Teknologia albisteak

Sakoneta (17): Lehendakaritzako prentsa-aretoa gainezka dago

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-05 : 10:01

Lehendakaritzako prentsa-aretoa gainezka dago, baina gaur ez dator Patxi Lopez. Komunitate Autonomoko barne sailburu Rodolfo Aresek eta Espainiako barne ministro Alfredo Pérez Rubalcabak eman behar dute elkarrekin prentsaurrekoa; lehendik ere programatua zuten egun honetarako bilera, beren jardueren barrukoa eta ohikoa, baina aretoan nabari den berbaroak argi asko adierazten du egoeraren berezia, kazetarien jakin-mina, gizartean bertan suma litekeen ezinegonaren errainu datekeena.

Bi polizia-buruak ukalondotik helduta eta irribarrez sartu dira gelara, eta hizlarientzako tranpalera igo orduko hasi da galdera zaparrada: ETA itzuli al da? Erakunde terroristaren ekintza izan al da goizekoa? Ertzainen kontra prestaturiko inbuskada? Honekin hautsitzat jo ote liteke ezker abertzale politikoak abiarazitako prozesua? Espero al daiteke Batasunak tiroketa hori gaitzestea, edo gutxienez desmarkatzea? Nola erantzun behar du poliziak? Atxilotu al dute komandoa?

Bere irri mefistofelikoa egin du Rubalcabak, esku bietako hatz-mamiak elkarturik erantzuten hasi aurretik.

–Orain arte dauzkagun datuen arabera, pertsona isolatu bat da, desjabeturiko etxe batetik, epailearen aginduz egotzi behar zutenean, autoritateari aurre egin diona. Eztanda moduko bat entzun da etxearen barruan, baina informazioa prozesatzen ari gara eta oraindik ez daukagu aski datu baieztatzeko su-arma bat erabili den, ehizako eskopeta ere izan daitekeena, ala etxeko piroteknia hutsa, ala beste tramankuluren bat. Nolanahi ere, eta kautelazko neurri gisa, etxe hori, mendi artean dagoen baserri bakartua, inguratu egin dute segurtasun-indarrek, inork kalterik izan ez dezan.

Lehenbiziko berbaldian galdera potoloei txiri egin dienez, Aresi zuzendu zaizkio orain galderak: Egia al da Marmitte ETAra itzuli dela? Militante zaharren itzulera erakundearen gainbeheraren seinale ote da? Zergatik ez daude etengabeko zaintzapean kartzelatik irtendako terrorista arriskutsuak?
Bere maisuari begiratu dio Aresek, hitza hartzeko baimena eskatuz bezala, eta keinu gozo batez eman dio maisuak ikasleari onespena.

–Gure datuen arabera, Joxe Garmendia ezizenez Marmitte da etxe horretako bizilaguna, eta etxea husteari uko egin diona. Egia da ETAko kidea izan zela Garmendia, 1977an atxilotu zutela, eta zigorra osorik bete ondoren 1995ean atera zela kalera. Geroztik, bai Ministerioaren bai Barne Sailaren informazioaren arabera, Marmittek ez du delituzko jarduerarik egin, ezta erakunde terroristarekin berriz harremanetan sartzeko ahaleginik ere. Alde horretatik, lan ildo guztiak zabalik dauzkagun arren, gure hipotesi nagusia da burutik nahastutako pertsona baten aurrean gaudela. Baina berriro diot, diogu, aukera guztiak daude zabalik.

Beste galdera zaparrada bat erori da: ETA AHTren kontra ari dela baieztatzeko beste zantzurik badago? Urtebeteko isilpeko su-eten baten hausturaren aurrean ote gaude? Ze protokolo aktibatu dira jarduera terroristaren berragertze posible bati begira?

Erantzun

Sartu