Teknologia albisteak

Sakoneta (39): Kantu saioa amaitutzat jo du Naiarak gitarra bere fundan sartuta

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-28 : 17:01

uzt. 3 00:15

Kantu saioa amaitutzat jo du Naiarak gitarra bere fundan sartuta. “Beste bat” eskean hasi zaio baten bat, baina Naiararen aurpegiak argi adierazten du ez dagoela umoreko.

Zirkulu erdi desegin hartatik altxatu egin da Naiara. Lehenik gitarra jasotzeko, gero metro batzuk harago joateko. Ez gehiegi ere, beren kanpalekuko ipurtargi gisako faroltxoen errainutik kanpo ez baita deus ikusten, eta gaueko piztiek baino beldur handiagoa ematen dute, gainera, hanka biko zomorroek.

Urruntzen ikusi du Anttonek gitarra jolea. Txixa egitera joana izan litekeela bururatu zaio, berak ere gogo bera sentitzearekin batera. Altxa eta beren bizigune horretatik urrundu da bera ere, beste norabide batean baina, eta topatu duen lehen arbolaren kontra hustu du maskuria.

Itzuleran, zuzenean joan ordez, zeharka abiatu da, egunez begi aurrean izan dituen paraje haietan gauez moldatzen ote den probatu nahian-edo, bere buruari ume-jolas bat proposatu balio bezala. Begiak kixkurtuz eta denbora pixka bat pasatzen utziz gero, lehen deabruaren ipurtzuloa begitandu zaion belzgune horretan itzal batzuei, giza itxura batzuei, arbola tankerako mulkoei antzematen hasi da Antton.

Eta han aurrean, Naiara urrundu den noranzko berean, argi ixpi gorri bat sumatu ote duen iruditu zaio. Zigarro bat erretzen, pentsatu du, eta berari ere gogoa egin zaio, izaki mimetiko hutsa bihurtua balego bezala.

–Kaixo, eser naiteke? –esan du, Naiararen parera iritsita.

Hitzik gabe, txoko bat egin dio neskak bere ondoan.

–Ondo sartzen da zigarro bat ordu honetan, ezta?

Ezer esan gabe eskaini dio Naiarak. Ez da Anttonen gogoko marka, eta bere paketea atera du.

–Neuretik erreko dut, inporta ez bazaizu. Baina ez dakit txiskeroa non utzi dudan.

Berriz ere ahoa zabaldu gabe luzatu dio pizgailua.

Isilik erre dute biek. Airera jaurtitako ke-bafadek elkarrizketa moduko bat eratu balute bezala, ordea, edo Naiara apurka lasaituz joan delako bestela, hizketari lotu zaizkio handik pixka batera.

–Ederra gaua, ezta? –ekin dio berriz Anttonek.

–Oso.

–Gezurra ematen du, giro lasai hau ikusita, nolako istiluetan sartzen garen. Bueno, barkatu, ez nuen kritikarik egin nahi.

–Ez, lasai, ulertu dut. Nik ere horixe bilatzen dut. Harmonia eta bakea. Unibertsoarekin, naturarekin, neure buruarekin, beste pertsonekin...

–Baina ez da beti posible, ezta?

–Gehienetan ez.

Erantzun

Sartu