Teknologia albisteak

Sakoneta (36): Bai, ni naiz... Bai, bai, badakit... Ba, informazioa biltzen, zertan ariko nintzen ba?

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-24 : 17:01

uzt. 2 20:15

–Bai, ni naiz... Bai, bai, badakit... Ba, informazioa biltzen, zertan ariko nintzen ba?... Aber, hemen daukat prest... Nola bidaliko dizuet ba? Baserri horren aurrean gaude, ertzainez inguraturik. Zer nahi duzu, ertzainei galdetzea ea wifirik badaukaten? Gainera, portatila autoan utzi behar izan dut... Autoa? Lekutan dago autoa... Ez, ez: telefonoz diktatuko dizuet, eta zuek grabatu eta transkribatu... Badakit hori ez dela aspaldi egiten, baina horixe da gure aukera bakarra. Bai ala bai?... Bueno ba, prest? Berehala hasiko naiz.

"AHTren aurkako azken mohikanoa?

Joxe Garmendia Marmitte, 77ko amnistiaren ondoren ETA militarreko lehenengo presoetakoa izan zena, zorakeriazko historia baten azken ekintzailea izan liteke. Kartzelatik atera zenetik, azken 15 urteotan zibilizaziotik aparte dagoen baserri galdu batean bizi izan da, bere munduan isolatua, berak aldatutako letxuga eta tomateak janez, inorekiko kontaktu barik, eta beharbada horrelaxe jarraituko zuen, patuak edo kasualitateak nahi izan ez balu AHTren ibilbidea juxtu Sakoneta baserritik pasatzea.

Mamitteren anaia Ignazio Garmendia zen Sakonetaren jabea, EAJtik hurbil dabilen eraikuntzako enpresaria, eta arazorik gabe sinatu zituen hark baserriaren desjabetze agiriak. Anaia anakoreta eta terrorista ohiak alde egin nahi ez, ordea. Errekerimendu guztiei muzin egin ondoren, idazkari judiziala ertzainekin agertu zenean onez ez bazen indarrez egozteko, bortizki erantzun zuen Marmittek, orain arte zehaztu ez den su-armaren batekin.

Geroztik Sakonetan setiaturik dago Garmendia, ertzainen hesi batez inguraturik. Baina ez dago bakarrik: AHTren kontrako ekintzaile-talde batek lortu du Sasiondon ezarritako polizi kontrolak saihestea eta baserri ondoraino iristea, Marmitteri bere elkartasuna adierazteko eta haren kanporatzea eragozteko.

Ekologista erradikal hauekin egotea lortu dugu: Garmendia ez omen da beren taldekidea, baina bat egiten dute erabat haren borrokarekin. Inposatutako proiektutzat jotzen dute AHT, eta beren ustez guztiz zilegia da erresistentziazko jarrerak hartzea, AHTren kalteak handiagoak izango direlakoan. Lerrook idaztean ertzaintza ez da saiatu Sakonetan indarrez sartzen, baina edozein unetan gerta liteke hori."

–Bueno, zer iruditu zaizue?... Tira bakarrik? Horrekin eta agentzietako berriekin deputamadreko albistea daukazue... Eta fotoak ere bai... Bai, Andrék bidaliko dizkizue, bere mobiletik. Txilibitu horri buruan sartu zaio kamera utzi eta ekologistekin elkartzea, baina klaro, ekologistei ere komeni zaie fotoak agertzea, eta denon artean konbentzitu dugu... Bai, nobedaderik baldin badago deituko dizuet... Ez dakit, gaur gauean, igual bihar... Edonola ere... Bai, bai, bai... Bueno, agur.

Erantzun

Sartu