Teknologia albisteak
11

Pako Aristiren pijamatan

Erabiltzailearen aurpegia
Bittor Hidalgo - Donostia
2011-02-07 : 09:02

Oraintxe irakurri diat gaurko Berrian hire artikulua Proklamak, soflamak eta pijamak eta pena eman zidak darion etsipenak, edo... Ez zekiat hori den, baina ondoko hitzak atera zaizkidak hari horretan tiraka. Nahi duan arte. Ez gaizki hartu gaizki esanik badago.

Ze onak gean, Pako! Ze txarrak beste guztiak. Guk, nik, …, hik egingo hituen/genizkian/nizkian orain arteko guztiak, beste horiek gabe!

Erraxa iruditzen zaidak gure ezintasuna, nahi gabe ere, besteen ustezko inozokeria putatiboan ezkutatzea, ez? Geok garenean gauzak aldatu ezin ditugunak, ez?, nahi dugun hartarantz.

Besteengatik kexatu baino, hobe izango diagu denok jarraitzea gauzak pausoz pauso aldatzen? Edo behintzat saiatzen? Baina, gauden gaudenetik, ez? Ez egon nahi genukeen hartatik.

Eta bidean elkar animatzea denok, beharra badiagu-ta, geure burua, neurriren batean behintzat, euskaldun, edo euskaltzale, edo abertzale jotzen dugun guztiok, ez? Denok ari garelako, bakoitza geure neurrian, Euskal Herri honen alde, ez?

Agian guk ere, kexa gutxixeago, protesta gutxiago, eta egin gehixeago? Agian. Nola? Hori duk kontua. Ideiak behar dizkiagu, gero eta hobeak. Egunez egun berriak, gaudenok mugitzeko. Goazean gauzak gaudenon artean mugitzera, eta bilduko dizkiagu lagun berriak. Geldi bagaude, apenas. Gauza politak asmatzen baditugu, etorriko dituk! Kexatzen eta beraiengatik gaizki esaka baino ari ez bagara, zera etorriko dituk gugana!

Goazean gauza politak, are gehiago, asmatzera gure arterako. Eta ahal dela, egingarriak, eramangarriak (jasangarriak ziotek orain?), iraungarriak (ea batzuk iraunkortzen diren, ez?).

Irekiko diagu ideia lehiaketa berria.

Ondo izan

Bittor

Erantzunak

Sustatu
2011-02-07 : 10:14

Josu Azpillagak ere kritika egin dio Pako Aristiren artikuluari bere Posterous blogean. Bereziki, artikulua amaitzeko modu zakarrari egiten dio erreferentzia Azpillagak.


Utikan Euskadiko ziber-sareak. Pijama jantzita lotara, ni ere.

Azpillagaren erantzuna edo:


Baina, berak zibermunduaren aurrean pijama jazten du. Total, ez du ezer galtzen. Bozketa txoroetarako deiak besterik ez dabil mundu honetan. Utikan Euskadiko ziber-sareak.

Riki Idiakez
2011-02-07 : 10:33

Aupa Josu,



Hirekin ados Pakoren bukaera zakarregia dela; ziber-sareekiko mespretxua ez diat konpartitzen. Baina aurretik esaten duen guztiaren hein handi batean bat natorrek Pakorekin: sagardotegi asko eta liburu gutxi, tabernako soflama ugari eta auzolana urri... Eta neuregatik hasita...



Bittorrek dioenari, berriz, bai, aurrera egin behar diagu, bat eginez, eraikiz...; baina ondo "armatuta": historia, informazioa, printzipioak, helburuak... Bestela, alferrik gabiltza.



Enpin, nere gogoetak. Bejondaizuela.

Luistxo Fernandez
2011-02-07 : 10:33

Uste dut non sequitur flagrante bat dagoela Aristiren artikuluak. Bale, abertzaleak ez dira bereziki intelektualak edo beren unibertso kulturala nagusiki erdalduna da.


Baina Interneten errua da hori edo Euskadi ziber-sareena berak dioen bezala? Non dago batetik besterako konexio logikoa?


Eta gero, ematen du, Perurenaren erdarazko bideo hori (ze klaro, zabaldu bada, horregatik da, dudarik ez!) edo El Mundoko bozketena bezalako erreferentziak iristen zaizkiola Aristiri nonbait postontzira, ez besterik! Meme tonto samar eta auto-spamiko horiek neuri ere ez didate grazia handirik egiten, eta horretan Aristirekin ados egon naiteke. Harritzen nauena da beste Internetik ez duela ezagutzen Aristik! Mezu lerdoetan galduta badabil, bere errua izango da, ala hori ere besteon kulpa da?


Anda, Pako, egun osoan pijama jantzita sofan egotea edozeinen eskubidea da, baina kasu horretan sarriago garbitzea ere komeni da, oihalak usaina hartzen du eta!


xme
2011-02-07 : 11:49

Nire lagun ziberzaleok:



Pakoren artikuluaren mamia, %98an, ahaztu, eta azken lerroak besterik ez al dituzue aintzat hartu behar?

Amonamantangorri
2011-02-07 : 13:53

Niri Pako Aristiren azken artikulu hau testu aristitar peto-petoa iruditzen zait.



Anjel Lertxundik Berriako bere zutabetik oporrak hartu eta Aristik ordezkatu zuenean, bere artikuluek (beharbada zuzenagoa litzateke "eracusaldiac" deitzea) beti Asteasuko Agirreren tonua zuten.



Zeinen ustela eta itxurazalea den gure jendarte hau, gazteak ez dira gizartearen kontra matxinatzen eta mozkortzea eta txortan egitea besterik ez dute buruan, euskal kulturarekiko interesik txikiena ere ez duten abertzale usteko horiek Diario Vasco eta El Correo irakurtzen, eta hola egunero-egunero. Ostia, eskerrak Lertxundi oporretatik laister itzuli zen.



Aristiri gauza askotan ez diot arrazoia ukatzen, baina ikaragarri molestatzen dit euskal jendarte alienatu, erdaldun, futboltzaletik kanpora bere burua kokatzeko modu horrek.



Eta idazle batez ari garenez gero, eskertuko nioke erretorika jesuitikoa, euskal literaturaren garabidean zinezko indarra eduki duena, behingoz gainditu, eta karraka errepikalari, topikoz jositako hori (azken topikoa, zibersareekiko mespretxua: zeinen gozoa den paperean irakurtzea, eta binilozko diskoak entzutea) gustu estetiko, ironia eta gatz-piperbeltz pittin-pittin batekin onduko balu.



Enfin, eztakit pixkat pasatu ez ote naizen.

Xabi
2011-02-08 : 00:52

Ados nago Amonamantagorrirekin. Interesgarria Mikel Sotok artikulu honetan dioena.


leire narbaiza
2011-02-08 : 01:27

Gauza askorekin ados nago Pakorekin. "Borregismoak" asko funtzionatzen du gure herrian, baita ondokoetan ere. Kulturarekiko interes txiki hori ezin zaie abertzale euskaldunei huts-hutsean egotzi. Berdin abertzale, zein ez abertzale; euskaldun zein erdaldun eta lauren arteko konbinazioek dute interes txikia kulturarekiko, izan euskalduna edo beste norabaitekoa.



Bestetik, esan nahi nuke Luistxok dioena ere egia dela: e-mailen mundu hori baino ez du ezagutzen. zer esango dugu orduan blogari euskaldunok Pakoren gainean? Bere ziber-kultura eta bere interesa hutsaren hurrengoa da. Ez du entzun inoiz baino gehiago idazten ari dela gaur egun, eta ia dena Interneten dagoela? Ba hori, bere berbetan nahastu dela.



Amonamantagorrik ere badauka bere arrazoi puntua, gaiztotxoa izan arren. Aristik sarri potifikatzen du. Tierra Santakoa izatearen ondorioak? Organista izanda abaderi entzuteagatik? Baliteke!



Aitortu behar dut, Pako Aristirekiko debilidadea daukadala. Erraz barkatzen diot bere boutade horiek. Zer egingo diogu, bada? Ahulak gara pertsona batzuekin!



Nire iritziz, baina, klabea berba baten dago: Euskadi. "Utikan Euskadiko ziber-sareak" dio. Zergatik ez du "Euskal Herria" terminoa erabili? edo euskal ziber-sarea esan? Ez duelako ezagutzen. Balebil, seguru beste gauza bat idatziko lukeela. Pako, zure zain gaude ziber-Euskal Herrian, zatoz!!

biluzik hobe
2011-02-08 : 15:20

Euskadi ziber-sarea eta euskadi literatur sariekin hitz jokoa egiteko erabiltzen duela iruditzen zait. Ez dut uste euskal herria esateko inoiz euskadi erabiliko duenik. Ez dut esango euskal herriko ziber sarean gauza interesgarririk ez dagoenik. Pixka bat ibiltzen naiz bertan eta gauza interesgarri izugarri dago. baina gainontzean zer, beste alde guztietan bezala zabor piloa dago. Hemen ere zer gertatzen da, bakoitzaren etxea ukitzen dutenean saltatzen dugula, ezta? xmerekin ados nago. Azken esaldiarekin gelditu zarete? Ez du besterik esan?

Erraz barkatzearena berriz askorengan faltan ikusten dudan zintseridadea dariolako dela uste dut. Politikoki zuzen izan behar dugun garaiotan nik behintzat estimatzen ditut horrelako jendearen ekarpenak

joseba
2011-02-09 : 19:11

bada lertxundirekin konparatu beharrik gabe, pakorena ere ahots interesgarria iruditzen zait niri, boutadeak boutade.



eta artikulugileen (zer esanik ez telebistako tertuliakideen) artean, batazbestekoa igotzen dutenetakoa dela uste dut. nahiz eta %100ean berarekin beti ados egon ez, ziber sareen kasuan lez.

jlazkarate
2011-02-10 : 13:23

ados nago Josebarekin, Aristiren iritziak batzutan apur bat ingenuoak edo manikeistak dira, zelabait esatearren. Baina nik bere artikulu bat Berrian (kasu honetan) ikusten dudan bakoitzean beti beti irakurtzen dut, gaia interesgarria izango delakoan (edo polemikoa? agian ere bai). Eta hori artikulugile euskaldun askori buruz ezingo nuke esan, tamalez.

Pakoren gaiak beti hurbilak dira eta beti zuzenean doa, gauzak aurpegira esanez.



Eta grazia egiten dit ziberespazio euskaldunaren kontra duen aurreritzi horrek, hemen ere pontifikatzen duen blogari asko baitago. Baina Pakok argitu beharko luke gehiago zertan oinarritzen duen iritzi negatibo hori.

kakalardo beltza
2011-02-17 : 16:49

Amonamantangorriri:



nik, berriz, eskertuko nuke Lertxundiri opor gehiago eta Aristiri espazio gehiago emango baliote.



(jo ezak berriro, Pako!)

Erantzun

Sartu