Teknologia albisteak
1

Sakoneta (25): Sakonetara baino lehen Malkorbera joan dira Antton eta André

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-13 : 17:01

uzt. 2 16:45

Sakonetara baino lehen Malkorbera joan dira Antton eta André: goraxeago dagoen beste baserri bat da berau, baina Sakoneta ez bezala AHTren atzaparkadatik libratu dena.

–Nire lehengusu txiki bat bizi da hemen, hil ez bada, eta hil balitz abisatuko zidan amak edo.

Porlanezko pista gero eta aldrebesagoa bihurtu da Malkorbera hurbildu ahala, ingurua ere gero eta basagoa. André argazkiak ateratzen hasi da. Balio periodistikorik ez badute ere, edertasun printzaren bat atzemateko asmoz. Aldamenekoak kasu askorik egiten ez badio ere, hizketan jarraitu du Anttonek, paisaiak garai bateko oroitzapen gordeak berpiztu balizkio bezala.

–Bizi egin behar du hemen kristauak. Nire lehengusu hori ere hala-moduzkoa da baina. Mutilzaharra, eta astoa baino egoskorragoa. Asko aldatu ez bada. Hilario. A ze tipoa. Umetan egiten genizkion barrabaskeriak... Nik eta beste lehengusu batek. Ordutik ezagutzen ditut hemengo bazterrak. Korrika eta zalapartaka ibiltzen ginen, sagarrak lapurtzen, txori-habiak bilatzen, arkuak egiten genituen arbola-adarrekin, zapaburuak harrapatzen genituen, harrika ematen genien behi eta ardiei, animalia guztiei.

–Gizakia animalia zitala da gero –esan du Andrék.

–Eta umetan gehiago.

Iritsi dira Malkorbera, eta han hartu ditu Hilariok, Anttonen lehengusu mutilzaharrak. Horren egoskorra izateko gizaseme adeitsua iruditu zaio Andréri: ongietorri beroa egin die, jateko eta edateko eskaini, hura ez dela kuxidadea-eta barkamena eskatu. Andrérekin bereziki, artatsu bezain baldar aritu da, emakumeekin ohiturarik ez eta, aldi berean, bere alderik zibilizatuena erakutsi nahi duenaren gisan.

Argazkietan jasotzeko modukoa iruditzen zaio neskari sukalde xaxtar honetan ikusten duen guztia: azuleju horituak, harrizko zoru irregularra, baso eta plater antigualekoak, iltze batetik zintzilik dagoen txorixoa aldamenean egutegi bat daukala, euliak itsatsita dauzkan hedea, eta zertarako diren jakin ezin duen beste hamaika mila tresna. Lotsa ematen dio kamera ateratzeak ordea. Lotsa, edo gizaki bakarti batekiko eta honen intimitatearekiko errespetua, fotografoek –pentsatzen du bere artean– horren erraz ahaztu ohi dutena.

–Ese Joxe de Sakoneta, menudo pájaro –ari zaie kontatzen, belarri-motxarekiko begirunez erdaraz bera ere. Mesedez euskaraz egiteko eskatu dio Andrék, hori gutxienez zor diolakoan, eta lehengusu biak berarentzat ulergaitza den solasean ari direla, kanpora irten da, orain bai, kamera piztu eta argazki parrasta bat ateratzeko.

Erantzunak

leire narbaiza
2011-01-14 : 12:03

Oso gustura nabil irakurtzen nobela, Xabier. Laburregi begitantzen zaizkit atalak! Gehiago nahi dut!!!!!Jakin-mina ase ezinda. Elkartuko ote dira protagonista guztiak? Zer gertatu zaio Marmitteri? Markel norekin enrollatuko da? Uxunek zenbat bider garbituko du ilea nobela guztian? ..... eta abar. Ia ba!

Erantzun

Sartu