Teknologia albisteak

Sakoneta (47): "Argiak piztuko ditugu?"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-02-05 : 10:02

uzt. 3 04:30

–Argiak piztuko ditugu?
–Ezta pentsatu ere. Zipaioei pistak ematea da, jendea non dabilen.
–Joder, ba, hemen mugitzeko, argirik batere gabe...
–Dauzkagun linternekin moldatu behar, baina lurrera begira eduki.
–Denak batera ibiliko gara hortaz?

–Hobe dugu banatzea. Azkarrago mugituko gara, bederatzi lagun batera ibilita baino. Eta lehenago topatuko dugu Marmitte.

–Ostia. Egia. Eta zer esan behar diogu, ikusten dugunean?

–Aurren-aurrena, ez garela poliziak. Ze, norbait ikusita, horixe pentsatuko du lehendabizi, bere kontra gatozela. Eta, armen kontu hori igual gezur hutsa izango da baina, litekeena da defentsa jarrera hartzea.

–Joder.

–“Ekologistak gara, zu laguntzera gatoz” esan diezaiokegu. Gero, ba, ikusi ze jarrera hartzen duen. Berarekin gelditzea nahi badu geldituko gara, eta joatea nahi badu joan egingo gara.

–Eta ezin al gara txoko honetan gelditu, gutxienez eguna argitu arte?

–Eta Marmittek gu hemen sumatuta petardoren bat edo zeozer botatzen badigu?

–A zer mobida.

Markelen jarraibideak txintxo bete dituzte, eta, eskailera bat ikusi bezain laster, hiru taldetan abiatu dira beste horrenbeste norabidetan: batzuk gora, ganbara beharko lukeen tokira; beste batzuk behera, ukuilua eta sukaldea imajinatzen dituzten aldera; azken taldea solairu horretan bertan geratu da, logelak izango direnak arakatzeko asmotan.

–Eta larrialdiren bat baldin badugu? –galdetu du batek, ageriko izua ostendu nahian.

–Ba, egin garrasi, eta eskailera honetantxe egingo dugu topo.

Horrela bereizi dira, Uxune, André eta Gorka goraka; Naiara, Antton eta Ainhoa erdian; Julian, Markel eta Martina beherantz. Taldetxo bakoitzeko kideak elkarren ondoan ibili dira hasieran, ezezagunaren beldur objektiboagatik nahiz ilunpeak sorturiko izu atabikoengatik. Apurka, baina, sakabanatuz joan dira.

–Alde horretan zer dagoen begiratzera noa –esan du Martinak.

Puska batean ibili dira, batera eta bestera. Hautsa eta zikina aurkitu dute, armiarma-sareak eta arratoientzako zepoak, tresna herdoilduak eta egunero erabiltzeko itxura dutenak, liburu batzuk eta umeek festetan ibiltzen dituzten moduko petardoak.

–Eta Marmitte? –galdetu du batek gero, eskaileran topo egin dutenean.

–Ezta arrastorik ere.

–Txokoren batean egongo da, ezkutaturik.

–Edo gauean alde egin du, zipaioak sartu baino lehen.


Erantzun

Sartu