|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet Akanpaden inguruko hausnarketak© copyleft Ana Malagon, Pravda Txikia ¦ 2011-05-20 ¦ 11:33 ¦ politikaHalako herri beligerantea izanik euskalduna, zergatik ez du halako erantzuna izan Democaria real ya mugimienduak? Hainbat hausnarketa etortzen zaizkit gogora, okerrak, ziur, gehienak. Interesatzen bazaizkizu, ondo... Ana Malagon-en hausnarketak Pravda Txikian. Asteartekoa da mezua, baina balio duelakoan, copyleft-ari esker, Sustatun ere bai. Madrileko Puerta del Soleko irudiak ikusi ditut Periodismo Humano-ren eskutik. 20.00ak pasatxo zirenean Donostiako Bulebardetik pasa naiz, ea zeozer bazegoen #acampadadonostia deiari erantzunez. 75 bat pertsona zeudela esan du norbaitek. Nik gutxixeago zirela esango nuke. Kazetari jantzi erdoildua jarri dut eta han esandakoa tuiteatzen jarri naiz. Kontatzearen plazerragatik. Donostian biharko deia egin dute 20.00etan akanpatzeko (astearterako zen hau). 20 bat prest agertu dira. Permisoak eskatuko dituzte. Logistika pixkat bat eta jendea, batez ere, jendearen beharra sumatzen da. Bilbon ez zekiten gaur gauean 6 ala 10 izatera helduko ote ziren. Ea bihar Donostian zenbat biltzen diren Bulebarrean. Espainiarekiko desafekzioa (abertzalea izan ala ez): Espainiaren arazoak ez ditugu gureak ikusten. Gero eta urrutiagokoak suertatzen zaizkigu. Eta ez hori bakarrik, sorbaldaren gainetik begiratzeko kapazak gara sarritan. Bai arazoen iturria, bai arazo horiei eman nahi zaien erantzuna (berdin du hau nolakoa den). Niri behitzat, gertatzen zait. Euskal Herrian hobeto bizi gara: Aurreko puntuarekin zerikusia du. Ez nuke ondo bizi garenik esango, baina datuek diotenez, krisiak ez digu hain gogor jo eta langabezia tasa ez da hain altua. Eta ez, espainolekiko solidaritatea eta elkartasuna ez da sekula euskaldunen puntu fuerteetako bat izan. Sektarioak eta mesfidatiak gara: Herri hau askotan irten da kalera, hori onartu beharra dago. Eta Gorka Juliok esan didan bezala, arrazoi erradikalagoengatik ere. Onartu egingo dut hau ere. Baina ia beti korronte politiko eta sigla batzuen azpian. Ia beti alderdi jakin batzuek ala sindikatu jakin batzuek deiturik. Euskaldunak amorfotasunean gaizki moldatzen gara. Mesfidati egiten gaitu. “Hauek nire taldekoak dira ala ez?”, galdetzen diogu geure buruei. Eta zalantza izpi txikienaren argipean, etxean gelditu. Agian sektarioarena oso fuertea gelditu zait. Jar ezazu “partidista” horren ordez. Badakizu, noizean behin nire alde antialderdisistema ateratzen zaidala. Zentrifugoa dena zentripetoa bilakatzen denean: Igandean Espainia osoko hiritan egon zen manifestazio deia. Donostiakoan nik espero nuena baino jende gehiago bildu zen (ez nuen inor espero, hori ere egia da). Baina mugimenduaren indar guztia Madril eta Bartzelonan elkartzen ari da (batez ere, lehenengoan), eta irakurri dut Granadan ere, Donostia eta Bilbon bezala, jende gutxi agertu dela. Bi hiri nagusiak puntxa irabazten doazen eran, atentzio fokoa eta ondorioz, mobilizazio gaitasuna murrizten doa beste hirietan. Joder, honek futboleko 1. maila dirudi. Zer iruditzen zaidan niri Democracia real ya eta akanpaden kontu hau guztia? Nire zalantzak ditut, noski, edozeinek bezala. Badu puntu naïf bat. Badu “ea noiz etorriko den hau dena hondatzera” puntu bat ere. Badu “honen guztiaren atzean esku zitalen bat egongo da” puntua. Eta noski beti dago hor “honekin ez goaz inora” puntua. Baina denbora daramat erantzun baten eske, niretzat erabat suntsituta dagoen sistema baten aurrean. Eta hau zuzena, okerra, espainolena, gaztetxo inuxente batzuena, edo nahi duzuenena, baina erantzun bat da. Pataletaren eskubidea bermatu beharko luke Giza Eskubideen deklarazio orok. Eta erantzuten duenari eta behingoz, aurpegia ematen duenari, nik ezin diot ezer leporatu. Are gutxiago gero eta deserosoagoa zaidan etxeko sofa hontantik. Gertutik ikusi nahi dut istorio txiki hau. Eta neure buruari bada ere, kontatu. Jatorrizkoa: © copyleft: Ana Malagon, Pravda Txikia Erantzunak#1. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakbordaberria ¦ 2011-05-20 ¦ 12:56Eta zenbat madrildarrak manifestatu dira ilegalizazioak direla eta, Bilbon egin ditugun hainbat manifestazioekin batera? zenbat elkartasun erakutsi digute demokraziaren izenean partiduak legezkanpo utzi, egunkariak itxi, torturak salatuz,... EHan aspaldi gaude mobilizatuta eta ongi da haiek ere pixka bat suspertzea, baina kontuz bere eskakizunen artean Estatuko boto guztiak berdin baliotzea lortzen badute, euskal abertzaletasuna ia desagertu egingo da Espainiako parlamentuan. #2. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakJoxe Aranzabal ¦ 2011-05-20 ¦ 12:59Bat nator zurekin, Ana, gauza gehienetan. Izorratu egiten gaitu mugimendu hau Espainiatik etortzeak. Hala ere, hori ez da egia osoa. Aurretik Ipar Afrikan zabaldu zen antzeko haserrealdia (horrek ere ez du laguntzen gu erakartzeko) eta Frantziatik etorri zitzaigun Haserretu zaitezte Stephan Hesselen liburuska. Eta, harago joanez, baina ez askoz urrutiago, Wikileaks dugu, horrek agerian utzi baitzituen aurrez bagenekien gauza asko, sistemaren kaka. Esango nuke motibo asko zegoela haserretzeko, eta hona uste baino beranduago iritsi zaigula haserrea (iritsi baldin bada), norabide askotatik, nahiz eta bulkada handiena hego aldetik iritsi den, askotan legez. Horregatik geratu gara hotz, ala, baita, gure ezkerreko korazaren azpian beste batzuk baino konformistagoak garelako? #3. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakikasares ¦ 2011-05-20 ¦ 13:57Aupa! eskerrik asko Ana gaia mahairatzeagatik eta besteei parte hartzeagatik. Anak idatzitakoaz nire iritziak: #4. Re: Akanpaden inguruko hausnarketaklaino ¦ 2011-05-20 ¦ 14:06Ondo dago gure burua psikoanalizatzea, baina euskaldunok egiten duguna edo egiten ez duguna aztertzeko etengabe halako ariketa psikoanalitikoak egitea patologiatik hurbil samar dagoela iruditzen zait. #5. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakFurunda ¦ 2011-05-20 ¦ 16:08A ze poza badatorrela ikusteak! #6. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakni ¦ 2011-05-20 ¦ 16:35
#7. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakIban Zaldua ¦ 2011-05-20 ¦ 17:21Niri asko gustatu zait Ana Malagonen testua, eta bat nator aurkezten dituen hausnarketa eta zalantza askorekin. Irudipena daukat euskal herritarrok (euskal herritar batzuk) harroegi gaudela gure ustezko iraultzailetasunaz, eta errazegi onartzen dugula abertzale = ezkertiar ekuazioa (nire susmoa da independentzia lortu eta biharamunean bat baino gehiago harrituko litzatekeela Euskal Herria zein eskuindarra den konprobatzean...). Enfin, ni, behintzat, ez naiz gai sentitzen akanpadak batzuek egin duten bezala deskalifikatzeko edo gutxiesteko. Badaezpada ere. #8. Re: Akanpaden inguruko hausnarketak / Kultura trukea gaur Donostian 16.00etanLuistxo Fernandez ¦ 2011-05-21 ¦ 09:41Ni ere bat nator oro har Anarekin, uste dut fin idatzi duela. Twitterren mehatxu egin du bigarren parte bat idatziko ote duen. Zain gaude. Nik badut espainolekin halako uzkurtasun bat, Black Panther jarrera bat... The white man will never be your friend, brother. Bart iluntzean Bulebarreko #AcampadaDonostia horretan ikusitako hizkuntza portaerak ere esperantza gutxi. Baina tira, politika gogoan mugitzen hasi direnei ez diet geldi egoteko esango. Eta ahal bada lagundu, kasu honetan aukeratxo bat zabaldu da... Izatez, gaur arratsalderako Bulebarrean pare bat jarduera deitu dituzte:
Tira, ba lehen saiorako ni disko gogorrarekin joango naiz, eta Azpitituluak.com gunean kargatu diren film askorekin joango naiz, filmak eta azpitituluak, denak prest. Inor gerturatzen bada, azpitituluen mania honetaz ere berba egingo dugu. Ondorengo haur jardueren inguruan, ez naiz asko fio ea euskaraz izango diren, baina tira, inork familian etorri nahi badu, aukera. Film politak baditut batzuk umeentzako modukoak nire bilduman euskaraz azpidatzita. Amaitzeko gaurkoz, ohartxo bat: flipantea iruditzen zait nola batzuek politika berritzaileaz diskurtsoak ematen ausartzen diren ni sinatuta. #9. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakA. Lizeaga ¦ 2011-05-21 ¦ 09:47Oso eztabaida interesgarria. Euskal herritarrak hotz edo epel aritu garen? #10. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakSustatu ¦ 2011-05-21 ¦ 10:10Blog honetan ere eman du eztabaidarako kontuak. #11. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakLaino ¦ 2011-05-21 ¦ 10:26Esanguratsua da eztabaida batzuk nola errepikatzen diren. Orain berriro "Spanishrevolution" ala "basquerevolution" izan behar duen. Espainiako Errepublika ala Euskal Herriko Errepublikaren alde borrokatu behar dugun. XX. mendeko 50-60-70 hamarkadetan lez. #12. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakU_ ¦ 2011-05-21 ¦ 11:22Zorionak Ana gaia plazaratzearren. #13. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakbananio ¦ 2011-05-21 ¦ 12:08Egia da hemen aipatu den guztia.Neu ere mesfidati agertu naiz kontu honekin. Hala ere, kontzientziak esaten zidan bertan egon behar nuela eta hala egin dut asteartetik aurrera.Egia bada sozialdemokrazia kutsua dariola, baina oinarrian dituen ideiak ez dira batere txarrak eta globalizazioarekin edota bolognakoarekin gertatu zen bezala, diskurtsoaren zati bat geratuko delakoan nago. Eta hpri beti da positiboa. #14. Re: Akanpaden inguruko hausnarketakSustatu ¦ 2011-05-21 ¦ 15:24Bigarren parte bat argitaratu du Ana Malagonek Pravda Txikian. Beste hausnarketa sakon eta interesgarri bat, Donostiako #acampadaDonostia horren harira, Gorka Julio Teketenek idatzia. #15. eta 22 Mren ondoren zer?bordaberria ¦ 2011-05-22 ¦ 09:12Gaurko (maiatzak 22) Sol enparantzan jarraitu ala ez eztabaidatuko da, seguraski jarraitzea erabakiko da, baina gaur gabaz gauzak aldatzen joango dira: Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Albiste gehiagopolitika gaia duten albiste gehiago
Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|