Teknologia albisteak
1

Gi2.0 Elkarlanean prozesuan, mintegi irekia: Euskal edukiak eremu globalean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-09-23 : 11:09

Datorren asteazkenean, irailak 29, asteazkena Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako “GI2.0 Elkarlanean” partehartze prozesuaren barruan jardunaldi ireki bat izango da (Euskal edukiak eremu globalean) Donostiako Miramongo parke teknologikoan.

Euskal edukiak eremu globalean

Euskal edukiak eremu globalean

Mintegi horretako programa hau da.

  • 9’15etan: Harrera
  • 9’30etan: MARKEL OLANO, Gipuzkoako Diputatu Nagusia
  • 9’45etan: Vicent Partal, Katalunia, Vilaweb-eko zuzendaria, Hitzaldia
  • 10’30etan: MAHAI INGURUA eta SOLASALDIA: “Euskal edukiak eremu ekonomiko eta legal globalean: aukerak eta erronkak.
  • Amaiera: 12ak aldera

Tokia mugatua da, eta baieztapena eskertuko da: 943 112 880 telefonoan edo gipuzkoa20 a bildua gipuzkoa.net helbidean.

Gi2.0 Elkarlana

Gi2.0 Elkarlanean prozesuari dagokionez, hurrengo asteetan zenbait lantalde elkartuko dira ildo desberdinetan azterketa komunak egiten saiatzeko. Gipuzkoa 2.0 ekimenetik zabaldutako dokumentazioaren arabera, jarrera "patrimonialistak alboratu eta inplikaturiko eragile guztien arteko parte hartzearen aldeko apustua" egin dute: Kultur enpresak, eragileak, sortzaileak, blogariak, hedatzaileak, erabiltzaileak... Lantaldeetan elkarturik, esparru hauetan jardungo dute:

  • Teknologiaren aukerak euskararen normalizazioan.
  • Euskal liburua eta letrak.
  • Euskal musika
  • Jakintza eta edukiaren kudeaketa.

Gipuzkoa 2.0 ekimenaren barruan kokatzen dira mintegi hau eta hausnarketa prozesua. Programa horrek hiru jarraibide hartzen ditu:

  • Gipuzkoako eta euskal kultur ondarea zaindua eta zabaltzea.
  • Kultur ondarearekiko arreta aktibatzea sozializazio sistematikoaren eta IKTen bidez.
  • Kultur enpresen ekosistema sustatzea.

Halaber, euskararen presentzia eta erabilera arlo guztietan bizkortzea azpimarratzen da Foru Aldundiaren 2007-2011 Kudeaketa Planean (PDF dokumentua).

Helburu hauek lortze aldera, bere baitan lau lan ildo nagusi ezarri dituzte:

  • Edukien eskuragarritasuna bermatu: teknikoki zein legalki.
  • Zerbitzu baliabideak sortu: produktu berrien sorkuntza erraztu dezaketen oinarri teknologikoko baliabideak.
  • Laguntza deialdiak sustatu: Arreta eskuratzeko gaitasuna izango duten proiektuak laguntzea.
  • Elkarlana indartu eta zabaldu: guztionak diren arazo eta erronkei auzolanean erantzun.

Erantzunak

Sustatu
2010-09-27 : 17:25

Joan den astean ez zuten zabaldu egitarauan den mahainguruan nor egongo den, baina gaur egin dute publiko hori ohar batean. Pili Kaltzada moderatzaile dela, Jon Artatxo, Elena Laka eta Hasier Etxeberria izango dira mahainguruan, gai honetaz jarduten: Euskal edukiak eremu ekonomiko eta legal globalean: aukerak eta erronkak.


Erantzun

Sartu