Teknologia albisteak

Sakoneta (26): Hamaika ertzain datoz oraingo bisita honetan, hamar gehi bat

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-14 : 17:01

uzt. 2 19:00

Hamaika ertzain datoz oraingo bisita honetan, hamar gehi bat. Caparroso sarjentua aurrena, bisera berria begi gainera jaitsita, eta atzetik bi lerrotan bost eta bost, antidisturbioen ezkutu-babesak nahiz erasorako borrak eta bokatxak ondo agerian, beren bota beltzekin belarra zanpa-zanpa eginez baserria inguratzen duen zinta-hesiaren eta basoa hasten den pinu-sailaren arteko zati estuan.

–Nor da zuen arteko jefea? –galdetu du Caparrosok, kanpadenden parera iritsi baino metro batzuk lehenago geldituz.

Bertakoak elkarri begira geratu dira, nork zer esango.

–Nor da hemen jefea? –errepikatu du sarjentuak handik pixka batera.

–Guk ez daukagu jeferik –esan du halako batean Markelek.

–Hortaz, zu zara jefea.

–Logika militarra esaten zaio horri –sartu da Antton, ingurukoen barrea eraginez.

–Kazetari serioak ekologistekin al dabiltza orain?

–Kazetari serioak nahi dutenekin eta nahi duten lekuan ibiltzen dira.

–Ba, kontuz ibiltzea daukate, ekologistekin batera atxilotzea nahi ez badute.

Andrék kamera atera du eta klik-klik-klik dabil egin ahala guztian.

–Eta zuk gorde traste hori, igual puskatu egingo zaizu eta.

–Mehatxu bat al zen hori? –Anttonek, neskaren aurrean ondo gelditzeko aukera bat ikusiz, aspaldiko partez.

–Mehatxua ez: abisua, hobe beharrez egina.

Ekologista-taldekoak erdi txantxa erdi protestazko hotsekin hasi dira: “Uuuuuuu!”, eta Caparrosok erabaki du zezenari adarretatik heltzea, bestela ez dago hura toreatzerik eta.

–Aber. Entzun ongi. Ez daukazue hemen egoteko eskubiderik. Zuen hobe beharrez esaten dizuegu. Baserri barruan jende armatua dagoela pentsatzeko arrazoiak ditugu, eta arriskutsua izan liteke hemen gelditzea.

–Hemen jende armatu bakarra zuek zarete –esan du Markelek.

–Eta arriskutsua gainera –Uxunek.

–Ez nago txantxetarako. Ordu erdi daukazue zeuen dendak eta gauzak jaso eta alde egiteko. Bestela...

–Bestela zer, ostiaka aterako gaituzue? –animatu da taldeko beste mutiletako bat.

André tira ahala ari da fotoak egiten, orain ertzainei, orain ekologistei, eta bi taldeak plano berean sartuz ahal bezain gertutik.

–Argazkirik ez egiteko esan dizut, kabenlaputa.

–Uuuuuuuu!

–Niri ez barrerik egin, e! Ezta okurritu ere barre egitea!

–Uuuuuuuu! –ozenago.

–Ordu erdi daukazue, esan dizuet –eta, keinu bat eginda, etorritako bidetik abiatu da, kargako hamar morroi armatuak atzetik darraizkiola, top-top-top-top, hautsa harrotuaz.


Erantzun

Sartu