Teknologia albisteak

Etxeko goxoa edo infernua

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-09-21 : 17:09

Astearteak gorakada bat eskaini digu Zinemaldiko sail ofizialean, munduko film apartenak izan gabe ere goraipatzeko asko baitute gaur ikusi ditugun biek: Home for Christmas ("Hator, hator" itzul genezakeena, Hjem til jul), Bent Hamer norvegiarraren gabon giroko film korala, batetik, eta Elisa K (trailerra itsatsita), umetako bortxaketa batek luzera eragindako ondorio psikologikoei buruzkoa, Judith Colell eta Jordi Cadena katalanena.

Gabonetako ipuinen tradizioan

Gabonetako ipuinen tradizioan

Charles Dickens-ek abiarazitako Gabonetako ipuinen tradizioan koka liteke Bent Hamer-en film hau, bai gaiagatik, bai nolabaiteko helburu moralagatik ere; bestetik, berriz, Robert Altman-en Short Cuts edo hainbat hari gurutzatzen diren filmen sokari ere jarraitzen dio (zine-modu honen adibide bikain bat izan genuen iazko zinemaldian, Ana Kokkinos austrialarraren Blessed, merezi adinako oihartzunik izan ez bazuen ere).

Hamer-en filmak, Levi Henriksen-en ipuin liburu batean oinarrituz, hainbat istorio kontatzen dizkigu, paraleloki oro har, eta elkarrekin txirikordatuz inoiz edo behin: bere maitalea emaztearengana doala-eta bakarrik sentitzen den andrea, etxera bidean doan eskalea, dibortziatu eta gero emaztea ohia eta seme-alabak faltan botatzen dituen gizona... Xumeki kontatuz doa zuzendaria, piltzelkada doiekin apurka aberastuz trama bakoitza, espanturik eta nabarmenkeriarik gabe baina sinesgarritasunez.

Istorio gazi-gozoak dira, nahiz eta aurrera egin ahala gazitik gozora egiten duela sumatuko dugun, berak ere Eguberrien espiritu baikorrean sinetsi nahiko balu bezala. Hala ere, bere gozoa ez da eztikeriara iristen, ezta drama tragediara ere. Berrikuntza izugarririk egin gabe ere, film eder eta gustagarria.

Bortxaketaren trauma geroratua

Aurten katalanen urtea balitz bezala, Pasqual Maragallen alzheimerrari buruzkoaren ondoren ikusten dugun katalanezko bigarren filma da Elisa K, eta beste bat ikustekoa dugu bihar, Agustí Villarongaren Pa negre. Zorionak, eta ea guk ere horrenbesterako merituak egiten ditugun noizbait.

Elisa K ere ipuin batean oinarritua dago: Lolita Bosch-en Elisa Kiseljak. Kutsu literario hori oso nabarmena da filmaren lehen parte guztian, non off-eko ahots bat ari zaigun uneoro kontatzen ikusten ari garen gauza bera (adaptazio zinematografikoei buruzko arau nagusia apurtuz, berariaz). Lehen parte hori zuri-beltzean dago filmatua, Michael Haneke-ren Zinta zurian bezala, irudiaren estetizismoa eta azpikoaren gordina kontrajarri nahiko balitu bezala: izan ere, Elisak 11 urte zituela, bere aitaren lagun batek bortxatu zuen, etxean bertan, inortxo ere ohartu gabe, eta berak ere isilik gorde zuen gertaera, itxuraz ahaztu zuen arte.

Bigarren partean, berriz, off-a desagertuta eta koloretan, handik hamalau urtera Elisak dena gogoratzen dueneko unea eta ondorengoak kontatzen dizkigu. Azpimarratzekoa da bortxaketa bera ez dugula ikusiko, eta aldiz gogortasun osoz deskribatzen zaigula hura gogora itzultzen zaioneko unea. Film interesgarria, baina amaiera aldera minutuak sobratzen zaizkiola sumatzen dugu, nahiz eta izatez laburra izan.

Erantzun

Sartu