Teknologia albisteak

Sakoneta (11): Batetik bestera ibiltze hori zer da: ihes egite bat?

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2010-12-30 : 10:12

uzt. 2 13:45
–Batetik bestera ibiltze hori zer da: ihes egite bat? Gogobeteko zaituen leku bat aurkitu arteko bilaketa?
–Nomadismoa beti izan da gizakien bizimodua.
–Bai, baina behar konkretu batzuetatik sortua: ardientzako larre nahikorik ez zegoelako transhumantzia, eta abar.

–Alderantziz ere esan liteke: nekazaritza asmatu zutenean, lur puska bati loturik egotera kondenatu zirela gizon-emakumeak.

–Alderdi horretatik ere ikus liteke, bai.

–Espeziearen historian nomadak zaharragoak dira, eta ugariagoak izan ziren sedentarioak baino.

Norah Jonesen diskoa amaitu da Audi A3aren musika-aparatuan. Dire Straitsen gitarrak entzuten dira orain bolumen txikian.

–Tira. Zuk arrazoia. Hala ere, zergatik aukeratu duzu zuk nomada izatea, jakinda sedentarismoak badituela abantaila praktiko batzuk?

–Ba, abantaila praktiko horiekin batera, hainbeste gustatzen ez zaizkidan beste aje batzuk ere badituelako.

–Adibidez?

–Ba, egunero aurpegi berberak ikusi beharra, paisaia berbera, egunero gauza berberak egitea... Jakinda munduan beste jende, beste paisaia, beste bizimodu asko daudela, hor geldituz gero ezagutzera iritsiko ez zarenak.

–Munduaren infinituan, beti izango dira gehiago ezagutzen ez dituzunak, ezagutuko dituzunak baino.

–Dudarik gabe, baina bakar batera mugatzea zeure burua zikiratzea bezala da.

Irri txiki bat egin du gizonak, bururatu zaiona isilduz. Ez du asko iraun berriz ekin aurretik.

–Hala ere, beti mugituz ibiltze horrekin ere mugatzen duzu zeure burua, ezta?

–Seguru asko bai. Baina ze zentzutan?

–Noizbait pentsatuko zenuen zeure etxea izatea, landare batzuekin, txakur batekin beharbada. Seme-alabak izatea eta haiek zaintzea... Ez dut esaten derrigor hori hobea denik, baina aldez aurretik uko egiten diozu aukera horri.

–Ez diot uko egin. Ez guztiz behintzat. Oraingoz ez nau konbentzitzen. Edo ez dut topatu behintzat, bertan geratzeko bezainbat gustatuko zaidan lekurik, harekin luzaroan bizi nahiko nukeen pertsonarik. Ez dut esaten ez dagoenik, ez zaidala tokatu baizik.

–Eta tokatuz gero, nomadismoa uzteko prest egongo zinateke?

–Askatasuna uzteko askatasuna daukagu?

–Galdera ona, baina ez diozu nireari erantzun.

–Jarri beste musika bat, zure garaiko karroza hauek edonor aspertzen dute eta.

Erantzun

Sartu