Teknologia albisteak

Sakoneta (5): "Hortik ez da kotxea sartzen"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2010-12-24 : 10:12

uzt. 2 09:45

- Hortik?

- Bai, bai, hortik.

- Hortik ez da kotxea sartzen.

- Badakit. Baina ez dago beste biderik.

- Eta oinez joan behar dugu?

- Hala joan izan gara gu orain arte.

- Joder.

Denak jaitsi dira ertzaintzaren patruila-autotik, bidexendra estuaren hasieratik sumatzen den lokatzari errezeloz begira. Obretako arduraduna, bidea ezagutzen duena, aurretik abiatu da eta, sasi batzuk apartatu ondotik, dei egin die atzean geratu direnei.

- Bagoaz ala ez goaz?

Haren atzetik segitu beste erremediorik ez dute izan bi ertzainek eta epaitegiko idazkariak, marmarka eta purrustaka.

- Eta tipo hori hor bizi da beti?

- Bertatik atera ere egin gabe, ia-ia.

- Joder, badiagu beste pitzatu bat.

Kontuz doa idazkari judiziala, harriz harri saltoka, galtza-barrenei garbi eutsi nahian. Ertzainek plisti-plasta joatea hobetsi dute. Obretako enkargatuak ezagun du bidetxidorra gehiagotan ere ibilia duela.

- Baina desjabetza egina dago, ezta?

- Bai, bai. Jabea anaia da, Inaxio Garmendia, Tolosan bizi den kontratista bat, eta harekin ez da arazorik izan.

- Zoro honekin bai.

- Ez dio inori kasurik egiten. Bidalitako karta eta agiri guztiak zabaldu gabe bueltatzen ditu, edo etxe aurrean botata utzi, ukitu ere egin gabe. Jakinarazpenak aurrez aurre egitera joan eta ezin.

- Nola ezin?

- Inork ez du atea zabaltzen. Bertan ez balego bezala. Baina badakigu bertan dagoela.

- Bijilatua daukazue...

- Bai. Baina berak gu ere bai, seguru asko.

Hori esanda gelditu egin da enkargatua. Atzekoak ere bai, geroxeago. Albotik pasatzen den errekastoaren hotsa aditu da bat-bateko isiltasunean.

- Hori da baserria.

- Joder. Zulo horretan bizi egin behar da gero!

- Ya. Baina tipoak ez du alde egin nahi.

- Hortaz, gure lana, atea botatzea?

- Eta tipoa derrigorrean ateratzea, onean irten nahi ez badu txarrean.

- Joder.

Erantzun

Sartu