Teknologia albisteak

Sakoneta (23): "Ez dago pasatzerik"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-11 : 17:01

uzt. 2 16:15

–Ez dago pasatzerik.

Argi eta ozen esan die ertzainak Uxune eta Naiarari.
Sasiondoko plazara iritsi direnean hantxe egin dute geldialdia, lagunak bertan topatuko zituztelakoan.

–Hau dena kazetariz eta txakurrez topera dago, tia –esan du Uxunek.
Nahiko lan izan dute aparkatzen ere. Azkenean, autoa utzi eta herriko denda bakarrean galdetu dute, Sakonetara nondik joan litekeen. Halako eta holako bidea hartu, eta gero ezkerrera, eta gero behera, zehaztasun xehe bezain nahasiak eman dizkie dendariak, andrazko adineko batek.

–Baina haraino ezin zarete automobilez iritsi, e!
–A, ez?
–Bidetxidorra besterik ez dago hara. Eta lokatza ere bai, deskuidatzen bazarete.

Emakumeari eskerrak emanda itzuli dira autora, baina ez dute aukerarik izan ez bidetxidorra zapaltzeko, ez lokatzik ote dagoen jakiteko.

–Hartu buelta –esan die ertzainak, Sakonetarako lehenbiziko bidegurutzean jarria duten kontrolean.
–Baina gu hortik aurrera bizi gara –esan du Uxunek.
–Ze baserritan?
–Baserrian ez, kanpadendan bizi gara hor, belardi batean –Naiarak.
–Osabak utzi digu, oporretarako –erantsi du Uxunek.
–Ezin da inor pasatu –bota die ertzainak berriz ere–. Goiko aginduak dira.
–Baina mendira joatea ez al da libre?
–Beste mendi asko dauzkazue kanpatzera joan nahi baduzue. Hemen ez.

Zirkinik egin gabe bota die hori dena ertzainak eta, amore emango ez duela nabaria bezain nabarmena den arren, esan eta esan jardun dute neska biek beste puska batean, agintearen kutixiak otxan-otxan onartzen dituztenik pentsa ez dezan edo. Azkenean, baina, ospa egin behar izan dute handik, oihuka gainera: “Ez, ez, ez, AHTrik ez!”. “Txikitzaileak txikitu!”.

–Eta orain zer egin behar dugu? –galdetu du Naiarak.
–Jo, tia, seguru mendiz mendi badagoela ailegatzea, pista batetik edo nonbaitetik.
–Ya. Baina nori galdetu behar diogu bidea? Zipaioei?
–Ainhori deituko diot. Aber ailegatu diren.
–Edo Markel non sartu den. Ze, berak badauka Markelen telefonoa, ez?

Erantzun

Sartu