Teknologia albisteak
1

Mundu paraleloak

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-09-18 : 19:09

Atzoko inaugurazioaren ostean, hiru film izan ditugu larunbat honetan Zinemaldiko sail ofizialean, maila txukun batean baina zein baino zein diferenteago, unibertso berean bizi diren mundu paraleloak balira bezala: frankismo garaiko marrazkilari baten pikareska, sadismozko norgehiagoka bihurtzen den mendeku korearra, eta bikote europar burges heldu baten kezka existentzialak. Zinemaren magia eta pribilegioa, ordu gutxitan batetik bestera salto egin ahal izatea.


Promoziokoa. El Gran Vazquez.

Torrentismotik ezin ihes egin

Torrentismotik ezin ihes egin

Manolo Vazquez orain dela 50-40 urteko tebeo-marrazkilari handienetakoa izan zen Espainian (Ibañez gaztexeagoak titulua kendu zion arte). Berak sortuak dira berrogei urtetik gorako irakurle hegoaldetar guztiek gogoratuko dituzten komikietako hainbat pertsonaia: Las hermanas Gilda, La familia Cebolleta, Anacleto agente secreto, Rue del percebe 13... Ez da hain ezaguna, ordea, Vazquez, eguneroko bizitzan, pikaro hutsa zela, bizizale lotsabako bat, zorrak eta gezurrak alde guztietan uzten zituena, aldi berean familia bat baino gehiago izan zuena, Bruguera argitaletxearekin sesio etengabean zebilena, bere estafak zirela-eta behin baino gehiagotan kartzelan egona.

Pertsonaiaren bikoiztasun horri tiraka, hura txikitan ezagutu izan zuen Oscar Aibar zuzendariak El gran Vázquez (Vazquez handia) burutu du, desarrollismoaren garaiko Bartzelona giroturiko film biografikoa. Denbora eta giro jakin baten erretratua den aldetik salbatzekoa da pelikula, kostunbrismo gehiegi darion arren; artista ganorabakoaren eta kontable gris aluaren arteko talka ere interesgarria da, karikaturazko kutsutik ateratzen ez bada ere; baina nire ustetan oinarrizko elementu zentralean egiten du huts: protagonistan.

Izan ere, Santiago Segura komiko espainiar ospetsuak egiten du Vazquezena. Horrek, beharbada, amu komertziala eskainiko dio filmari publiko zabalari begira, baina nik uste ikusleak ezin duela burutik uxatu Torrente polizia zoldatsuaren oroipena, eta lotura hori zama bihurtzen da komedia gazi-gozo honentzat, bigarren mailako aktoreak, tebeoaren erregistro horretan betiere, ondo dauden arren.

Mendeku eta bortxazko eldarnioa

Akma-Reul bo-at-da (I Saw the Devil edo Deabrua ikusi nuen), horra eguneko bigarren proposamena, Kim Jee-Woon zuzendari hegokorearrak egina. Hiltzaile serial batek neska gazte bat hil du, ankerkeria izugarriz; haren senargaia polizia sekretuko kidea da, eta lanbidea utzita hiltzailea bilatu eta mendekatzeko promesa egiten dio bere buruari, eta neska zenari. Filmaren erdiraino, psikopaten bilaketaren thriller bat ikusten ari garela dirudi, film amerikarretan bezala, indarkeria eta odol gehixeagorekin bada ere.

Erdi paretik aurrera, ordea, beste kutsu bat hartzen du istorioak: zoroagoa eta sadikoagoa, nolabait esateko. Psikopataren eta polizia sekretuaren artean norgehiagoka bat sortuko da, nor bortitzago, nor bihozgabeago, eta ikuslea sustoz susto daramate amaieraraino.

Ez dakit mendekuari, bortxari edo Gaizkiari buruzko gogoetarik eragin nahi zuen baina, nolanahi ere, intentsitatez beteriko ikuskizuna lortu du Kim Jee-Woonek, zuzendari korear bikainen zerrendara erantsi beharreko egile honek (Park Chan-Wook gogorarazten du, biak ere mendekuaren eta bortizkeriarekin interesatuak). Ikusle dexente izan dira filma amaitu aurretik aretotik atera direnak, eta beharbada egia da terrorezko zinema asterako aproposagoa izan zitekeela, baina ezin ukatu erritmoz eta giharrez dagoela kontatua istorioa, bere bi ordu eta hogei minutuetan zehar.

Hoztasun europarra

Berrogeitaka urte elkarrekin daramaten bikoteak aspertuta ikusi izan ditugu sarri zineman, ozpinduta bestela, higuinduta ez gutxitan. Anita (Senta Berger) eta Fred (Bruno Ganz, "Hondoratzea" filmean Hitlerrena egin zuena) aski modu harmonikoan iritsi dira honaino, bidean gorabeherak izan dituzten arren, baina senarrari prostatako minbizia diagnostikatu diotela-eta, amaiera hurbiltzen sumatu eta hari aurre egiteko ikuspegi desberdinek krisi bat sortuko dute bien artean.

Horra Satte Farben vor Schwarz (Kolore guztiak iluneraino) filmaren abiapuntua. Bikote burges heldu baten egunerokoa ikusiko dugu, zertan ematen duten eguna, seme-alaba eta bilobekiko harremanak eta abar. Itxuraz, drama bat kontatu ordez bizitza-puska bat azaldu nahi digu Sophie Heldman zuzendariak, espanturik eta gehiegikeriarik gabe, Europako zibilizatuenean baikaude, azken batean, baina apur bat hotz eta geldoa gertatzen dela aitortu behar. Europa zibilizatu hori bezala, agian.

Krisiaren ebazpena serenitateranzko itzulera bat izango dela dirudi, baina amaieran egiazko ustekabea dauka zuzendariak gordea; hortik aurrerakorik ez noa esatera, ordea, bestela zertan geratuko litzateke ustekabea?

Erantzunak

Elena
2010-09-18 : 22:12

Pelikula korearrari izan da umore puntuak ere ikusi dizkionik! Nik ez behintzat, bukatu baino askoz aurretik aretotik irten diren horietako bat izan naiz.Ezin halako biolentzia eta sadismo esplizitua begien aurrean agoantatu.



"Satte Farben vor Schwarz" oso hotza, Europa perfektu eta zibilizatuko hoztasuna. Zelan zen Orson Wellesek "El tercer hombre"n esaten zuen hura: Suiza, 200 urteko demokrazia, eta zer asmatu dute? Kuku-erlojua.

Erantzun

Sartu