Teknologia albisteak
4

Klik! Hitzaldi ziklo interesgarria Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia
Uztarria
2011-03-28 : 17:03

Kilometroak 2011 Azpeitian izango direnez, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik mahai-inguruak antolatu aste honetarako. Herriak euskaraz: klik! lelopean egingo dituzte solasaldiak, martxoaren 29an, 30ean eta 31n, hau da, astearte, asteazken eta ostegunean. Sanagustin Kulturgunean izango dira hirurak, 19:00etan hasita. 2011ko Kilometroak jaiaren leloa nolabait teknologikoa da, Klik!, eta hitzaldi hauetan ere osagarri hori ez da faltako: Teknologia eta sarea: euskara, gazteak eta hezkuntza da lehen hitzaldia, asteartekoa.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik hiru helbutu lortu nahi ditu mahai-inguruekin: Ikastola komunitatea, eskualdeko eta Euskal Herriko herritarrak auzolanean jartzea, kolore askotariko ikastola baten alde, guztien arteko kooperazioa indartzea eta Ikastolak beste urrats bat ematea, gaurkotuz, berrituz eta hedatuz.

Lehenengo hitzaldia asteartean izango da eta Teknologia eta sarea: euskara, gazteak eta hezkuntza izango dute hizpide. Sare sozialez, bideo jokoez eta, oro har, teknologiaz hitz egingo dute:

  • Iratxe Esnaola (Deustuko Unibertsitateko informatika ingeniaria),
  • Josu Azpillaga (CodeSyntaxeko ingeniaria)
  • Joxi Imaz (Euskal Herriko Unibertsitateko soziologoa)
  • Oihan Odriozola (Ikastolen Elkarteko informatika ingeniaria).
  • Moderatzaile, Garbiñe Bereziartua (Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak).

Asteazkenean, hilak 30, Herri mugimenduak: gaurko egoera eta etor daitekeena izenburupean egingo dute mahai-ingurua. Eredu parte hartzaileaz eta berritzaileaz, zein etorkizuna bideratu ahal izateko erabaki eskumena duen ereduaz jardungo dute.

  • Enekoitz Esnaola (Uztarria Kultur Koordinadoraren sortzaileetakoa)
  • Hur Gorostiaga (Iparraldeko Ikastolak-Sehaskaren zuzendaria)
  • Karmele Artetxe (Udako Euskal Unibertsitateko Lehendakaria)
  • Mertxe Mujika (AEK-ko Koordinatzaile Nagusia) izango dira hizlariak.
  • Moderatzailea, Iban Arregi (Berriako kazetaria).

Hirugarren eta azken saioa, ostegunean izango da, martxoak 31. Bertan, Azpeitiko euskara, Nondik gatoz, nora goaz izenburupean, herriko euskararen bereizgarriaz eta azpeitiarren identitateaz hitz egingo dute. Lau hizlariak azpeitiarrak izango dira:

  • Estitxu Elduaien (Berriako kazetaria)
  • Imanol Lazkano (Bertsolaria)
  • Jokin Uranga (Bertsolaria)
  • Pako Aristi (Idazlea).
  • Moderatzailea Amaia Mendizabal (Elhuyar Aholkularitzako kidea) ariko da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "mahai-inguruak herritar guztiei eta bailaran gai horien inguruan hausnartzen zein lanean ari den eragile zein norbanako orori irekiak daude". Horrenbestez, Kilometroak 2011ko arduradunek "herritarren hausnarketa eta komunikazioa sustatu" nahi dituzte mahai-inguru horiekin.

Erantzunak

Gorri
2011-03-29 : 08:37

Azken hitzaldi hori OSTEGUNEAN izango da, noski! Sarreran astaertetik ostegunerako zikloa aipatzen du, baina testu barruan ASTEAZKENEAN direla jartzen du azken bietan.

Jende interesgarria ikusi dut hitzaldi guztietan, baina iruditzen zait laukotea + moderatzailea talde handiegiak direla fundamentuz eta patxadaz hitz egiteko.

Sustatu
2011-03-29 : 11:42

Zuzendua egunen kontu hori. Eskerrik asko, Gorri.


M.J.A.
2011-03-29 : 12:49

Posible ote da mahai-inguruak SUSTATUn adieraztea?, edo agian argitaratzea ere?, laburpenak behintzat?


Mila esker


CodeSyntax
2011-03-31 : 14:31

Astearteko saioaren bueltan, Josu Azpillagak bere parte-hartzearen laburpena argiatatu du hemen. Egun horretako gaia izan zen: Teknologia eta sarea: euskara, gazteak eta hezkuntza.


Erantzun

Sartu