismo eta komunismo moduko ideologiak… Horiek, neurri handi batean, kristautasunaren oinarritik ere edan dute: gizakien arteko berdintasuna, justizia soziala… hau da, nolabait, praxian jarri nahi izan dute “Lagun hurkoa maitatu zeure burua maite duzun bezala” lema. Alegia, kristautasunaren oinarria haintzat hartu gabe, nekez ulertuko genuke azken 200 urteotan sortutako hainbat mugimendu.

Gizarte mugimendu horiek sortzeko eta zabaltzeko arrazoi nagusienetako bat Eliza Katolikoak (Vatikanoko egitura) egoera berrietara egokitzeko duen ezintasuna izan da, boterearekin izan duen eta duen ezkontza betierekoagatik. Eta, horregatik, mugimendu berri horiek beharrezkoak izan dira eta gizateriaren bilakaeran lan onuragarria egin dute zalantzarik gabe.

Baina mugimendu, sindikatu, alderdi eta sozialismo eta komunismo moduko ideologietan gertatutakoa ere ikusi dugu. Erromako Elizaren gaitz berdin-berdinetan jausi dira: erabateko zentralizazioak emandako botereaz baliatuz izugarrizko triskantzak (Stalinen edo jemer gorrien eragindako milioikako pertsonen hilketak…), herritar xumeenak erabat saltzea (alderdi eta sindikatu askok), desberdintasunak gutxitu beharrean handitzea (funtzionarioek 35 orduko lanaldia, gainerakoek 40 ordukoa eta autonomoek ordu gehiago oraindik). Ez da erraza, ez, berdintasunerako bidean aurrera joatea, gizarteari ematen diogunaren eta gizartetik jasotzen dugunaren arteko orekari eustea.

Hau da, ideia bat ona izan daiteke baina pertsonez osatutako egitura batek ideia hori bere esku hartzen badu, ideia horren monopolizazioa egiten badu, kontuz, ideia hori izorratu egingo du zalantzarik gabe.

Kristautasunak jaiotza berri bat behar du, egitura deszentralizatailea behar du, ideia, pertsona eta planteamendu berrriak behar ditu. Kristautasunak Eliza katoliko eta Vatikanoarekin apurtu behar du, nahitaez, bere heriotza noiz etorriko zaionari begira egon nahi ez badu behintzat.

Munduan dagoen biztanle kopuru izugarriaren aurrean aita santuak preserbatiboez esaten dituenak, edo Berlusconi moduko emakume zapaltzaile baten kontra ahotsa ez altzatzea, Euskal Herriko Eliza desegituratzen hainbeste lagundu izana (azken gotzaien izendapenak…) adierazten digutenez, Katolizismoarekin ez dago zer eginik.

Behingoz, Kristautasuna eta Katolizismoa bereiz ditzagun, gauza erabat kontrajarriak direlako, nahiz eta jende askok gauza bera direla uste izan.

Euskal Herrian ere kristau eta katoliko asko eduki ditugu. Lehenengo multzoan, Jesusen benetako jarraitzaileak ditugu, hemen, Hegoamerikan, Asian… herriarekin elkarlanean eta boteregunetatik urrun egon direnak. Haien hitzak eta ekintzak bat eginez egon dira, etengabe. Eta harro egon gaitezke: San Frantzisko Xabier, Balentin Berriotxoakoa, Ignacio Ellakuria, Jose Maria Arizmendiarrieta… eta hemen aipatu gabe ezinbestean utzi behar dugun milaka apaiz, seglar eta herritar kristauzale, haien lana herrietan eta jendearen oroimenean betiko txertatuta egongo dena. Horiez gain, nola ez, katolikoak ere izan ditugu, Erromako Elizaren morroiak, desberdintasun ekonomikoak, gazteleraren hedapena… justifikatu edo lagundu dutenak. Hitza eta ekintza bereiztuta izan dituztenak.

Eta Iruña Veleia ere aipatu beharra dago, gure herriko kristautasunaren historia ezagutzeko ezinbesteko giltza bihurtu delako. Hemen, unibertsitate munduko batzuek eta Eliza Katolikoak lurra eman diete ostrakei, dagokien hileta egin ondoren. Ez dituzte kristau gaiak zituzten ostrakak, ez besteak, laborategietan datatu nahi izan. Nahiz eta, geologian doktoreak izan gabe, institutuetan denok ikasi dugu kaltzio karbonatoko milimetro bat egiteko 100 urte behar direla estalaktitetan. Eta ostraka askotan letrak kaltzio karbonatoz erabat estalita badaude ere, orain 3-4 urte egin dituztela esan digute. Vatikanoak Galileo desagerrarazi nahi izan zuen moduan, oraingo Elizak ere Iruñako ostrakak faltsutzat hartu nahi ditu, ezer ikertu baino lehen.

Kristautasunak, berau ukatzen eta ordezkatzen saiatzen egon den katolizismoarekin apurtu behar du, aske izan behar du, bide berriak jorratu behar ditu, munduko erlijio guztiekiko elkarlana sustatu behar du eta beste testamentu berria idatzi behar du, ekologismo, genero berdinatasun, kultura guztien berdintasun eta sistema ekonomiko eta produktibo orekatuari oinarri egokia jarri ahal izateko. Bai, 3. milurtekoan, kristautasuna gizarteen ardatz egituratzaile eta orekatzailea izaten jarraitu ahal izateko, kristautasuna piztu behar dugu, Jesus piztu zen moduan, une honetan hilda dagoelako.

Baina horretarako, konplexurik gabe, ausardi guztia jarri behar dugu mahai gainean. Lotsa gaberik, kristautasunak, sozialismo, komunismo, liberalismo eta kapitalismoak baino erantzun eta tresna gehiago eman ahal digula sinesten dugulako. Gure esku dago.


Erantzun

Sartu