Teknologia albisteak
12

Euskarari buruzko datuak eta datuon aurreko erreakzio falta harrigarria

Erabiltzailearen aurpegia
Juan Inazio Hartsuaga. Euskaltzalea
2011-05-16 : 12:05

Aurreko asteburuan, EAEko 2010eko Euskal Iritzi Publikoaren Urtekaria argitaratu zelako berria ikusi nuen hainbat komunikabidetan, bai eta larritu ere, azpimarratzen ziren datuez. Niri beldurgarriak iruditzen zaizkit, baina agian nire paranoiak baino ez dira izango. Honatx bakan batzuk.

Internet bidez argitalpena eskuratu (pdf) eta aztertuta, prentsak nabarmentzen zituen datuak, Urtekaritik okerrik gabe jasota zeudela egiaztatu ahal izan nuen. Hiru egunez zain egon naiz euskarazko foro honetan datuon aipamenik aurkituko ote nuen, hizkuntz politika edo euskalgintza ogibide duten edo izan dutenen aldetik. Alferrik. Niri beldurgarriak iruditzen zaizkit, baina agian nire paranoiak baino ez dira izango. Honatx bakan batzuk:

  • Euskaraz ongi egiten dutenen artean (oso ongi + nahiko ongi, biak batuta), heren batek baino ez du euskaraz egiten nagusiki, etxekoekin edo lantokian. Lagunartean berriz, hori baino okerrago: laurden batek baino ez.
  • Euskaraz jakiteak gaur egun lan aukerak ugaltzen dituela uste dutenak %85 dira, baina euskaraz jakiteak gaur egun prestigioa ematen duela uste dutenak %45 baino ez. Eta eskerrak "euskara jakiteaz" galdetu duten eta ez "euskaraz jarduteaz", ez baitakit zer atera zitekeen eta orduan.

Iruzkinen zain egon naizen egun hauetan zera baino ez dut topatu: Miren Azkarate sailburu ohiaren artikulu bat gaur egun sozialistek EITBn zeinen gaizki egiten ari diren kritikatuz, eta Kontseiluaren beste bat, euskaldunek euskaraz bizitzeko duten gogoa goraka nola doan azpimarratuz, hainbat aldarrikapen eta manifestazio jendetsu igargarri. Berjondaiela!

Itsu sinesten dudan gauza bakarretako bat zera da, alegia, ereiten den gauza bera biltzen dela. Hortxe dugu gure uzta. Gustuko duenak segi dezala hazi bera ereiten. Eta ez duenak, eragin dezala, nork bere neurrian eta inguruan bestelako hazia ereiten hasteko, garaiz den artean. Eta gogoan hartu beti ez dela garaiz izango. Noiz arte ez dakit, baina beti ez.

Erantzunak

Egoitz Unamuno
2011-05-16 : 16:15

Juan Inazio, zure ustez zein hazi ari gara ereiten? edo zein hazi erein behar genuke?

bordaberria
2011-05-16 : 17:30

Uste dut arrazoia duzula Juan Inazio,



etsigarri da gaurko gazte "euskaldunek" zein gutxi erabiltzen dute "gure" hizkuntza eta erabiltzen dutenean bakarrik maisuaren aurrean komunikatzeko besterik ez duela balio sumatzen zaie. Unibertsitate eta institutoetaik bueltatxo bat ematearekin errez antzematzen dugu Euskal hezkuntzaren egoera, hau da seguraski euskalduntze prozesuan gehien inbertitu dugun gizarte arloan.



Nigatik EGAko eskakizun guztiak kenduko nituzke eta lan publikoetan euskarazko frogak egingo nituzke eta elkarrizketan euskaraz bakarrik, errez jakiten da euskaraz hitz egiteko gai den pertsona bat ala ez. EGAdun erdal militante ugari ezagutzen ditut dagoeneko, eta argi dago bide hori ez dela ona.

manu
2011-05-16 : 19:33

Ez da ideia txarra baina horrek ez luke arazoa konponduko: nahiz eta gutxi erabili gazte askok aise pasatuko luke azterketa (hezkuntzan nabil eta badakit zer diodan).

Momentuz, erdi formalaturik dauden alternatiba posible batzuk kenduta (hizkuntzaren balio estetikoa eta abar)inor ez du esan zein izan ahal den XXI mendean motibazioan eragingo duen faktorea.

XX mendean abertzalatasunak (nazio-kontzientziak)jarri zituen milaka lagun euskaraz bizitzeko bidean. Hemendik aurrera zein izango da motorea?

U_
2011-05-16 : 21:43

Zentzu honetan sustatu beharreko iruditzen zait "euskalakari" terminoa;, euskaraz bizi dena. Hau da, denok "euskaldun" garen momentu honetan ("vasco" gure patxirentzat), ezberdindu beharra daukagu "euskalakari" dena eta "vasco" dena. Balorea eman behar zaio euskalakari izateari, "euskaldun" izeteko nahikoa bait da Euskal selekzioaren kamiseta bat eramatea, eta vasco izeteko zeresanik ez.



Agian ez naiz ondo azaldu... baina arazo bat ikusten diot "euskaldun" terminoa euskaraz mintzo dena eta Euskal Herrian bizi dena, biak adierazteko balio izateari. Vasco parlante eta vasco izatea ez baida gauza bera! ...edo aldrebez esanda, Vasco izatea eta Vasco parlante izatea ez da gauza bera!



Ulertzen duenari behon deiola!!

Juan Inazio Hartsuaga. Euskaltzalea
2011-05-16 : 23:50

Kaixo Egoitz. Zure galdera erantzuten saiatuko naiz. Nire iritziz, aspaldiko okerra hizkuntzaren ezaguera soilari begiratzea izan da. Noski, ezaguera da erabilpenaren aldagai nagusietako bat, baina ez da bakarra. Dena den larriena itsukeria da. Badira urte batzuk ezaguerak gora egiten duela eta erabilerak berriz behera eta ez dakit hizkuntz politikako arduradunak zeren zain dauden erreakzionatzeko. Joera bere kasa aldatuko delakoan daude? Ezer ez egitea ote da errezeta?



Hizkuntz politikaren ardatza erabilera den egunean, argi eta garbi azalduko da euskarak duen arazo nagusia bere estatusa dela. Arrazoi asko eta konplexuak tarteko euskararen estatusa lur jota dago. Labur esanda gazteen hizkeran, euskara ez da guay. Hizkuntz politika osoa euskararen estatusa jasotzera bideratu behar da, eta horrek eraginbide anitz eta era askotarikoak eskatzen ditu. Luzeegi iruzkin honetan denak aipatzeko. Baina hori da ideia nagusia: euskararen estatusa lur jota dago eta hura jaso ezean zulora goaz.

ibai
2011-05-17 : 13:39

Erabat ados hemen esan direnekin. Neu ere kezkatzen nauen kontua da hau.



Zehazki Manuri erantzunez: eta XXI. mendean, zergatik ez du ba abertzaletasunak motorea izaten jarraituko?



Nik, egia esan, ez dut uste beste biderik dagoenik. Ez dut ikusten, erdararen indarraren aurrean, euskararen erabilera bultza lezakeen beste motibaziorik.

manu
2011-05-17 : 13:48

Neuk ere hori pentsatu dut duela gutxira arte. Dana dala, zalantzak sortu zaizkit ikusita, hainbeste urte eta gero, Herrikoetan gaztelaniak agintzen duela oraindik.

Edozelan ere, beste abertzaletasun mota bat izan beharko da, ikurrina agerian ez dakarrena eta ahoa independentzia oihuz egunero betetzen ez duena.

ibai
2011-05-17 : 15:09





Baiki, Manu, beste abertzaletasun mota bat, "euskal hiztuenen masa kritikoa edo esango geniokeena luketen lurraldeetan", behintzat.



Alegia, abertzaletasuna ulertzeko beste modu bat, hain zuzen ere, euskararen ezagutza nahikoa handia den tokietan, abertzaletasuna espreski hizkuntzaren erabilerarekin lotzen duena.



Abertzaletasunak diskutso hau bereganatu eta hauspotu behar lukeela uste dut, nik behintzat.

Joao
2011-05-17 : 17:09

Erabilera behera doala ez da hain gauza argia. Non, Orduñan? Lizarran? Agurainen? Horietan guztietan luzaroan (ehunaka urte askotan, Enkarterrietan adibidez) entzun ez dena entzuten da kalean, eta gora besterik ez du egiten erabilerak. Beste leku batzutan agian bai. Baina argazkiak osoa izan behar du. Edonola ere estatusa (era zabalean ulertua, ez soilik legezko estatusa, hori ere bai noski) dela erabilera igotzeko klabeetako bat, erabat ados.
Horrekin lotuta, gaur Savaterrek ematen dizkigu el Paísen bidea egiteko beste pista batzuk:


  • gaztelaniaren "izaera komuna" zalantzan jarri (bai historikoki bai gaur egun praktikan)eta euskararena aldarrikatu

  • euskararen baliogarritasun praktikoa eta unibertsaltasun garaikide zalantzagabea erakutsi

Horietan tematzen dira "askatasunaren ideologoak", beraz hortxe bidea.


JJ
2011-05-27 : 16:29

Urduñan, Agurainen eta zer esanik ez Lizarran, euskaraen erabilera hutsaren hurrengoa da. Zerotik abiatuta, hutsaren hurrengoa harrapatzeko igo beharra dago, noski, baina ez dezagun geure burua engaina, bai horiek bai beste ehunka herri zeharo erdaldunduta daude, erabilerak aspaldiko partez "gora" egin duen arren, hau da, zerotik %5era eta horrelakoak.

Egoera larria da, baina kontsolatu nahi duenak beti dauka azpimarratzea zenbat eta zenbat haur matrikulatzen diren D ereduan edo ikastoletan, atsedenaldian bertan ere euskaraz aritzeko motiborik aurkituko ez badute ere...

Joao
2011-05-28 : 18:05

Kontua ez da kontsolatzea baizik eta lanerako nondik abiatzen garen aztertzea. Ez dakit munduan zenbat kasu egongo diren, baina euskara bezalako hizkuntza txiki bat galdu ondoren, berreskuratu eta berriz kalean entzutera igaro den eremu asko ditugu Euskal Herrian. Portzentaiak portzentai, euskara bizirik dago orain dela gutxi hilik zegoen leku askotan. Eta hori jauzi kualitatibo berebizikoa da. Hasi Nafar piriniotan, pasa Gasteiz eta Aiaraldetik eta bukatu Enkarterrietan. Hizkuntza aldatzea ohikoa da txikitik handira jauzi egiteko, baina zaila eta "arraroa" handitik txikira egiteko. Eta gaur egun hiri eta eskualde askotan jendea handitik txikira ari da pasatzen. Zailena egiten ari da. Guk nahi baino gutxiagok egiten dutela hori? Bale, baina tendentzia hori da, eta indartu egin behar dugu, ez existitzen ez dela esan edo balioa kendu. Ez dakit mirari deitu behar zaion prozesu horri baina ia-ia. Beste adibiderik ezagutzen munduan? Agian egongo da, baina ez behintzat Europan.

Aldi berean gaztelania lehen euskararenak soilik ziren eremuetan sartzen ari dela? Ados. Iparraldean euskara ia K.O. egoeran dagoela? Ados. Baina horiek ez dira euskararen errealitate bakarrak.

manu
2011-05-28 : 20:37

Beitu zer topatu dudan jeltzale arabarren blogean:



Gure gizartea gero eta euskaldunagoa da, eta klasetik kanpo hizkuntza erabili edo ez, D ereduko kumeek euskarazko ekoizpen kultural eta mediatikoa ezagutzen dute. Bereziki abertzaleak direnek. Eta gaur egun EAJ-k ez du bere mezu politikoa euskaraz zabaltzen duen mediorik zein erreferente kultural euskaldun indartsurik. 36ko gerra aurretik ez bezala, 77tik gaur egunera arte EiTB sortzea nahikotzat eman eta EAJ-k uko egin dio euskarari bere medioetan (azkena Onda Vasca) edo ez du euskarazko mediorik sortu, eta nire ustez ez badu ekoizpen propio euskaldunik egituratzen, hauteskunde hauetan ikusi dena errepikatu eta hazi besterik ez da egingo denborarekin.







Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago