Teknologia albisteak
2

Gazteei zuzendutako kultur egitaraua Donostian, euskararen egunera begira

Erabiltzailearen aurpegia
Donostiako Euskararen Udal Patronatua
2010-10-30 : 14:10

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunari begira, urriaren bukaeratik abenduaren 10era bitartean, bereziki gazteei zuzendutako programazioa dago Donostian. Kontzertuak, hitzaldiak, bertso saioak, antzezlanak, eta filmak egongo dira Euskarak milaka aurpegi, milaka ahots programaren barruan.

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak eta erakunde eta hiriko eragile ugarik elkarlanean atondu dute egitaraua. 50 erakunde eta elkarte baino gehiago aritu dira elkarlanean euskarazko kultur egitarau zabal hau prestatzen.

Gazteentzako egitarau anitza

60kultur ekintzatik gora antolatu dira. Musika kontzertuez gain (Bide Ertzean, Esne Beltza, Zea Mays, Kepa Junkera, Ttakun ttan ttakun txalaparta ikuskizuna…), hitzaldiak ( teknologia berriak, historia edota gizarte gaiekin lotura dutenak) bertso saioak, antzezlanak (talde profesionalak zein gazteez osaturiko talde amateurrak), euskarazko filmak (euskarazko bertsioan zein azpidatzita) edota literaturarekin loturiko jarduerak eskainiko dira.

Euskarak milaka aurpegi, milaka ahots mosaikoa

Programazio hau osatuz, Nik ere euskaraz, guk ere euskaraz eta beste hamaika aldaera hartzen dituen lelo mutantearekin gazteen artean euskararen erabilpena sustatzeko kanpaina jarri dugu abian.

www.nikereeuskaraz.net webgunearen bidez kanpainarekin atxikimendua adierazten duten pertsonen argazkiekin osaturiko mosaiko bat egingo dugu: Euskarak milaka aurpegi, milaka ahots. Norberak bere argazkia webgunean kargatu ahal izango du aurretik bat egin duten gainontzeko pertsonen argazkiekin batera. Norbakanakoaren konpromisoa bilatzen du ekitaldi honek, euskara erabiltzeko konpromisoa alegia.

Dena den, elkarte, klub edota taldeek ere parte hartzea posible izango dute www.gukereeuskaraz.net helbidean.

Atxikitu zu ere!

Erantzunak

Eneko
2010-10-30 : 17:30

Kuriosoa da Igor Elortza eta Jon Maia jartzea web helbidean (gukereeuskaraz.com) esanaz "Bertsotan ere euskaraz!". Beste hizkuntzaren baten egiten da euskaraz ala? Bertsoen (munduko beste hainbat tokitako ahozko inprobisazioa aintzat hartuz) euskalduntasuna ukaezina da ezta? Zergatik ez jarri hor beste artista batzuk, erdaldunagoak?

Jon
2010-11-03 : 15:19

Repentistak eta payadoreak bertsolaritzat hartzen dira, ta kasu honetan Uruguay eta Kubatik datoz Euskararen Nazioarteko Egunean parte hartzeko, nahiz eta erderaz aritu.

Erantzun

Sartu